Ez gara haiek baino hobeak. Bestela esanda: haiek ez dira gu baino txarragoak. Ezkertiarrok beste zerbait garela entzun berri diot Gabriel Rufiáni, Sánchez presidenteari zuzenduta Espainiako Parlamentuan (Rodríguez Zapateroren aurkako auzipetzearen berri txundigarriaren harira). Nik ere hala uste nuen, baina arestiz gero, kontrakoa pentsatzera jotzen dut: ez, ez gara hobeak. Hobeak ez izateak ez gaitu txarrago egiten ere. Ez da gutxi. Hori abiapuntutzat hartu behar dugulakoan nago, gure analisi zein proposamen politikoetan zehatzagoak izate aldera, eta gure egunerokotasuna hobeto aditzeko ere bai.
Hobeak garela irudikatzea gustuko izan dugu guztiok, Rufiánen eran, lasaigarria baita. Eta ezetz esatean, ezkertiarrok ez garela hobeak zentzu etikoan, giza-kondizioari buruzko pesimismo antropologiko moduko bat onesten ari naiz, bai. Filosofia politiko oro antropologia jakin bati lotuta doa: bizikidetza antolamendu modu bat edo bestea proposatzeko, aldez aurretik gizakiok zer-nolakoak garen suposatzen ari gara, esplizitua izan ala ez.
Adibidez: ezaguna da Hobbesek eta Rousseauk modu kontrajarrietan ulertzen zutela gizakiaren zerizana. Lehenengoarentzat, gaiztoak gara berez, eta gaiztakeria eratzaile horri mugak ipini behar dizkiogu politikagintzan; bigarrenarentzat, aldiz, ontasuna dugu jatorrizko ezaugarri, ustelduko dena gizarte-kide bilakatu ahala. Zelakoak garen nola ulertu, halako gizarte-antolamendua proposatuko dugu. Lagun hurko guztiak geure burua bezainbeste maitatuko bagenitu, ez genuke lege edo araudirik beharko. Ez du ematen horrela denik.
Ezkerrak proposamen politikoak aurkezten ditu. Proposamen horiek baliozkoak eta egokiak izateak ez du lotura zuzenik defendatzen dituztenen bikaintasun moralarekin
Ezkertiarrok baikor antropologikoak izan beharko genukeela irudi luke; ulertu behar genuke denek ez bada jende gehien-gehienak mundu justuagoa nahiko lukeela, eta uste orokortu horrek berak, hain zuzen, mundua hobetzea ahalbidetuko lukeela. Baina nik uste dut ataza (betebeharra?) latzagoa dela: mundua hobetu behar dugu errealistak izanik, hau da, antropologikoki ezkorrak izanik. (Ez naiz kontu aspergarri eta zaharrun horretan sartuko, alegia, ea lehenik pertsonak eraldatu behar diren eta, ondorioz, mundua eraldatuko den, ala alderantziz).
Ezkertiar garenok zein ez direnek, denok giza izaera bera partekatzen dugu, bereziki harrotzekoa ez dena. Nork ez du izan osaba-izekoren bat (lehengusina, aitita-amama...) apur bat "fatxa" edo oso eskuindarra inkluso, baina pertsona ona zena, bere balio eta printzipioak zinez defendatzen zituena benetan onak zirelakoan, eta horien arabera bizitzen ahalegintzen zena? Nork ez du ezagutzen ezkertiarrik harreman pertsonaletan etikoki gaitzesgarria dena, bidegabekeriak salatu eta aldi berean ingurukoak (edo pertsona jakin batzuk) izugarri txarto tratatzen dituena, ahal duen guztietan iruzur egiten duena?
Utzi nazazue eskematiko izaten jarraitzen: ezkerrak proposamen politikoak aurkezten ditu. Proposamen horiek baliozkoak eta egokiak izateak ez du lotura zuzenik defendatzen dituztenen bikaintasun moralarekin. Arrazoi beragatik, proposamenok ez dira baliogabetzen defendatzaileen zitalkeria morala dela eta. Beldur naiz gauza bera esan daitekeela eskuinaren proposamenei buruz.
Makiavelok eraman zuen ospe txarra, gizajoa, baina Modernitateak ekarri zuen eremuen arteko bereizketa. Ustezko nagusitasun moralak ez dio mesederik egin politika ezkertiarrari. Agian horixe zen humanismoa.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.