Atenas, K.a. V. mendea. Tuzidides historiografia zientifiko eta politikoaren aitzindariak Peloponesoko Gerraren Historia lana idatzi zuen, atenastarren eta espartarren arteko gatazka azaltzeko. Haren arabera, Atenas goraka ari zen, garaiko potentzia hegemonikoa zen Esparta beldurtu egin zuen atenastarren gorakadak, eta horrek, ezinbestean, gerrara eraman zituen bi potentziak.
2.500 urte geroago, 2015eko iraileko artikulu batean, ideia horri heldu zion Graham T. Allison politologo estatubatuarrak eta “Tuzididesen tranpa” kontzeptua aipatu zuen lehenengoz. Hegemonia galtzeak gerra arriskua dakarrela zioen The Atlantic aldizkariko artikuluan, “gora ari den botere batek agintean dagoen boterearekin lehiatzen denean, Antzinako Grezian Atenasek Espartarekin egin bezala, edo duela mende bat Alemaniak Britainia Handiarekin egin bezala”.
Patroi historiko horretan erortzea saihestezina den ala ez aztertzeko, Allisonek berak ikerlan bat zuzendu zuen Harvardeko unibertsitateko Belfer zentroan. Azken bost mendeetako hamasei kasu aztertu zituen, eta horiatetik hamabitan potentziak Tuzididesen tranpan erori zirela ondorioztatu zuen; goraka ari ziren potentzien eta ordura arte nagusi ziren potentzien arteko talkak gerran amaitu ziren, eta gerrek galera ekonomiko eta politiko handiak eragin zituen alde guztietan.
Zerrendako lehen eta azken kasuan, ordea, gatazka militarra saihestea lortu zuten aldeek: XV. mendearen amaieran, Portugal eta Espainiaren arteko lehia ez zen gerran amaitu; eta 1990ean, Alemania bateratu ondoren, Frantziak eta Erresuma Batuak ez zuten Alemania geldiarazi gerraren bidez. Tartean, XX. mendearen hasieran, Erresuma Batuak eta gorantz ari ziren AEBek ere gatazka saihestea lortu zuten diplomaziarekin. Eta, azkenik, Gerra Hotzari dagokionez, ikerlanak ez du erantzun garbirik ematen; egia da gatazka militarrik ez zela piztu, baina gerra ekonomikoa bortitza izan zen AEBen eta SESBen artean. Baina, oro har, ikerlanak baieztatu du halako kasuetan gerra ez dela nahitaezkoa.
Berez, Allisonek 2015ean idatzitako artikulu hark Txina eta AEBen arteko lehia zuen hizpide. Eta, hain zuzen, Txina eta AEBen arteko azken aldebiko gailurrean Txinako presidente Xi Jinpingek Tuzididesen tranpa kontzeptua erabili du berriki Trumpen aurrean. Baina AEBetako presidenteak, ziurrenik, Tuzidides nor zen ere ez daki.