“Euskararena auzi politikoa da, norbanakoen ahaleginarekin nekez erantzungo diogu”

  • Euskalgintzaren Kontseilua lan betean ari dela elkarrizketatu du ARGIAk Idurre Eskisabel. "Pizkunderako erronkak" aurkeztu berri dituzte eta ekainaren 13an Euskaltzaleon Martxara, Iruñera, joateko deia egina dute. Itxaropentsu dago Eskisabel, uste baitu "euskaltzaletasunaren begiradaren berritze bat" ari dela gertatzen.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kontseiluak, Euskaraz bizitzeko behar den dena lemapean, Iruñera Euskaltzaleon Martxara joateko deia egin du ekainaren 13rako. Zer da behar dena?
Behar guztiak aletzen hasiko bagina, gauza asko, baina ideia bat jarri nahi izan dugu erdigunean: urte asko daramatzagu Kontseiluak eta herritarrek Euskaraz bizi nahi dut aldarrikatzen. Garrantzitsua da, oinarrizkoa da, baina era berean badakigu zer den etengabe haize-kontra jardutea, nekezia pilatzea. Eta gerta daiteke, hortik abiatuta, ulerkera bat nagusitzea, hau da, norbanakoaren borondatearen araberakoa dela euskaraz bizi ahal izatea. Euskaraz bizitzeko, ordea, baldintzak sortu behar dira. Herritarrek sortu beharko dituzte batzuk, baina beste baldintza asko politika publikoen bidez sortu beharko dira. Baldintza errealak behar dira, materialak eta politikoak.

Oldarraldi judizial eta politikoa antolatua dela frogatu da. Zein irakurketa egiten du Kontseiluak?
Batzuetan ez gara hainbeste jabetzen, baina oldarraldia Euskal Herri osoan gertatzen da. Ez da ausazkoa Ipar Euskal Herrian ikasleak oraindik mobilizatu behar izatea beren azterketak eskola ibilbide osoa ardaztu duten hizkuntzan egin ahal izateko. Badauka oldarralditik, zeren auzia egoera hobean egon da eta atzerakada bat gertatu da. Nafarroa Garaian ere, beste era batera, baina, oldarraldi judiziala gertatu da azken urteetan; merezimenduen dekretuen bilakaeran ikusi da. Bestalde, Europan hain anomaloa den hizkuntza zonifikazioari eusteak ere badu oldarralditik. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, ezin dugu ahaztu, batetik, hizkuntza eskakizunak normalizazioan aurrera egiteko tresnak direla, eta bestetik, Udal Legearen bidez euskara eguneroko hizkuntzatzat duten tokiko erakundeen aurka egin dutela. Dena den, asko kezkatzen gaitu oldarraldi judizialarekin batera etorri den oldarraldi politiko, mediatiko eta diskurtsiboak. Kontseiluaren izenean ari naizenez hizketan, salatu nahi dut Kontseiluari berari, baina euskalgintzari orokorrean, egiten ari zaion seinalamendua. Langileen fiskalizatzaile, seinalatzaile, eta zerrenda beltzen egile dela esan zaio. Akusazio oso larriak dira. Horren aldaera gogorrena da idatzi egin dela Kontseilua "sufrimenduaren sozializazioaren aldaera berria" dela eta herri honen historia garaikidea ezagututa, oso  larria da. Horri inork gutxik erreparatu dio, inork ez dio eraso deitu. 

"Zoritxarrez, euskara lehen lerrora etorri zaigu atzerapausoei erantzuteko, eta ez gaurko munduari erantzuteko"

Oldarraldi diskurtsiboari dagokionez, beharbada sektore batzuetan beti egon diren ideiak dira, baina orain esplizituki eta indarrez datoz. Diskurtso horren ideia nagusia da EAEko 1982ko Euskararen Legea, 2026an, euskararen normalizazioan hesia izatea, hau da, kontua da soilik euskaldunok administrazioarekin harremanak euskaraz edukitzea bermatzea, eta ez euskaraz bizitzeko eskubidea bizitzako alor guztietan gauzatzea. Hori batetik, eta bestetik, 1982ko kontsentsuari eusten zaio eta eztabaida hor bukatzen da. Baina 44 urtean gauzak asko aldatu dira: mundua bi-hiru bider aldatu da; orain enplegu publikoan sartzen ari direnak jaio gabe zeuden; 20-30 urte bitartean dituztenen %90ak euskaraz daki; EAEko herritarren %75ak dio administrazio publikoan lan egiteko  gaztelaniaz gain euskara jakitea ezinbestekoa dela; legebiltzarreko hauteskundeek ere, ematen dituzten emaitzak ematen dituzte. Oldarraldia politikoa da, sigla saltsa bat uztartzen da. Kezkagarria da beto jarrera, muga, eta hortik aurrera ez dago ezta elkarrizketarik ere.

“Gazteak badatoz. Kontua da adin bat daukagunok ikasi behar dugula egiteko eta auziak planteatzeko modu berriak dituztela”. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Enplegu Publikoaren Legea aldatu nahian dabiltza alderdi politikoak. Zer eskatzen diezue alderdi politikoei? 
Kontseiluak aspalditik argi utzita dauka bere jarrera. Administrazio euskaldun batera jotzea ezinbestekoa da, hain zuzen ere, hori delako guztion hizkuntza eskubideak betetzeko zorua jarriko duena. Gehiengo sindikalarekin lanketa egina daukagu, plan gauzagarri bat dago mahai gainean, hamabost urteko epean, inolako traumarik gabe, bete daitekeena. Hizkuntza eskubideen ikuspegitik diot, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, jakina, baina justizia sozialaren eta demokratizazioaren ikuspegitik ere bide bat egin behar da: bi hizkuntzak jakitea enplegu publikorako sarbidea izateko. Euskalgintzak orokorrean, eta Kontseiluak, beti defendatu dugu hori progresiboki egitea, eta guztiei euskara emanez, eskainiz, erraztuz... Alde horretatik, ez dago euskalgintzaren jardunaren gainean susmo izpirik izan dezakeenik. 

Euskara agenda politikoan egotea eskatu du Kontseiluak etengabe. Orain ba al dago?
Larrialdi linguistikoan gaude. Larrialdia faktore askok osatzen dute, eta horietako bat da gaurko munduak hizkuntza minorizatuei, eta euskarari, erronka potoloak jarri dizkiela. 1960ko hamarkadan ziklo berri bat hasi zen, tresna batzuekin. Orain arte balio izan digute eta haiekin etorri gara gaurdaino, baina momentu honek gauza asko berregitea, birpentsatzea, eskatzen digu, igual gehitxo esatea izango da, baina ia-ia berriro hastea eskatzen digu. Horregatik esaten dugu jauzi bat behar dela hizkuntza politiketan, inportantea dela euskara lehentasun politikoetara ekartzea, gauza horiei guztiei erantzuteko. Baina, zoritxarrez, paradoxikoki, lehen lerrora etorri zaigu atzerapausoei erantzuteko, gaindituta beharko genituzkeen tresnei eusteko, eta ez gaurko munduari erantzuteko.

Euskalgintzak euskara birpolitizatu behar al du?
Politizatzeak esan nahi du lehendabizi zer gertatzen zaigun ulertu behar dugula. Arazoa ez da norbanakook gure ahaleginaren arabera euskara erabiltzen dugun ala ez, hori ere bai, konpromisoak inportanteak dira, baina ulertu behar dugu minorizazio egoeran gaudela oraindik, hizkuntza zapalkuntza gizarte honen egiturazko arazo bat dela, eta beraz, sakoneko auzi politiko bati buruz ari garela. Horri guztiari nekez erantzungo diogu norbanako solteen ahaleginarekin. Egoeraz jabetu, ahaldundu eta antolatu egin behar da. Beste pizkundeak ere hortik etorri dira. 

"Kontseiluari ‘sufrimenduaren sozializazioaren aldaera berria’ izatea egotzi diote, akusazio larria da"

Auzia izateak konfrontazioa eskatzen al du?
Askotan, zerbaiten inguruan gatazka, talka edo auzi bat dagoela esateak ematen du larritasun edo konponezintasun zama erantsia duela. Justu kontrakoa da, bizikidetza hobe batera iristeko gatazka azalarazi egin behar da. Arazoa ez da gatazkarik dagoen ala ez, baizik eta horri heltzeko forma egokiak topatu behar direla. Gu irtenbideak aurkitzen saiatzen ari gara, elkarrizketaren eta adostasunaren bidetik. Guretzat Batuz Aldatu dinamika horretarako tresna inportantea da. Adostasunak biltzen aritzea ere konfrontatzeko modu bat da, egoera berri bat sortzeko modua da. 

Euskararen biziberritzean arnasguneek izan behar al dute lehentasuna?
Kritika zilegi da, arnasguneek esatea "ahaztuta eduki gaituzue". Inportantea da euskarak nagusitasun soziala izango duen eremuei eustea, hemendik aurrera hizkuntza politika berezituak pentsatu behar dira arnasguneetarako, baina lehenesteak beste gauza bat esan nahi du. Uste dut sinkronikoki joan behar direla Abaltzisketa eta Basauri, eta horrek ez du esan nahi bietan hizkuntza politika bera egin behar denik, bakoitzak bere bereizgarriak izango ditu. Baina argi izanik, euskararen etorkizunak Azpeitia bezainbat behar duela Bilbo, lehenespenetan sartu gabe, indar beraz.

Esnatzen hasi al dira euskaldunak eta euskalgintza?
Zaila da bizi ditugun momentuak ondo atzematea eta erradiografiatzea, baina esango nuke zerbait ari dela gertatzen, euskaltzaletasunaren begiradaren berritze bat ari dela gertatzen. Gakoetako bat da euskaltzaletasuna indartzea, baina izan dadila euskaltzaletasun kokatua, hau da, gaurko Euskal Herrian eta munduan kokatutakoa. Ez gara ezer berria asmatzen ari, 1960ko ariketa horixe izan zen: gaur eta hemen, zer behar dugu? Bestalde, eta lehengora itzuliz, kokatuak esan nahi du ulertzea egiturazko arazo bat daukagula eta gaia ezin dela murriztu norberak borondate handia edo txikia izatera. 
Egia da euskaltzaletasunak genealogia, begirada eta egiteko manera desberdinak dituela, baina momentu honetan garrantzitsuena gutxieneko batzuetan behintzat elkarrekin aritzea da. Alde horretatik, bereziki itxaropentsu nago iruditzen zaidalako badatozela gazteak.

2022ko ARGIAko elkarrizketan zenioen belaunaldi berria ez zenuela hainbeste ikusten etortzen. Orain bai?
Gazteak badatoz. Kontua da adin bat daukagunok ikasi behar dugula egiteko eta auziak planteatzeko modu berriak dituztela. Azken boladan zerbaitek pozten banau, hori da. Adibidez, Gazte Euskaltzaleen Sareak martxa antolatu du Urepeletik abiatuta ekainaren 13an Euskaltzaleen Martxara, Iruñera, iristeko. Izen-ematea uste baino arrakastatsuagoa izan da. Beste adibide bat Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleena da. Beraiek dira sortu den dinamikaren motorra eta desobedientziarako prest daude. Gainera, gutxi aipatu den lelo bat ekarri digute, oso interesgarria: Euskara da bide bakarra. Azterketen gaia gainditzen du. 16-18 urteko gazte talde bat aktiboki aritzea Euskara da bide bakarra logikan munduaren gaineko begirada sortzen, bada itxaropenerako bide bat. 

 "Bizikidetza hobe batera iristeko gatazka azalarazi egin behar da". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

 


Irakurri gehiago: Kontseilua Euskara Euskalgintza
Kontseilua kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua)
"Susmoa baieztatzeak kezka ikaragarria sortzen digu"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.