“Seguru nago zenbait girotan burges txikitzat hartu nautela, arropa edo kultur zaletasuna dela eta”

  • Eraikin abandonatu baten parean utzi dut autoa. Kanpoko usaina ez da bereziki atsegina, eta Athletic Cluben eta Palestinako bandera bana ikusten dut urrutian, futbol zelai txiki baten ondoan. Beste batzuk ere badaude, baina Sader kanpora dago idatzita paretetako pintada gehienetan.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

 

Asier Urkiza Sanchez. Bilbo, 1997

Bilboko Zorrotza auzoan jaio zen Asier Urkiza 1997an eta han bizi izan da duela gutxi arte. Familia erdaldun euskaltzale batean jaioa, Euskal Ikasketak bukatuta Literatura Konparatuko eta Irakaskuntzako masterrak egin zituen. Bigarren Hezkuntzan ari da euskara eta literatura irakasle eta 2021etik kultur-kritikari dabil Berria egunkarian. Zinema eta musikazale amorratua da, baina literatura obsesio gisa bizi du ia-ia.

Non gaude eta zergatik egin dugu hitzordua hemen?
Bilboko Zorrotza auzoan gaude, nire auzoan. Barakaldorekin mugan dago, Bilbotik nahiko aparte, eta nahiko herri izaera dauka. Guk, Bilbora goazenean, “Bilbora noa”  esaten dugu.

Itsasadarrean gaude orain, hemen daude Zorrotzako portua –orain hesitua dago–, Sader-Profersa hondakinen kudeaketarako fabrika kutsakorra edo Molinos Vascos, industria iraultza garaiko fabrika, eraikin historikoaren egiturak hor segitzen du. Inguru honi Matadero edo La Base ere deitu izan diogu, hiltegi bat eta base militar bat ere egon zirelako hemen.
Horrez gain, industria garaiko garabi bat ere badago, Bilbon geratzen den bakarrenetakoa; hau da Gabriel Arestiren Zorrotzako portuan aldarrika poema famatuaren tokia eta horregatik ere izan da niretzako berezia.

Ikusten dudanez, oso inportantea da auzoa zuretako.
Dagoeneko ez naiz auzoan bizi eta azkenaldian asko pentsatu dut nire identitate eta jatorriari buruz, hori ari naiz kudeatzen orain. Niretzat itsasadarraren parte hau beti izan da berezia eta inportantea, eta asko ari da aldatzen. Begira nola ari diren Zorrotzaurren [ibaiaz bestaldera dagoen auzoa seinalatzen du] gauza pila bat eraikitzen, makroproiektu urbanistikoa dago martxan.

Langile auzoa da Zorrotza, Bilboko errenta baxuenetakoa, eta ni ziur nago  auzoko gentrifikazioa ikusiko dudala hemendik 20 urtera-edo. Denbora luzez auzoaren aldarrikapena izan den pasabidea eraikiko dute Zorrotza eta Zorrotzaurre artean proiektu urbanistikoa hedatzen segitu ahal izateko, eta hemengo jendea botatzen hasiko dira. Badu desagertuko den toki bat izatearen ukitua.

"Langile klasea slogan batera edo zeregin historiko batera murriztuta ikusteak atzera egiten dit"

Eremu eta inguru erdaldunetik datorren euskaldun militantea zara. Nondik heldu zaizu grina hori?
Auzo honetan, Hego Euskal Herriko hiri handietako langile auzo gehienetan bezala, espainolismo pila bat dago. Gure familia erdalduna da, baina betidanik nazionalista, euskaltzalea eta ezkerrekoa. Etxean beti jakin dugu zein aldetan geunden. Euskalduntasunarekiko ideia oso folklorikoa bazen ere, beti transmititu izan digute gure markoa zein zen.

Gero, zergatik eman diodan hainbesteko lehentasuna nire bizitzan eta zergatik eman dizkidan gaiak hainbeste buruhauste? Zeren eta eman dizkit pila bat, eta sufritu dut. Ba ez dakit, egia esan.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Beti iruditu izan zait ez zarela euskararen militante prototipikoa. Agian ez dudalako zure militantzia antolatuaren berri, baina ekarpen pertsonalari dagokionez, jende gutxi ezagutzen dut zu bezain tinko euskaraz bizitzeko saiakeran.
Hau dena identitate kontua da. Egin behar duguna da gauzak euskaraz egin,  eta ez egon denbora guztian euskararen alde edo euskararen marko batetik gauzak egiten ari garela esaten. Hori guztia egia da, baina euskaraz egiten dugu nagusiki identitate kontu batengatik, identitate bat erdigunean euskara duena.

“Euskaraz egiten dut, baina munduko hiritarra naiz eta ez dut marko nazional batetik egiten” esaten dutenak ezagutzen ditugu. Bueno, hori da gerora eraiki duzun zerbait, baina lehenago atxikimendu identitarioa dago. Betidanik izan dut hori argi eta asko bereizi izan naiz auzo batean non ez zegoen halakorik apenas, ezker abertzaleko jende bat salbu. Ni esparru horretan mugitu izan naiz eta militatu nuen bere garaian, baina esperientzia gazi-gozoa izan dut militantziarekin.

Zergatik?
Oso molde zurrun gisa bizi izan dut. “Hau da nire tribua, ni tribu honekin identifikatzen naiz eta joaten naiz nire tribuak proposatzen dituen gauza guztietara eta nire militantzia kideak pasatzen dira nire lagunak izatera eta haiekin egiten dut bizitza…”; puf, itogarria egin zitzaidan. Gauza puntualetan beti nago ekarpena egiteko prest, izan omenaldiren baterako testuren bat idatzi edo irakurri, txandak egin… eta nire auzoko jende hori maite dut izugarri.

Aldi berean oso markatua egon naiz auzoan. Auzoko futbol taldearen edo lonjaren giroan El vasco nintzen eta beste giro batzuetan El Jon Maia dos, el de gure abuelek ez dakit zer [barreak]. Neketsua egin zitzaidan hori. Agobiatuta sentitu nintzenean aldatu zen nire praktika politikoa ulertzeko modua.

"Oso eztabaida kritiko gutxi dago  euskal literaturan, eta daudenak oso murritzak eta akademikoak dira"

Eta ez duzu uste zu egon zaitezkeela zauden lekuan beste batzuk ari direlako beste molde horretan gauzak egiten?
Bai, erabat. Horregatik ez dut batere gailentasun moraletik esaten hau dena. Asko baloratzen dut militantzia molde horretan dabilen jendea, kristoren lana egiten dute eta txapela kendu besterik ezin dut egin. Besterik gabe, nirekin ez du bat egiten molde horrek. Igual nire gaitasun falta da.

Gaur egun badiot beldurtxo bat militatzeari eta badakit gizarte neoliberal eta indibidualistaren zera dela, baina kostatzen zait nire burua “lotzearena”, edo beldurra diot “niretik” galtzeari. Eta autokritika gisa esaten dut. “Rebajatzea” bezala bizi dut, baina batzuetan gai izan behar dugu horretarako.

Zertan uste duzu ari dela asmatzen euskalgintza eta zertan ez?
Euskalgintzari kontuak eskatzearena… Euskalgintzak saiatu ditu jada estrategia pila bat, saiatu gara euskararena bide askotatik azaltzen eta ez dakit hainbeste geratzen zaizkigun. EAEn gazteen ehuneko zenbatek badaki euskaraz, kontua da ez dela erabiltzen. Baina jende hori euskalduna dela gezurra da. Klasean egon da euskaraz hitz egiten zen bitartean, baina ez da euskaldundu. Nik jadanik nominatiboki euskalduna den jende horren euskalduntze osoan  egingo nuke indarra –erabileran eta kalitatean fokua jarrita–. Iurrebasok [Iñaki Iurrebaso soziologoa] zioena: zuk zenbat eta hobeto hitz egin hizkuntza batean, orduan eta gehiago erabiliko duzu.

Eta zer da lehenengo, arnasguneak ala Bilbo Handia?
Nire ustez arnasguneak. Oso inportantea iruditzen zait tokiak egotea non normaltasun osoz euskaraz bizi diren. Zer egin bitartean Zorrotzan? Auzoan geratu, vasco bakarra izan, haurrak auzoko D ereduan eskolatu eta euskaraz hitz egiten duten bakarrak izan daitezela? Edo arnasgune batera joan bizitzera?

Edo erdibideko zerbait egin eta Alde Zaharrera joan, non euskara gehiago entzuten den eta dena den askoz guayagoa? Konplikatua da hori. Tarteko beste batzuk ere badaude: auzoko eskolan zuzendaritza berria sartu da eta gurasoen mugimendu guapo bat sortu da, gauza asko antolatzen dituzte euskararen bueltan. Ez dakit, horrelako gauzak beharbada.

Behin arnasguneak lotuta, nola iristen da oihartzun hori Zorrotzara? Arnasgune digitalena ere hor dago. Agian askoz ere hurbilago dago Albiztur Zorrotzatik Instagramen, geografikoki baino.
Niri asko kostatzen zait gauza horiek sinistea. Kostatzen zait sinistea Albiztur irits daitekeenik Zorrotzara, ez bada identitate nazionaletik. Ez da hain inbento txarra. Orain euskalgintza dago identitate nazionala pixka bat alboratzeko fasean, eta ulertzen dut, ze gu euskaldun modernoak gara, ezta? Atxaga eta Pott banda eta gero munduko hiritarrak gara eta ez dakit zer. Ni ere izan naiz “independentista naiz, ez nazionalista” esaten zutenetakoa, baina zergatik entzuten da euskara Zorrotzan eta Albizturren?

Eta non entzuten da euskara Zorrotzan? Herriko Tabernan, Korrikaren inguruko gauzetan, AEKn… Herri proiektu baten barruan dauden espazioetan.

Momentu honetako euskalgintzaren diskurtsoa, oldarraldi judizialari lotua, ulertzen dut, baina zein neurritaraino iristen da hori masarengana? Unibertsitate ikasketadun funtzionario nahiengana bai, baina herritar xume batek euskara erabili dezan horrek balio du? Ez dakit.

"Oso markatua egon naiz auzoan; futbol taldearen edo lonjaren giroan ‘El vasco’ nintzen, eta beste giro batzuetan ‘El Jon Maia dos’"

Bost urte eginen dituzu laster Berria egunkarian literatur kritikak idazten. Gonbitea jaso izan ez bazenu, liburu horiek guztiak irakurriko zenituzkeen?
Ez denak, baina asko bai. Beste gauza bat ere esan nahi dut: euskal kultureten munduan oso arrotz sentitzen naiz, ez nago batere hor. Oso out nago, bost urte daramatzat Berria-n, baina ez nau inork ezagutzen [barreak]. Pixka bat periferiko izateagatik –periferia, oso modan dagoen kontzeptu hori– edo pixka bat kanpoan egoteagatik beti, ez naiz inoiz egon euskal kultur mundutxoan eta une batzuetan gorroto puntu bat izan diot, hater puntu bat oso erraza dena, ulertzen didazu? 

Posizio hori hartu eta bihurtzen zara enfant terrible; dena mierda bat da euskal kulturan. Eta parte handi bat uste dut badela horren parte ez sentitzeagatiko amorrutxo bat. Baina amorru hori kudeatzen ikasi dut eta jada ez daukat.

Horretaz aparte, literatur kritikariak zer pintatzen du gaur egun euskal kultur sisteman? Euskal kultur mundutxo horretan beste jarduera batzuek askoz ere ikusgarritasun, indar eta toki gehiago dute. Eta orain hasiko naiz bertsolaritzaren kontra [barreak].

Hiru hitzetan, nola ikusten duzu euskal literatura munduko beste kultura batzuetakoekin konparatuta?
Begira, bitan: nahiko antzeko. Pello Lizarraldek esan zuen elkarrizketa batean nahiko azaleko literatura ari dela azaleratzen. Bueno, ba mundu osoan bezala. Munduko kultur produkzioaren parte da euskal literatura eta nire ustez nahiko bizio antzekoak ditu. Ez dela gauza bera euskaraz eta gaztelaniaz idaztea? Argi dago.

Edo argitalpen kopuru beharbada gehiegizkoa dagoela eta argitalpen batzuetan kalitatearen berme eza dagoela? Baliteke, baina hori literatur guztietan ematen da. Bai iruditzen zait oso eztabaida kritiko gutxi dagoela euskal literaturan, eta daudenak oso murritzak eta akademikoak dira.

Hezkuntza arautuan ari zara lanean. Zein puntutaraino da egia gazteek gero eta irakurketa eta idazketa gaitasun urriagoa dutela?
Nik uste dut egia dela, bai. Horrek ez du esan nahi irakurtzen ez dutenik, irakurri irakurtzen dutelako. Baina argi dago hezkuntza arautuko irakurgaiek kalitatean sekulako jaitsiera izan dutela. Euskaran beti izan dira nahiko negargarriak. Gaztelanian El Lazarillo de Tormes, Lorca, Unamuno edo Blas de Otero irakurtzen den bitartean, euskaraz irakurtzen da… ba irakurtzen dena: “Gazteei erakargarria izango zaien liburua, arina eta graziosoa”. Askotan erruduntzat hartzen dira gazteak, baina ez da haien errua.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SAArgazki oina

Veinte pavos esateko Hogei indioilar, edo norbait oso espabilatua ez dela esateko laurdengutxi hitza erabiltzea, adibidez, zuri ikasi dizkizut. Tailerrak egin izan dira horrelakoak sortzeko asmoz…
Euskaltzaindiak, euskara batua sortu zenean, zuzentasunaren alde egin zuen, euskara zuzen eta homologagarri baten aldekoa izan zen apustua. Oso ondo atera zen, arrakasta lortu zen neurri handi batean.

Uste dut hamarkada hauetako homologagarritasunaren eta zuzentasunaren ostean, euskara batuak baduela heldutasun, zuzentasun eta maila akademiko nahikoa, zabartzen hastekoa beste. Euskara batuak hasi behar du izaten euskalki baten modukoa. Nik ezin dut esan gauza super adierazkor bat euskaraz ez dudalako Albizturreko batek izango lukeen grazia Txirritaren irtenaldi bat egiteko. Zer egiten dut orduan? Erdaraz esan. Normalki euskalkirik gabekook edo eremu erdaldunetakook egin izan duguna hori izan da.

Erdal esapideak itzultzea izan daiteke aukera bat, efektu grazioso hori mantentzen duelako. Zuk entzuten duzunean “ez dago labea opiletarako”, grazia egiten du.

Ez Euskal Herri guztian…
… ez Euskal Herri guztian, gaztelaniatik pentsatuta dagoelako, baina irudituko litzaidake super normala ipar euskal herritarrek frantsesetik hartzea. Hiztunek egin behar dute. Hor sare sozialek joka dezakete paper bat, baina hiztunen arteko elkar eraginak sendotu behar ditu horrelakoak.

Momentu honetan norbait elkarrizketatu ahalko bazenu, nor litzateke eta zer galdetuko zenioke?
Hemen gaudela, igual Gabriel Aresti elkarrizketatuko nuke eta galdetuko nioke ea merezi izan zuen. Horrela: “Merezi izan zuen?”.

Baduzu gehitzekorik?
Ba begira, amorrua eman izan dit beti nire itxura, janzkera edo zaletasunengatik jende batek pobrea ez nintzela pentsatu izanak [barreak].

Ez, benetan, langile klasea slogan batera edo zeregin historiko batera murriztuta ikusteak atzera egiten dit. Ez naute erakartzen langile klasea sinbolo zurrun eta zuzen batera murrizten duten diskurtsoek, ongiaren neurria balira bezala. Langileriaren goraipamen hutsa baino, klase-gorroto edo mendekuaren ideia nahiago dut, Annie Ernauxen hariari jarraituz. Ni lanean nabil gorroto hori bridatu eta muga gisa sentitu ordez erregai moduan erabiltzeko.

Iruditzen zait azkenaldian langile-klasea, edo auzoa, zerbait folklorikoa izatera igaro dela. Janzkerarekin edo ikuspegi jakin batekin lotutako zerbait, tribu urbano bat balitz bezala. Esaterako, seguru nago zenbait girotan ni burges txikitzat hartu nautela, arropa edo kultur zaletasuna dela eta. Hor badago langileen exotizazio bat ezezagutzatik eta idealismo hutsetik eraikia, hau da, gazte langileen irudi interesatu bat, non ematen duen langile klasekoak garenok ezin dugula zuzen hitz egin, musika urbanoa entzun behar dugula nahitaez eta goi-kulturatzat har daitezkeen ekoizpenak alboratu behar ditugula. Finean, MDLRak [kaleko mutilak] izan behar dugula, jakintsuak dedikatuko dira eta gutaz teorizatzera. 
 


Literatura kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Berriketa gutxi
Tripako minez

2026ko maiatzaren 18
Barra warroak
Ez ordaintzearen prezioa

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.