Kooperatibak denontzat izan behar direla aldarrikatzen dugu Olatukoop sareko kideok. Praktikatik eta formaziotik egiten gabiltzan bidea da, askotariko subjektuak eta antirrazistak izan gaitezen, eta onartuta oraindik ez garela hala, etorkizunerako oinarriak jartzeko bide luzean. Baina bidea benetan egin ahal izateko, oinarrian dagoen injustizia egoerari erreparatu behar diogu, eta atzerritartasun legeen kontrako borroka gure borroka bihurtu behar dugu.
Momentu berezia bizi dugu Hego Euskal Herrian, izan ere, Espainiako Gobernuak salbuespenezko bidea ireki du administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonei bizileku eta lan-baimena lortzeko, 2026ko apirilaren 14ko 316/2026 Errege Dekretuaren bitartez, aukera leiho bat. Albisteak ikusita, pentsa genezake gobernu aurrerakoiaren ekimen solidarioa izan dela, baina ez litzake posible izango migratutako pertsonen kolektiboek urtetan aurrera eraman duten Erregularizazioa orain! mobilizazio indartsurik gabe.
Garai zailak datoz migratutako pertsonen eskubideen aldeko borrokan, ezohiko erregularizazioaren ondoren Europa gotortua indartsuago itzuliko baita
Bartzelonako Ekonomia Sozial Eraldatzaileko eta kooperatibismo migratuaren sustapeneko MigrESS elkartea izan da erregularizazioa lortzeko kanpainan eragile aktiboenetako bat, eta pozik dira, baina bertako kidea den Luz Helena Ramírez Hache burkidearekin solasean, kooperatibistoi galdetzen digu orain zer egingo dugun laguntzen jarraitzeko. Fokuetatik at, erregularizazio prozesuaren administrazio diseinua txapuza handia da, eta jada prekarizatuak diren pertsonen egoera zailtzen du, antsietate burokratikoa eraginda eta segurtasun juridikoaren falta izugarriarekin.
Erregularizazioa denon borroka da, baita kooperatibismoarena ere. Izango da esaten duenik engainutik ari garela borrokak txirikordatu nahian, baina denon bizitzak hobetzeko modua da, pribilegio zuriak onartu, xehatu eta eraldaketaren zerbitzura jartzeko aukera ematen digun borroka da.
Jarri ditzagun gure kooperatibak eta elkarteak erregularizazio prozesuak laguntzen, eman dezagun gure denboraren zati bat horretarako. Antolatu gaitezen, migratutako pertsonek ekonomia eraldatzaileetako eremuetan parte hartzeko arrakalak txikitzeko, lurralde ezberdinetan subjektu eraldatzaileak osatzeko, antirrazismoa gure ekintza politikoen erdigunera ekartzeko.
Garai zailak datoz migratutako pertsonen eskubideen aldeko borrokan, ezohiko erregularizazioaren ondoren Europa gotortua indartsuago itzuliko baita. Europako Migrazio eta Asilo Ituna bizitzaren aurkako ituna da, nekropolitika hutsa. Antolatu gaitezen bizitzaren alde.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.