50 urte beteko ditut egunotan. Jendeak galdetzen dit ea ez ote dudan egin behar festaren bat, zerbait berezia, zenbakia biribila delako. Nik ezetz. Eta ez galdetu zergatik. Nolanahi ere, algoritmoak data hurbiltzen ari dela badaki eta Egiptorako bidaiak proposatzen dizkit; eta inoiz begiratu, baina erosi ez dudan zapata pare italiarra. Bideratutako publizitate horren artean iritsi zait Najwa Nimri aktoreari egindako elkarrizketa bat. “50 urterekin konturatzen ari naiz benetan axola duena zure inguruan dagoen jendea dela”, horixe esaldirik nabarmenena. “Berez, ez dakizu 20 urterekin; baina 50ekin bai. Gaizki inguratuta egoteak ibilbide profesionala zapuzten dizu, bizitza izorratzen dizu, dena”. Eta beharbada bai, seguruena ez nituzke gaur aukeratuko urteetako bidaideetako batzuk. Batez ere maite dituzun horiek gehiago maite beharko zenituzkenendako tokirik ez dizutelako uzten. Baina bada irakaspen handi bat urteek ematen dizutena: une batetik aurrera atzera-bueltarik ez da; alabaina, bizitza ederra dela ohartzeko ez da inoiz berandu; uste duguna baino ederragoa. Hitz egiten dugu heriotzaz lehen baino lehenago, eta etorkizuna gero eta motzagoa dela pentsatzen dugu egunaren akaberan. Haatik, inguratzen gaituen jendeak ederragoak egiten ditu egunik txarrenak ere.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.