Unibertsitatera sartzeko proba berria prestatzeko, eduki asko eta denbora gutxi

  • Batxilerreko bigarren urtearen jarduna erabat baldintzatzen du Unibertsitatera Sartzeko Probak, eta iaz abiaturiko eredu aldaketak ikasle eta irakasleen urduritasuna eta ziurgabetasuna gehiago areagotu ditu. Proba konpetentzialagoa bihurtzeak zer esan nahi du? Nola eragin du praktikan? Historia ikasgaian zenbateko pisua galdu du Euskal Herriak?

Iñigo Uriz / Foku
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Berezia da Batxilerreko bigarren urtea, Ipar Euskal Herrian baxoak bezalaxe Hego Euskal Herrian Unibertsitatera Sartzeko Probak (USAP) markatzen baitu ikasturte osoa. Batetik, eman beharreko edukiak zehazten ditu, eta curriculum osoa landu beharra dago, dena sar daitekeelako proban. “Ikasturte osoan topera daude ikasleak, eta gaitegia gainera sakona da”, dio Gasteizko Ekialdea institutuko irakasle Peio Salazarrek. Finean, ikasturtea USAPerako prestakuntza bihurtzen da: “Norabide bat markatzen dio ikasgaiari eta nolabait zentzu bat ere ematen dio, baina aldi berean, bidean galtzeko eta bidetik atera ahal izateko aukera gutxi uzten du”, aipatu du Loiuko (Bizkaia) Lauro ikastolan Filosofiako irakasle dabilen Iñigo Martinezek.

Bestetik, probaren mamuak intentsitatea eta ezinegona gehitzen dizkio ikasturteari. Aurreko mailetan ez bezala, gainera, ikasleek ikasgai guztiak gainditu behar dituzte titulua lortzeko. “Ez da proba hori bakarrik, bizitza osoa jokoan dutela sentitzen dute”, dio Salazarrek. Batzuek argi dute zer ikasi nahi duten, eta behar duten nota ez lortzeko beldur dira, edota ez dute unibertsitate pribatura joateko aukerarik. “Ikasleentzat askotan urterik okerrena izaten da: notaren presioa, ez daukate argi zer ikasi…”, kontatu digu Irungo (Gipuzkoa) Pio Baroja institutuko Biologiako irakasle Asier Berrocalek. “Gure kasuan, Biologiaren notak garrantzi handia dauka gero Medikuntzan, Erizaintzan, Fisioterapian… sartzeko”.

“Nire sentsazioa da urteek aurrera egin ahala ikasleak gero eta kezkatuago daudela notekin eta espediente akademikoarekin, izugarrizko presioz bizi dute. Indibidualki onenak izatea eskatzen zaie, baita lan merkatuari begira ere, eta kolektiboki mezu katastrofistak eta distopikoak baino ez dituzte entzuten, kolapsora goazela: beren burua salbatu behar dute eta talde gisa ere ez dute itxaropenik, agian giro sozial horrek ere eraman gaitu notek berebiziko garrantzia hartzera –iritzi dio Martinezek–. Eta ikusten dut ikasleen kezka ez dela bigarren Batxilerrean hasten, lehenengo mailan dagoeneko oso arduratuta daude ikasle batzuk. Sintomatikoa egiten zait, duela hamarkada batzuk genuen errealitatearekin alderatuta”.

Iñigo Martinez: "Nire sentsazioa da ikasleak gero eta kezkatuago daudela espediente akademikoarekin. Indibidualki onenak izatea eskatzen zaie eta kolektiboki mezu katastrofistak baino ez dituzte entzuten"

Horren aurrean, Salazarren mezua: “Guk esaten diegu gerta daitekeela nahi duten ikasketetan ez sartzea, edo unibertsitateko eta Lanbide Heziketako lehenengo urtean okertzea… baina bizitza oso luzea dela. Zama hori kentzen saiatzen gara”. Ikasturte batean etorkizuna jokatzen duela sentitzen duen gazteak, ordea, zaila du karga hori bizkar gainetik kentzea.

USAP berria

Joan den ikasturtean aldaketak egin zituzten proban, eta bigarren honetan aldaketa gehiago sartu dituzte hainbat ikasgaitan. Aldaketak berandu jakin dituztela eta horietara moldatzeko denbora gutxi izan dutela kexatu da irakasle bat baino gehiago, ziurgabetasuna nagusitu dela. “Joan den ikasturtean proba aldatu zuten, eta bat-batean, ikasturte honetarako berriro ere dena goitik behera aldatu zuten, ez du zentzurik”, kexatu da Itsaso Aramendi. Historiako irakaslea da Mutrikuko (Gipuzkoa) institutuan, eta Historiako irakasle ugariren kritikei esker, aurtengo Historiako USAP azterketan aldaketa hain handia ez izatea lortu dute, adibidez ikasi beharreko epigrafeak hasieran aurreikusi bezainbeste ez izatea edota ariketa berri bat datorren ikasturterako uztea, baina behin betiko proposamena berandu etorri dela kritikatu du: “Horrek guztiak ziurgabetasuna, urduritasuna eta nekea ekarri ditu ikasturte hasieran”.

Eredu aldaketaz galdetuta, solastatu garen irakasle guztiek gauza bera errepikatu dute: gaitegi zabalegia da, denari behar bezala heldu eta ikasleak probara ahalik eta ongien prestatuta joan ahal izateko –guztia eman beharra dago, edozer sar daitekeelako azterketan–. Eskaera, beraz, argia da: gaitegia murriztea, gainera curriculum osoa lantzeko duten denbora eskasa dela ere azpimarratu baitute. Filosofia adibidez astean lau orduko ikasgaia izatetik hiru ordura igaro da eta gaitegia asko handitu da; “kontraesana da”, dio Martinezek. Berrocali gustatuko litzaioke entrenamenduak egitea Biologiako azterketa eredu berrian ikasleek aurkituko dituzten galdera estiloarekin praktikatzeko, baina ez dute denborarik, eta Aramendik behar bezala nahiko lituzke Historian gertaerak landu, praktikak egin, iturri historikoak jorratu, bideoak ikusi… baina ez dira iristen.

Beste joera bat ere agerikoa da USAP berrian: lehen bi gai, autore, ariketa edota buruketaren artean bat hautatzeko aukera zegoen ikasgai ugaritan, baina eredu berrian gero eta gutxiago egin daiteke halakorik. Dagoeneko ezin da bataren edo bestearen artean aukeratu, derrigorrez jorratu behar da egokituriko gai, autore, ariketa edota buruketa. “Nik uste etorkizunera begira hori dela asmoa, azterketa bakarrera eramatea dena, aukerarik gabe. Lehen, Biologian, urtez urte kasik errepikatu egiten zuten azterketa, eta nota oso altuak ateratzeko aukera zegoen; aukerak murrizteak desoreka horien aurrean ikuspegi errealagoa eman dezake”, iritzi dio Berrocalek. Eredu berriarekin emaitza okerragoak aurreikusi behar direla nabarmendu du Salazarrek, eta gogoratu du Gizarte-Matematikan adibidez (alegia Gizarte zientzien adarra aukeratzen dutenen Matematika proban), nahiko txarrak direla emaitzak orokorrean: “Batzuetan, batez bestekoa Gutxiegi da EAEn”. Arrazoia, irakaslearen hitzetan, adar hori hautatu duten gazteek Matematikarekin lotura gutxi duten ikasketak egin nahi izaten dituztela, ez dutela Batxilerren zientziaren bueltako ikasgai gehiagorik, motibazio txikia dutela ikasgai horrekiko…

Historian, edukiak estatu osoan homogeneizatzeko joera nabaritu du Aramendik, ondorio garbiarekin: Euskal Herriari erreferentzia egiten zioten gaiek pisua galdu dute

Azterketa bakar eta berdina Espainia osorako?

Espainiako Estatuan, erkidego bakoitzeko unibertsitate publikoak prestatzen ditu USAP azterketak; Batxilerreko curriculumaren zati handi bat Espainiako Gobernuak zehazten du, gainerakoan askatasuna du erkidegoak. Matematikan, esaterako, Salazarrek kontatu digu curriculumaren %60 estatuak finkatzen duela eta %40 erkidegoak, “baina beste erkidego batzuetako azterketak ikusi izan ditudanean, ia berdinak dira guztiak, Matematikan behintzat ez dago apenas alderik”. Espainiako Estatu osorako proba bakar eta berdina PPren ametsa da aspalditik, baina ez da bideragarria, erkidego bakoitzaren hezkuntza konpetentziak zapalduko lituzkeelako. Dena den, eredu berriak homogeneizaziorako joera duela bai antzematen da zenbait puntutan. Matematikan behintzat zentzuzkoa deritzo Salazarrek, ikasleak karrera egitera erkidego batetik bestera mugitu daitezkeela aurreikusita: “Beste erkidego batzuetan azterketa errazagoa egingo balute, nota hobea atera eta hemengo plazak beteko lituzkete, eta ez da justua, beraz irizpide amankomun batzuk adostea ongi ikusten dut. Bestela, autonomoak izan behar lukete unibertsitateek: tokian tokikoek izan behar lukete lehentasuna”.

Berrocalek dio gaur gaurkoz dezenteko autonomia curricularra mantentzen dutela erkidegoek, eta Aramendik, aldiz, nabaritu du Historian edukiak homogeneizatzeko joera, ondorio garbiarekin: Euskal Herriari zuzenean erreferentzia egiten zioten gaiek pisua galdu dute. “Gerra zibila Euskal Herrian”, adibidez, curriculumeko hamabi gaietako bat izatetik igaro da gaien barruan dauden epigrafeetako bat gehiago izatera (guztira 41 epigrafe daude); alegia, gerra zibilaren bilakaeraz jarduten duen gaiaren barruan, etapa batean integratu dute. “Foru auzia” ere gai bat zen, luze-zabal lantzen zuten, baina epigrafe bilakatu dute, Primo de Riveraren diktaduraren maila berean. Eta “Nazionalismoa” gaia zuzenean desagertu egin da aurtengo USAP proban, nahiz eta azkenean, Historiako irakasleen kexen ostean, epigrafe gisa mantentzea onartu duten.

"Irakasle batzuk saiatzen gara tokiko historiari lekua egiten, nik adibidez Mutrikuko historia sartzen dut curriculumean, baina denbora aldetik larri ibiltzen gara –gehitu du Aramendik–. Gainera, borondatezkoa da, ikastetxeko Historia mintegiaren esku geratzen da, eta datorkigun curriculuma aldiz, derrigorrezkoa da, hor dago arriskua. Eta larria iruditzen zait, curriculumaren ardatza gure historiak izan behar lukeelako, guretik egina".

Filosofiaren historia ikasgai gisa hartuta, edozein programaziotan agertu behar duten klasikoak daudela dio Martinezek (Platon, Sokrates…), eta aldi berean, tokian tokiko ezberdintasunak jasotzea eta erabateko homogeneizazioa ez egotea aberasgarria dela. Aurten, esaterako, Agora Filosofia Elkartearen ekimenez, autore euskaldunak eta emakume gehiago jaso dituzte curriculumean.

Hoberako ala okerrerako aldatu da?

Indarra konpetentzietan jartzea du helburu USAP eredu berriak. Edukiak galdetzeaz gain, azpimarra jarri nahi du ikasleak jakintza horiek aplikatzen, arrazoitzen eta komunikatzen duen gaitasunean. Hala diote azterketa prestatu dutenek, baina hori al da lortu dutena? Historian, esaterako, gai bat garatu beharrean, gertakari jakin baten kausak eta ondorioak galdetu zituzten iaz, eta ideia ongi ikusten du Aramendik, “gertaerak erlazionatzeko modua da”, baina memoriaz ikasi zituzten ikasleek, ordura arte bezala, eta antzera gertatzen da beste ariketekin ere: “Zalantzak ditut halako azterketa baten bidez neurtu ote daitekeen ikasle batek konpetentziak barneratu dituen ala ez, eta zalantzak ditut zenbateraino den azterketa hau konpetentziala eta aurrekoa ez: epigrafe baten garapena egin behar da, eta hori ikasi egiten da, iturri historikoa emanda hausnarketa bilatzen da, eta horretarako ere eduki eta prozesu historikoak ikasi egin behar dira; gainera, irakasleok sistematizatu egiten dugu hori guztia, gidoia lantzen dugu ikasleekin, azterketan inprobisazioan ez erortzeko. Ariketa berriak ongi daude, baina bibliografia bat eman eta ikasleek hausnartzea, planteamendu hori lurreratzea zaila ikusten dut astean hiru ordu izanda, asko eskatzen da eta denbora mugatua dugu”. Azterketa egiteko denbora ere oso urria iruditzen zaio Historia irakasleari: 90 minututan gehiegi eskatzen zaie ikasleei, dio.

Itsaso Aramendi: "Zalantzak ditut halako azterketa batek neurtu ote ditzakeen ikasle batek konpetentziak barneratu ote dituen, eta zenbateraino den azterketa hau konpetentziala eta aurrekoa ez"

Geologia dagoeneko nahiko konpetentziala zela eta ez dela askorik aldatu azaldu digu Asier Berrocalek, mapa bat jarri eta planteaturiko arazoari erantzun behar diola ikasleak, lehen bezala orain ere. Eta Biologian, gustuko du ikuspegi berria: testu edo grafika batetik abiatuta, galderak egiten zaizkio ikasleari.

Matematikan, lehen buruketa bakoitza gai bati lotuta zegoen eta orain gai ezberdinei lotuta ager daiteke (estatistika, probabilitatea, analisia…). "Konpetenzialagoa da, ikasleak lotu behar dituelako konpetentzia zientifikoak, irakurmena, gai ezberdinak, informazioa, jakin behar du dena ondorioztatzen… eta gaiak nahastea politagoa da –iritzi dio Salazarrek– baina zailagoa ere bada, emaitzak okerragoak dira eta ondorioz gazteek zailagoa izango dute nota ona ateratzea eta nahi duten lekuan sartzea. Galdera da: zein da azterketa honen helburua?”.

Filosofiaren kasuan, Martinezek kontatu digu iazko azterketa eredu berrira egokitzeko trantsizioa izan zela eta aldaketak batez ere aurten etorri direla: autore gutxi batzuk sakon lantzetik, igaro dira autore asko azaletik jorratu behar izatera. “Eredu bakoitzak ditu bere argi eta itzalak. Lehen arretaz eta patxadaz landu genitzakeen autoreak; orain ‘autore entsalada’ dugu, baina pentsalari asko egoteak ekartzen du ikasleek aukera gehiago izatea horietakoren batekin konektatzeko, gustura hartu eta sakondu nahi izateko”. Hori bai, kasik norbere esku geratzen da sakontzearena, klase orduetan apenas geratzen zaien-eta denborarik. Eredu hau hobea ala okerragoa den, Agora Filosofia Elkartean eztabaidan aritu dira, baina ez dute iritzi bateraturik.

Disertazio filosofikoaren ariketak gogoeta bultzatu nahi du azterketan, baina ariketa hori ere bazegoen aurreko ereduan. Orain nolabait planteatzen da ez izatea oso zuzendua, irekiagoa izatea, baina honetan ere, ikasleek nahiago dute idatziko dutena aurrez ikasia edo prestatua izan, eta bide horretan tresna berri bat indar handia ari da hartzen: adimen artifiziala. Arazo handietako bat horixe dutela dio Martinezek: “ChatGPTri eska diezaiokezu disertazioa egiteko, kontrako eta aldeko argudioekin eta ondorioarekin, eta ikasleek hori egiten duten heinean, hausnarketa bultzatu beharko luketen idatziak datoz oso modu mekanikoan AA erabilita eginak”.

Peio Salazar: "Azterketa zailagoa da, emaitzak okerragoak dira eta ondorioz gazteek zailagoa izango dute nota ona ateratzea eta nahi duten lekuan sartzea. Zein da azterketa honen helburua?"

Hain justu, adimen artifiziala protagonista da aurtengo USAP probaren ataritan, azterketa guneetan frekuentzia-detektagailuak ezartzeko aukera jarri baitute mahai gainean, ikasleek ez dezaten AA erabili (edo bestelako gailu elektroniko eta enparauak) iruzurra egiteko.

Benetan da konpetentzialagoa?

Aipatu dugu, probak hainbat elementu konpetentzialagoak dituela adierazi digute solaskide batzuek, zalantzak ditu beste hainbatek. Salazarren ustez, azterketa baten bidez konpetentzia batzuk bai, baina beste batzuk ezin dira ebaluatu: “Matematikan, konpetentzia soziala, digitala, idazketa… ezin dira ordu eta erdiko proba batean neurtu, gainera konpetentziak ebaluatzeko jarraitutasuna behar da, ikasleak ezagutu eta haien segimendua egin”.

Iñigo Martinezen iritziz, ikasitakoa dena delakoa ere, artifizialki modua bilatzen da edo beste modu batera galdetzen da, konpetentzial gisa aurkezteko eta justifikatzeko: “Iruditzen zait lehenengo edukiak pentsatzen direla eta gero datorrela kosmetika konpetentziala”. Kritiko mintzatu da konpetentzien diskurtsoarekin: “Ez dezagun ahaztu hiztegi enpresarial eta pragmatiko batetik datorrela, eta hori sartu zaigu hezkuntzan; egiten dugun gauza bakoitza zehatz-mehatz neurtu behar da, jakin behar dugu zertarako balio duen eta zein konpetentzia landuko dituen”. Beste ondorio bat ere ekarri du: orokorrean, teoria gaizki ikusita dago eta praktikoa ongi, eta hori "sinplekeria hutsa" da: "Teoriarik gabe praktika itsua bideratzen da. Nola arrazoituko, kritikatuko edo eztabaidatuko dugu zerbait, ongi ezagutzen ez badugu? Teoriaren eta memoriaren etsai bihurtu dira diskurtso berriak, baina kontuan har dezagun memoriaz ikasitakoa ongi azaltzen ikasteak bere baitan hartzen dituela ulermena eta gogoeta”.

Ikasle mugimenduen protestak. Ezkerrean, Ikama. Eskuinean, Ikasle Antolakunde Sozialista.

Zenbaki baten menpe

Zenbatetan ez ote den ezbaian jarri proba hau, izan selektibitatea, baxoa edo USAP. Azken finean, hutsune nabariak ditu. Proban neurtzen dituzten ikasgai ugarik, esaterako, ez du zerikusirik gero ikasleak hautatuko duen bide zehatzarekin, eta horregatik, karrera bakoitzak bere proba propioa egitea ez da hain ezohikoa, hainbat herrialdetan. “Gehien ahalegintzen denak lortuko du arrakasta bizitzan, ideia hori saltzen zaigu, baita hezkuntzan ere, baina ideia horrek ez ditu faktore asko kontuan hartzen. Nota filtro sozialerako mekanismoa da, gaitasun jakin batzuk baino ez ditu aintzat hartzen, eta baldintza ekonomiko ugari ezkutatzen dira nota baten atzean: etxeko egoera zein den, klase partikularrak ordaindu ote ditzakezun, zure herriko azpiegiturak zein diren…”, kritikatu zuen Ikasle Abertzaleetako Ibai Berezibarrek ARGIAn.

Asier Berrocal: "Ongi legoke ikasleek trantze txar hau igaro behar ez izatea, baina ez zait okurritzen nola egin, hainbeste institututatik nota-irizpide ezberdinekin datozen ikasle guztien aukerak parekatzeko"

“Egia da ongi legokeela ikasleek trantze txar hau igaro behar ez izatea, baina ez zait okurritzen nola egin, hainbeste institututatik nota-irizpide ezberdinekin datozen ikasle guztien aukerak parekatzeko, ez bada denentzat proba bera jarrita”, gogoetatu du Berrocalek. Institutu ezberdinei gehitu behar zaizkie erkidego ezberdinak, ikasleetako batzuk Espainiako Estatuan “lehiatuko” baitira –beste erkidego batzuetara mugitzeko asmoa, aukera eta baliabideak dituztenak–. Eta puntu horretan, kontuan hartuta erkidego batetik bestera azterketan –eta haren zailtasun mailan– aldea dagoela, hainbat adituk proposatu du herrialde anglosaxoietan zabalduta dagoen sistema: proban lortutako zenbakia aintzat hartu ordez, erkidego horretan gainerako ikasleek atera duten notarekiko kalifikatzea ikasleak –esaterako, erkidego jakin bateko azterketa zail batean 7 ateratzea izan daiteke beste erkidego bateko azterketa errazago batean 9 ateratzearen pareko–. Gerta daiteke, ordea, bigarren erkidegoko ikasleek nota hobea ateratzea ez azterketa errazagoa delako, baizik eta hobeto prestatuta daudelako. Gainera, ez da ahaztu behar USAPen ateratako nota gorabehera, Batxilerrean izandako espediente akademikoak pisu handia duela, kalifikazioaren %60 Batxilerreko batez bestekotik ateratzen baita.

Bere kalifikazioaren beste %40a ahalik eta altuena izan dadin, USAP proba buru-belarri prestatzen aurkitu dugu Saioa. 18 urte bete berri ditu eta urduri dago, Erizaintza ikasi nahi duelako eta karrera horretan sartzeko nota altua eskatzen dutelako EHUn. Lortzen ez badu, B plana ere pentsatua du: modulu bat hasiko du eta ondoren egingo du salto karrerara. Salazarrek aipatzen zuen moduan, etapa honen garrantzia erlatibizatzea eta bere neurrian hartzea komeni baita.

Imanol Otegi / Foku


 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Selektibitatea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.