“Errealitatearen eta fikzioaren artean jolasean aritu naiz”

  • Urtarrilean Xilabako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi eta hilabete eta erdi geroago argitaratu du Zaldi bat (Txalaparta, 2026) eleberria Maddi Ane Txoperenak (Hendaia, Lapurdi, 1994). Hirugarrena du dagoeneko, eta kontaera zatikatuan sakondu du oraingoan, zehaztasuna eta elipsia doi-doi orekatuta, laguntasuna, dolua, amatasuna, sexua, eta gure leku-denboretan garena izatera garamatzaten beste hamaika gai aztertzeko. Lesakan (Nafarroa), bere bizilekuan batu gara berarekin; etxeko sukalderaino sartzeko eman digu aukera.

    Ekainaren 6an, larunbatez, Ziburuko Azokan aurkeztuko du nobela, 18:30ean.

Irantzu Pastor / ARGIA CC BY SA
Irantzu Pastor / ARGIA CC BY SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Txapela eta liburuaren argitalpena, biak etorri zaizkizu aldi berean. Zelan ari zara bizitzen hori guztia? Eta, zeure baitan, zer zara gehiago egunotan: idazlea edo bertsolaria?
Alde batetik, oso eskertua nago jendea egiten ari den harreragatik, jasotzen ari naizen arreta guztiagatik, zorion-mezuengatik… Baina, bertze alde batetik, ez dut oso ongi eramaten hainbertzeko esposizio publikoa, hain denbora laburrean kontzentratua. Txapelaren osteko elkarrizketa guztiak eta gero, bizitza normalera itzultzen ari nintzela, liburuaren argitalpena, aurkezpenak… Uste dut azken asteetan bertsolari edo idazle baino ia gehiago ari naizela sentitzen hizlari edo predikatzaile, eta ez da gehien gustatzen zaidan arloa. Bestalde, badakit beharrezkoa dela, literaturari dagokionez, azken finean, zuk saldu behar duzulako zure liburua.

Hainbat alderdi, istorio, pertsonaia jasotzen ditu Zaldi bat-ek. Zein izan zen liburuaren hazia?
Batez ere, hiru abiapuntu izan nituen: lehenbizikoa, Unairen pertsonaia bera. Pertsona erreal bat izan nuen inspirazio-iturri, Joxe Angel Zubiria (Lesaka, 1972-2019), eta hasiera batean pertsona hori zen gaia, hura pertsonaia bihurtzeko nahia. Bigarren ardatza zen lagun baten heriotza, eta horrek dakarren guztia. Eta, hirugarrenik, dolu hori bera, modu zehatzagoan.

Edonola, hiru ardatzak neure baitan izan arren, izan nuen blokeo momentu luze samar bat, harik eta zer idatziko nuen, eta nora iritsiko nintzen jakin gabe idazten hasi nintzen arte. Tonu eta estilo desberdineko atalak sortu nituen, eta horrek eraman nau gero txatalez osatutako nobela idaztera. Hortaz, lanaren forma ez da hautu kontzientea izan. 

"Azken asteetan bertsolari edo idazle baino ia gehiago ari naiz sentitzen hizlari edo predikatzaile"

Halako zerbait hurbilago egon daiteke errealitatetik modu guztiz lineal eta uniformean kokatutako zerbait baino, ezta?
Irakurle batzuk ari zaizkit hori nabarmentzen: dolua eta memoria berauek horrelakoak direla, zatikatuak. Ez zarela oroitzen zerbaitez modu lineal eta guztiz ordenatuan, baizik eta etortzen zaizkizula memoria-puskak. Doluak ere etenak izan ditzake, momentu batean egon zaitezke hor, gero apaldu egin daiteke, eta berriz etorri… Hau da, forma egokitu zaio edukiari, nahiz eta nik ez dudan batere modu kontzientean hori bilatu.

Irantzu Pastor / ARGIA CC BY SA

Abiapuntuak nahiko autobiografikoak izan dira, ezta? Zelakoa izan da hori fikzionatzeko prozesua?
Hasieran, Unairen jatorria izan den pertsona neukanean burutan, ez nekien sobera ongi zer egin berarekin. Figura interesgarria iruditzen zitzaidan, bere argi-itzalak zeuzkalako eta jende guztiak zeukalako hari buruzko iritzi bat. Hala, aukera bat izan zitekeen bere biografia-liburu bat idaztea, adibidez. Baina sortzaile gisa ez zitzaidan bereziki motibagarria iruditzen. Orduan, pentsatu nuen fikzio bilakatzea, eta, horretarako, aukera desberdinak pasa zitzaizkidan burutik. Bilaketa horretan ari nintzela agertu zitzaidan zaldiaren istorioa, zaldi bat topatu eta harekin harremana izaten hasten den beste pertsonaia horrena, hau da, Mirenena.

Istorioan, batetik, Unairen pertsonaia oso identifikagarria da Zubiriaren pertsonarekin, ezagutu zuten pertsonek erraz ezagutzeko moduan. Baina, aldi berean, fikzio bihurtu dut, eta, ondorioz, badaude pasarteak errealitatearekin oso estu lotuta daudenak, bertze batzuk ez daukatenak harekin inongo loturarik, eta nahasketa direnak ere bai. Errealaren eta fikzioaren artean jolasean aritu naiz, betiere jakinda erreala den hori ere neure filtrotik pasatutako errealitatea dela.

Nobela korala dakarzu. Zelan heldu zara horraino?
Nire galdera, lan hau idazterakoan, zen nola lortu daitekeen biltzea pertsona baten izatea edo arima liburu batean. Kezka hori agertzen da liburuan, Arazo epistemologikoak izeneko atalean: nola ezagutu pertsona bat ehuneko ehunean? Bada, nik uste dut ezinezkoa dela. Eta hau izan da ariketa hori literaturara eramateko modu bat. Jakinda ezinezkoa dela norbaiten osotasuna biltzea, ahalik eta ikuspuntu diferente gehienetatik joan naiz osatzen pertsona izan den hori, edo, behintzat, horra hurbiltzen. Zaldiaren istorioan, adibidez, Mirenen oroitzapenetatik ari gara, baina, beste pasarte txikiagoetan, Unai bera da hitz egiten duena. Bertze zati batzuetan, berriz, modu metaforikoagoan ageri da.

Horrez gain, egia da ez naizela gai esateko zein den liburuaren protagonista. Miren ahotsa da, baina ez dakit protagonista den. Unaiz ari gara, baina, aldi berean, bera ez dago. Zaldia ere pertsonaia izan daiteke, baina ez dugu argi erreala den edo Mirenen buruan dagoen… Eta, gero, batzuek aipatu didate Lesakako herria bera dela pertsonaia bat. 

"Liburuaren gaineko irakurketen barruan, nik izan dezaket nirea, baina nahiago dut irekia utzi"

Diostazunez, badirudi zuk ere ez daukazula irakurketa itxi bat zure lanaren gainean.
Egia da. Idazten ari nintzen heinean ere hala zen, eta gustatzen zait hori. Zaldiaren figura, esaterako, uler dezakezu modu diferentetan, eta uste dut horretan eragina duela norberak espiritualtasunarekin daukan harremanak. Irakurketa horien barruan, nik izan dezaket nirea, baina nahiago dut irekia utzi.

Irantzu Pastor / ARGIA CC BY SA

Dolua da lanaren ardatzetako bat, eta protagonistak berak ere idazketa darabil, besteak beste, hari aurre egiteko. Zelako dolua ageri da liburuan, eta zelan egiten zaio aurre?
Hasteko, definitu gabeko dolua da. Badaude dolu batzuk zehaztuago daudenak: bikotekidea, senarra edo emaztea hiltzen bazaizu, alargun gelditzen zara. Gurasoa hiltzen bazaizu, umezurtz. Nahiz eta inoiz bizi izan ez, buruan daukazu zer izan daitekeen hori; inondik inora gutxietsi gabe, jakina. Baina lagun baten heriotzaren doluaz uste dut ez dugula hainbertze hitz egin, ez dagoela hain sailkatua, laguntasuna bera hain sailkatua ez dagoen heinean. Instituzionalizatu gabeko harremana da, kuadrilla kenduta, agian. Baina, gero, lagun pila bat dauzkazu, eta ez dago ranking bat haien artean. Lagun mina erran dezakezu, baina anbiguo samarra da. Eta, normalean, adibidez, lagunekin ez duzu mozten harremana, modu esplizituan, bikote harreman batean egingo zenukeen eran. Ondorioz, lagun baten heriotzarekiko dolua ere halakoa da: sailkatu gabea. Horrek, Unairekiko harremanaren nolakotasunarekin batera, eragiten dio Mireni ez jakitea non kokatu bere dolua, eta nola kokatu bera dolu horrekiko.

Horrez gain, Mirenek ez dio doluari lekurik eman Unai hil eta segidan: aurrera segitu du bizitzarekin, eta alde batera utzi du dolua. Eta, justu umea jaio eta gero, apur bat askatzeko mendira joaten hasten denean, orduan azaleratzen zaio berriz, nahiz eta bost urte pasatu diren ja.

Bakardadea ere ageri da lanean.
Mirenek badu bakardade bat Unairen heriotzari lotutakoa, abandonu-sentsazio moduko bat. Uste dut dolua askotan hori dela: sentimendu ia egoista bat. Pena daukazu hil denarengatik, baina zuri eragiten dizun modua dela eta, bakarrik utzi zaituelako. Hutsune eta abandonu-sentsazio handia du Mirenek.

Bestalde, esango nuke bakardadea modu positiboan bilatzen duela. Mendira joaten hasten denean, bere buruarekin egoteko momentu bat da, eta, modu metaforikoan, Unairekin egoteko ere bai. Beraz, uste dut bi aldeak daudela. Bizi garen gizartean badago zarata handia, eta inportantea da bakarrik egoteko momentuak bilatzea, bai zeure buruarekin egoteko, bai sentimendu batzuei lekua egiteko.

Aldi berean, liburuan agertzen den legez, bakardadearekin lotuta dago idazketa ere, ezta? Zer lotura dago, zure kasuan, idaztearen eta besteekin edo bakarrik egotearen artean?
Uste dut biak behar dituzula. Behar dituzu bakarrik egoteko momentuak, kalitatezko denbora, kontzentratzeko eta testuan sartzeko. Baina, aldi berean, oso ekintza soziala da. Liburu honetako eskertzetan ageri da zenbat jendek lagundu didan; bai, alde batetik, liburuaren edukiarekin zuzenki lotuta –amatasunari buruz, edo Lesakako ostatuei buruz galdekatu dudan jendea– eta, gero, modu emozionalean ere. Zu zaudenean liburuaren kezkarekin buruan, korapiloak eta beldurrak sortzen zaizkizunean, beharrezkoa da ingurukoen babes emozionala. Nik uste dut hori gabe ezin izanen nukeela idatzi.

Irantzu Pastor / ARGIA CC BY SA

Eskertzetan Julio Cortázar aipatu duzu, besteak beste. Nor edo zer izan duzu inspirazio-iturri?
Hasierako blokeo-momentu horretan, ez nekienean oso ongi zer idatzi, gauza diferenteak irakurtzen ibili nintzen. Eta, zati txikiak idazten hasi nintzenean, batzuetan ibili nintzen jolasten, idazteko teknika ezberdinak erabiltzen. Eta horretan lagundu didate aipatzen ditudanek: Cortázarrek, Iñigo Astizek eta Unai Elorriagak. Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa, 2024) bikaina ere zatikatua da. Iñigo Astizen Monogamoak-ek (Susa, 2024) lagundu zidan ikuspegia zabaltzen-edo, ahots, tonu eta estilo oso diferentetan idatzitako liburua delako, jolasetik oso hurbil. Cortázarren ipuinei, berriz, zehazki bi gauza hartu dizkiet. Horietako bat da in medias res hastea kontakizuna; bestela esanda, istorioa jada hasita dagoenean. Eta, gero, Rewind atalerako hartu nuen La señorita Cora ipuinean erabiltzen duen idazteko modua, nirera ekarrita.

Istoriotxo horretako pertsonaiak Unai eta Miren izan daitezke, baina, aldi berean, ez dira… Nik liburuaren barruko metafora bezala ulertzen dut. Liburuko atal ulergaitzenetakoa da, agian, baina ez nau kezkatzen. Atal horiek ez daude erabat ulertzeko eginak. Interesatzen zitzaidana zen sentsazio bat sortzea irakurlearen baitan. Poema bat irakurtzen duzunean edo kantu bat entzutean bezala: igual ez duzu ulertzen zehazki sortzaileak esan nahi zuena, eta bakoitzak berea egiten du jasotzen duen horretatik. Baina eragiten dizu zerbait.

Menpekotasunak ere gai garrantzitsua dira liburuan: drogak bezala agerikoak direnak, eta ezkutuagoak; kirola, kasu.
Uste dut, modu batera edo bertzera, denek dugula menpekotasuna zerbaitekiko edo norbaitekiko. Drogen eta kirolaren horrekin nahiko obsesionatua nago azkenaldian, iruditzen zaidalako gaur egun badagoela horrelako sanismo-rako joera bat edo, eta oso kriminalizatuak daudela drogak, batez ere eguneroko kontsumoa. Egunero alkohola edatea oso gaizki ikusita dago, garai batean oso normalizatua zegoen arren. Eta ez dut apologiarik egin nahi, baina uste dut pasatu garela mutur batetik bestera. Hamarkada batzuetan, droga batzuen kontsumoa oso normalizatua egon da, eta orain pasatu gara bat-batean hori baztertzera. Eta, horren ordez, egin behar da kirola. Eta uste dut gauza batek ordezkatu duela bestea, eta kirola ere ez dugula batere modu osasuntsuan egiten.

Bestalde, drogaren agerpena Unairen pertsonaiari lotua dago. Kontsumitu egiten zuen, eta haren atzeko pertsona ere hala zen, eta horrekin ere izan ditut buruko minak. Irakurtzen ari diren eta Zubiria ezagutu zuten batzuek erraten didate: “Baina, ze gordina! Ze argi agertzen den droga kontsumitzen zuela!”. Eta nik pentsatzen dut: “Berak ez zuen ezkutuan egiten! Mundu guztiak zekien berak kontsumitzen zuela”. Baina hori liburu batean idatzita agertzea da bere izena zikintzen ariko bazina bezala. Eta uste dut horrekin badugula arazo bat: ezkutuan eramateko zeratzat dugu.

Gainera, gaur egun nagusitzen ari diren menpekotasun horiek ere badituzte arriskuak, oso lotuta daudelako gorputzaren kultuarekin: sano jan, kirola egin, guapo egon… Ez dut erran nahi kirola egitea txarra denik, baina modu horretan egitea… Eta horrek ekarri du gizartearen aldaketa bat ere, liburuan agertzen den moduan. Lehen ostatuek kristoren garrantzia zeukaten, elkartzeko lekua ziren. Eta orain, kiroldegiek betetzen dute funtzio hori.

"Drogen eta kirolaren horrekin nahiko obsesionatuta nago azkenaldian, iruditzen zaidalako gaur egun badagoela horrelako 'sanismo'-rako joera bat"

Gainera, elkartzeko modua ere askoz indibidualistagoa da, norbere buruaren hobekuntza delako jomuga.
Bai. Sustatzen direnak ez dira taldeko kirolak, baizik eta gimnasioko jardun indibiduala.

Lesakaren erretratua ere bada liburua. Zelan hartu du herriak?
Batetik, pixka bat kezkatzen ninduen benetako pertsona bat hartu izanak protagonista moduan, horrek jendearengan haserrea edo deserosotasuna eragin zezakeelakoan. Eta hori bai jaso dut: Zubiria ezagutu zutenek eta ni ondo ezagutzen nautenek erran didate zaila izan zaiela hurbileko pertsona baten inguruan irakurtzea. Eta bertze batzuek erran didate denbora guztian galdetzen ziotela beren buruari: “Hau egia da?”. Liburua asmakizun-ariketa balitz bezala. Uste dut ez gaudela ohituta gure intimitatea literatura egiteko material gisa erabiltzera, nobelaren generoan behintzat. Poesian, berriz, hori egiten baduzu, inor ez litzateke harrituko.

Horrek guztiak ematen zidan beldurra, eta, hori dela eta, argitaratu aurretik pasatu nien liburua Zubiriaren hurbilekoak ziren hainbat laguni, ziurtatzeko ez zutela arazorik kontatutakoarekin.

Uste dut hori errazten duela liburuaren muinean dagoen ikuspegiak, hau da, bakoitzak baduela errealitatearen bere bertsioa.
Hori da. Saiatu naiz pertsonaia erretratatzen, baina epai moralik gabe. Bere larruan sartuta, baina nire ikuspegitik, betiere; besterik ez baitut. 


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 7a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Euskal literatura kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Mirande

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...