Gaur ere futboleko kamiseta jantzi nahi izan du. Galtzak ere bai. Galtzerdiak, oraingoan, ez. Bero handiegia egiten du belaunetarainoko galtzerdiak jantzita joateko, eta ez da kontua umea eskolara iritsi aurretik kiskaltzea. Gaur ere futbolariz joan nahi izan du. Eta guk, gaur ere, ez dugu borroka hori aukeratu. Nahikoa egiten dugu gosaria, motxila eta “garbitu ondo hortzak” bataila kudeatzearekin.
Mutil asko ikusten da futbol talde bateko edo besteko arropak jantzita eskoletan. Gure herrian asko dira eskubaloiko ekipazioa daramatenak ere: talde izaera ematen die, nortasuna, defendatu beharreko kausa txiki bat. Saskibaloi kamisetak ere ikusten dira tarteka. Ez asko, baina bai bakarren batzuk. Oso ekipo aldrebesetakoak normalean, umearen gurasoek dokumental danimarkarrak ikusten dituztela iradokitzen duten horietakoak.
Baina inori ez zaio bururatzen txirrindulariz jantzita joatea eskolara. Tourreko elastiko horia, kaskoa eta atzealdean platano bat sartuta. Edo aizkolariz: enborra bizkarrean eta aizkora ondo zorroztuta. Edo bertsolariz: mikrofonoa, gai-jartzailea eta “gaur jolastorduan, neurri txikian ariko gara” dioen begirada. Dantzariz joatea ere arraroa litzateke, edo liburuzain, isiltasuna eskatzen duen txaleko ikusezin batekin.
Zergatik da futbol-kamiseta arropa eta ez mozorroa? Nork erabaki du fantasia batzuk homologatuak direla eta besteak inauterietarako bakarrik balio dutela? Kamiseta ez da kamiseta bat bakarrik. Bandera eramangarria da. Gehienetan, kredentzial maskulino bat, izerdiz eta publizitatez egina.
Mutil bat futbolariz janzten denean, ez gara kezkatzen. Gona bat jantzi nahi badu, ordea, bat-batean denok bihurtzen gara orientatzaile, pediatra eta herriko balioen zaindari. Lehen aitonak txapela zeraman; orain umeak bigarren ekipazioa. Gainera, urtero berria behar omen da: lehenengoa, bigarrena, entrenamendukoa, edizio berezia.
Inauteriak ez dira otsailean hasten. Urte osoan dira inauteriak futbolaren herrian. Oraintxe bururatu zait: hemendik aurrera, futbol-arropak mozorroen kutxan sartzea. Ez inor zigortzeko. Ikusteko. Ea zer gertatzen den hurrengoan umeak Realeko kamiseta betiko kaxoian bilatu, eta mozorroen kutxan aurkitzen duenean.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.