Ezin atera
Orsini
DDT banaketak, Tough Ain't Enough, Antídoto, Andalucía Über Alles and Crapoulet records, 2026
-------------
Orsini taldearen lehen lana, Ezin atera, ez da oharkabean pasatzen. Hasieratik bertatik sumatzen da disko honek baduela zerbait barrutik datorrena, ez dela asperdurari aurre egiteko, besterik gabe, sorturikoa. Soinuaren aldetik, punkaren bulkada zuzenak eta post-punkaren giro ilun eta zorrotzek elkar ukitzen dute, jakinik, gaur egun, punkzaleak poparen eta gitarra alaien bueltan ere badabiltzatela.
Eszenako ezagunak ditugu Orsinikoak, eta, horregatik, zuzenekoaren sendotasunak ez du harritzen. Jarrera eta doinu alaiak, zer gehiago behar! Pistoleroak hirian, hitzak errebotera jolasten, kaleetako borrokak...
Badago intimitate puntu bat, galera eta hutsunearekin lotua, disko osoan agertzen dena. Izen bereko Ezin atera piezan, esaterako, buelta ematen dion sentsazio horrek —irteerarik gabeko zirkuluak— ondo islatzen du paralisi emozionala eta buruko nekearen pisua. Hor, pertsona bat baino gehiago dirudi itzal bat, sistemaren barruan galduta. Horixe dugu akaso Orsiniri lotura.
Felice Orsini anarkista italiarrak Napoleon III.aren kontra atentatua egiteko asmatu zuen bonba mota da Orsini. XIX.mendearen amaieran Mendebaldeko anarkistek erruz erabili zuten, atentatu odoltsuak egiteko burgesiaren bihotzean: antzoki, jaialdi, bulebar… Bartzelonan ere erabili zuten sarri. Hara bere fama, Gaudi berak Bartzelonako Familia Santua katedralean langile bat irudikatu zuela Orsini batekin!
Lerro hauetan sarri goraipatu ditugu Bilbo aldeko DIY eszenatik datozen taldeak. Undergroundaren maitasuna jaso, eta oholtza txikietan sarea ehuntzen duen eszenaren parte dira taldeok. Afterpost eta DDT gisako kolektiboak, bozgorailu. (A, eta Nerbioi, Santurtzitik pasatzen dela aprobetxatuta: diru bilketa egiten ari dira DDTkoak lokal berri bat atontzeko. Egin Ezazu Zuk Zeuk ere laguntzatxoa).
Bonbak goraipatzeak, gaur egun, erokeria dirudi. Bonbak ez dira gehiago mundu berri baten promesak, langile erradikalen artean klandestinoki zabaltzen diren esperantzak. Bonbak piloturik gabeko droneetan doaz hegan herri xumeen kontra. Horien ordez, eta zer egin pentsatzen dugun bitartean, hasi gaitezke Orsiniren bonba sonikoekin beste sare batzuk eraikitzen. Panorama ikusita, ez da gutxi!