Oombulgurriko komunitatea (Kimberley, Australia), 1926ko ekainaren 1a. Aborigenen aurkako “Forrest Riverreko sarraskia” deritzona abiatu zen; izen hori zeukan garai hartan Oombulgurri eremuan zegoen misio anglikoanoak.
Maitzaren amaieran, Lumbia izeneko aborigen batek Frederick Hay kolonoa hil zuen, bere emaztea bortxatu zuelako mendekua hartuta. Hilketa hura izan zen aborigenen aurkako ehiza abiatzeko aitzakia. Baina ordurako tentsioa nabarmena zen. Aborigenei lurrak kentzen zizkieten, Forrest River bezalako misiotan sartzen zituzten eta eremu haietatik ateratzea galarazten zieten. Tyler Biscontini historialariaren hitzetan: “Gobernuak etengabe urratzen zituen aborigenen eskubideak”.
Hayren hilketak hauspotuta, poliziez eta kolono txuriez osatutako talde batek bere gain hartu zuen Lumbia atzematea. 18 egunen buruan 30 aborigen atxilo hartuta itzuli ziren Wyndham hirira. Baina zigor espedizio hartan gizon emakume eta haur mordoa ere hil zituzten, eta, atxiloketen ondoren ere, sarraskia beste hilabetez luzatu zuten. Horretarako propio eraikitako labeak erabili zituzten gorpuak erre eta desagerrarazteko. Biktimen kopuru zehatza jakitea zaila da horregatik, baina guztira 300dik gora izan zirela diote ikerlariek. Baina, lehen polizia txostenaren arabera hildakoak soilik 16 izan ziren, eta 1927ko Errege Batzorde batek kopurua 11ra jaitsi zuen.
“Sarraskian Poliziak aborigenak hil zituen eta, orain, azken 10 aborigen horiek egozteko, Poliziak berriro indarkeria erabili du. Tristea da komunitate desjabetu eta zapaldu horietan indarkeria patroiak nola errepikatzen diren ikustea”
Patruila hiltzaileko James St Jack eta Denis Regan kideen aurka karguak aurkeztu zituzten hasieran. Baina, Kate Auty ikerlariak azaltzen duenez, “sarraskiaren ondoren, isiltasun konspirazioa zabaldu zen. Lekukoak desagertu ziren. Bi polizien aurkako karguak bertan behera utzi zituzten, nahikoa froga ez omen zeukatelako”.
2005ean Oombulgurri izena berriro azaldu zen tokiko komunikabideetan, oso denbora gutxian bost kide hil zirelako, horietatik lau beren buruaz beste eginda. Eta 2007an hiru kide auzipetu zituzten haurren aurkako sexu abusu larriak leporatuta. Orduan, txosten ofizial bat osatu zuten, eta komunitatea krisi sakonean zegoela ondorioztatu zuten: alkohola, emakumeen aurkako indarkeria, sexu abusuak, antolaketarik eza… Oombulgurri guztiz abandonatuta zeukaten.
Eta Australia mendebaldeko agintariei bururatu zitzaien irtenbide bakarra komunitatea ixtea eta bertakoak egoztea izan zen, arazoak inguruko komunitateetara zabalduta. 2011n, Oombulgurrin erresistitzen zuten azken 10 biztanleak indarrez bota zituen Poliziak.
Amnesty Internationaleko Tammy Solonecen hitzetan, “sarraskian Poliziak aborigenak hil zituen eta, orain, azken 10 aborigen horiek egozteko, Poliziak berriro indarkeria erabili du. Tristea da komunitate desjabetu eta zapaldu horietan indarkeria patroiak nola errepikatzen diren ikustea”. Sarraskiaren zauria sendatzen lagundu ordez, mende bat geroago, gatza botatzen jarraitzen dute.