Tortura: atzo, gaur eta... zer egin bihar gerta ez dadin?

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Indar sionistek bahitu eta torturatu dituzte Saif [Abukeshek] eta Thiago [Ávila]. Hitz horrek hotzikara eragiten du oraindik gurean, sendatu gabeko zauria delako tortura Euskal Herrian.

Gure herrian modu masibo eta sistematikoan torturatu da. Datu ofizialen arabera, 1960-2015 tartean, gutxienez, 5.379 tortura kasu izan dira. Baina horiek Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako txostenaren kopuruak baino ez dira. Jakin badakigu dokumentatutakoak ez direla gertatutako guztiak eta agertuko direla kasu gehiago, ikerketek aurrera egin ahala.

Zifrek islatzen duten zauria sakonagoa da; ondorio politiko, sozial, kultural eta humanoak oraindik ez dira erabat ezagutzen. Nire gaztaroa torturaren beldurrak markatu zuen eta gaurko gazteek ez dute ezagutu erantzuleen aitortzarik, ezta ez-errepikatzeko bermerik ere. Zergatik ez da errepikatuko? Hamarkada luzez, estatuak tortura erabili du euskal disidentziaren aurka, inpunitate osoz, indar polizial, epaile, auzitegi-mediku, politikari eta komunikabideen laguntzarekin. Zigorgabetasunez jokatu duten arduradun gehiegi daude, isiltasuna zaratatsuegia da oraino.

Non egon dira Palestinako torturekin asaldatzen diren espainolen adierazpenak, beraien etxean gertatu denean?

Palestinan, berriz, eguneroko errealitate beldurgarria da tortura. Francesca Albanesek 2026an NBEn aurkeztu duen txostenaren arabera, palestinarrei ezarritako dominazioaren eta zigorraren elementu integrala bihurtu da. Atxiloketa-zentroetatik harago zabaltzen du torturaren kontzeptua, eta okupatutako lurralde osoan kokatu. Etxebizitzen suntsipen masiboek, laguntza humanitarioaren blokeoek, hilketek, desplazamendu behartuek eta abarrek osatzen dute etengabeko ikara psikologiko erregimena, herri osoaren erresistentzia haustera, duintasuna kentzera eta lurra uztera bultzatzera bideratua.

18.500 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte 2023ko urritik. Gutxienez 9.245 pertsona daude atxilotuta eta 4.000 desagertuta. Ziegetan eguneroko ogi: janik eza, jipoiak, bortxaketak, biluztera behartzea, deskarga elektrikoak, txakurrak erabiltzea, organo lapurreta, isolamendu luzea, arreta medikoa ez ematea...

Eta niri galderak pilatzen zaizkit: non egon dira Palestinako torturekin asaldatzen diren espainolen adierazpenak, beraien etxean gertatu denean? Eta non Espainiako, Nafarroako eta EAEko gobernuen “ez dadila berriro gertatu”-ak? Beraiek bilatu eta ahalbidetu dutelako existitu da tortura gure herrian, baita Palestinan ere, genozidioaren negozioa elikatzen baitute hemendik. Zapaldutako herri guztien eskubideak lortu arte, ez dugu “ez errepikatzeko bermerik” izango, sistema estututa sentituko den aldiro, berriz ere egingo duelako, zalantzarik gabe. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Tortura Politika Polizia
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.