‘Kruisina herri kuirola da’

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Pintada zoragarria agertu da Sanfran-en, Bilboko Gorte kalean, Hiruki Larroxak Bilbon duen egoitzatik oso gertu: “Kruisina herri kuirola da”. Pintadarekin kamisetak egiten dituzte Kuir Tees taldekoek enkarguz, eta gure uniformea bihurtu da egunotan.

Cruising ingelesezko maileguak erreferentzia egiten die gizonen arteko sexu harreman anonimoak espazio publikoan izateko praktikari eta horiek bilatzeko estrategiei. Hego Euskal Herrian bestelako hitzak erabili izan dituzte gure arbaso marikek: tuli-tuli Iruñean (Albina Stardusten abestiaren izena, bai!), la carrera Gasteizen, kankaneoa oro har gaztelaniaz...

Kruisinaren oinarrizko ezaugarriak nabarmentzen ditu J. Antonio Langaritak Barbarismos queer y otras esdrújulas liburuan: parte-hartzaileek ez dute elkar ezagutzen, ezta informazio pertsonalik trukatzen ere; marika komunitateak kruisin gunetzat dituen tren geltokietako eta zentro komertzialetako komunetan, parke, baso edota hondartzetan izaten da; eta gune horietan partekatutako kode batzuk errespetatzen dira.

Ligatzeko app-en garaian, kruisinak jarraitzen du subertsiboa, antikapitalista eta askatzailea izaten, sexualitatea askatzen duelako bikote monogamotik

Ondorioz, kruisina sexu praktika baino gehiago da. Kultura disidentea, praktika komunitarioa eta genealogia kuirraren funtsezko osagaia. Alex Espinoza idazle marika txikanoak bere liburuan eskutik garamatza XV. mendeko Florentziako kaleetatik XIX. mendeko Londreseko Molly House-etara (marika etxeak), azaltzeko kruisina Poliziaren errepresioaren ondorioz hedatu eta errotu zela, eta hala, sekretura eta beldurrera kondenatutako praktika, identitate ikur bihurtu zela.

XXI. mendean, ligatzeko app-en garaian, kruisinak jarraitzen du subertsiboa, antikapitalista eta askatzailea izaten, sexualitatea askatzen duelako bikote monogamotik, baita eremu pribatura (etxea edo autoa) eta komertzialetara (klubak) mugatzeko joeratik ere. Horregatik, instituzioek mehatxutzat dute, zehazki “gizalegearen kontrakotzat”, Bilboko Udalaren Espazio Publikoaren Ordenantzaren hitzetan. Litekeena da Hiruki Larroxari LGTBI+ diagnostikoa eskatu dion udal bateko udaltzainak parkeko kruisin gunean sarekadak egitea.

Halako kontraesanak agerian uzten ditugun bitartean, memoria historikoaren ildotik eman nahi diogu kruisinari merezi duen aitortza. Lekeitioko LGTBI+ genealogiak ikertzen ari garen honetan, adineko elkarrizketatu batek gogora ekarri ditu gaztetan herriko kruisin guneetan izandako sexu harremanak. Gogorarazi digu sexu askapeneko erresistentziak ez ditugula Sanfranen edo Maspalomasen soilik bilatu behar. Argi zuen Gorte kaleko pintaketa egin zuen horrek. Kruisina gure herri honetako k(u)irola da, zalantzarik gabe! 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Sexualitatea Gizartea
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.