Iragana ezin dela sendatu zioen Elisabet I.a Ingalaterrakoak. Iragan horretara bidaiatzen du Nagore Irazustabarrenak (Donostia, 1973) duela hogei urtetik ARGIAko Denboraren Makina sailean, eta berrikiago Oroimen Histerikoa podkastean. Orain, Oker habil Makiavelo liburuan historiako gertaera eta pasadizo bitxiei txinparta atera die, Itxaro Bordak hitzaurrean dioen moduan, ironia pipertsu batekin. Zeren eta historia ezin da sendatu, baina gatz pixka batekin zerbait ikasi daiteke.
Hogei urte daramatzazu Denboren Makina sailean idazten, ia AHTko obrek bezainbeste. Historiara igaro zara!
Imajinatu ze zaharra naizen. Emakumeen adina esatea edukazio txarrekoa omen dela diote, baina gauza bat aitortuko dizut... Hasi eta gutxira muga bat jarri genuen: zein izango da kontatuko dudan historia berriena? Eta 1973. urtea finkatu genuen.
Petrolioaren krisiagatik?
Ez, ni jaio nintzen urtea delako.
Argudio oso pisutsua, zinez.
Egia da izan zitekeela petrolioaren krisiagatik, edo urte hartako irailaren 11n, ni jaio nintzen egunean, Pinochetek estatu kolpea eman zuelako. Gauza da pentsatu genuela norberak bizitzen duena jadanik ez dela historia.
“Hizki larriz idatzi den historia hori ez da objektiboa, kontrakoa, oso interesatua da eta boterearen zerbitzura egon da”
Baina muga hori gainditu duzu zure artikuluetan...
Noski, ondo dakizun moduan. Ez zaizu pauso handia iruditzen konturatzea zure haurtzaroan edo gaztaroan bizi izan zenituenak historia direla jadanik?
Orduan, historiara beharrean memoriara jo dezakezu.
Adibidez, duela gutxi NATOren kontrako kanpainari buruz idatzi nuenean, gertatutakoaz gogoratzen nintzen. Hori berezia da, zaharra sentiarazten zaitu, baina helduleku bat ere ematen dizu. Gainera, jaioturtearen muga horrek ez du zentzurik, fakultatean erakutsi ziguten objektiboa izatea ezinezkoa dela. Historia bizitzea baino hurbilpen zintzoagorik ez dago. Nahiko genuke benetan Denboraren Makina bat izan eta iragana bizi ahal izatea. Beno gauza batzuk ez, Holokaustoa ez nuke biziko.
900 artikulu baino gehiago. Ez zaizkizu gaiak agortzen?
Aniztasuna bilatzea izan da gakoa, historiografiak orokorrean zerbait falta badu, hori aniztasuna delako. Hutsune pila bat daude, eta horiek ikerlariek bakarrik ez, dibulgazioan gabiltzanok ere bete behar ditugu; baina gauzak zorrotz landuta, ze historia serioa ez egitea oso serioa iruditzen zait.
Liburu bat egitea bai da serioa. Baina hau bilduma bat baino gehiago da...
Hogei urteotan gauzak azaltzeko moduak aldatu dira, eta liburua aukera polita izan da artikuluei eguneraketak egiteko eta eduki berriak sartzeko.
Alegia, historia berridatzi daitekeela.
Bere horretan denboran bidaiatzea bezala izan da, eta batzuetan gogorra ere bai, ikustea zu horrek, historialari gazte hark, ze gauza idazten zituen eta non jartzen zuen fokua.
Kristoren prepuzioa eta antzeko ez ohiko kontuei heltzen diezu. Itxaro Bordak liburuaren hitzaurrean dio “mikrohistoria” egiten duzula. Hain txikia benetan?
Ba erlikia kopuruari begiratzen badiogu ez, zeren 1907an aditu batek hamahiru prepuzio kontatu zituen... Horrek bi hipotesitara garamatza: edo prepuzio bakarraren zatiak ziren eta kristorena zeukan, edo hamahiru zakil zituen. Nik Bibliak kontatzen duena ikusita, ez nuke bigarren hipotesia baztertuko.
Lehenengo obra abstraktua Hilma af Klintek egin zuen; baina testuliburuetan Kandinskik jarraituko du agertzen abstrakzioaren sortzaile gisa. Gizonezkoei
ez zaizkie inoiz
tituluak kentzen
Markus Redikerren esanetan “behekoen” historia egin behar da. Berak piraten historiak kontatzen ditu, eta zuk kolonizatu, esklabo eta zapalduengana jotzen duzu.
Baina behekoen historia hori egiten duzunean goikoena ere egiten duzu: behekoak behean daude, norbait goian dagoelako, ezta? Horregatik, monarkiaren, eliza katolikoaren edo gizonezko boteretsuen historiak ere kontatzen ditut nik. Gauza da nola egiten duzun hori, saiatzen naiz behekoei protagonismoa ematen eta beste ikuspuntu batetik beraien lekuan jartzen.
Baina, esan egia, sotanadunei eta errege pelukadunei buruz hitz egiten duzu outfit kutrea dutelako.
Bai, oufit-arekin badaukat zerbait... Elkarrizketa hau bezalako momentuetan gorbatarekin nahita etortzen naiz gizonezkoen beste oufit tipiko batez jabetzeko. Begira, duela gutxi ICEri buruz idatzi dut, AEBetako migrazio eta aduana poliziari buruz. “Trumpen Gestapo” deitzen diote. Ez konparatu, faborez. Gestapokoak torturatzaileak eta beldurgarriak ziren, baina oso eleganteak, SSen uniformeak Hugo Bossek diseinatu zituen.
Faxismo elegantea orduan...
Jendea atxilotu, deportatu eta hil behar baduzu, egin ezazu elegantziaz... Ez, fribolitateak aparte utzita, estetikaz haragoko zerbait da hau. Takoidun zapatak etortzen zaizkit burura: zale amorratuena seguruenik Luis XIV.a izango zen, botere absolutuaren paradigma. Koadroetan ikusten da nola eramaten zituen jantzita, eta gainera esaten zuen oso hanka politak egiten zizkiola. Zer gertatzen da? Monarkak zapatak erabiltzen hasi eta konturatu zirenean ez direla batere erosoak, orduan emakumeen prenda bihurtu ziren.
Zentzu estuenean.
Ez dira praktikoak, eta gainera mingarriak dira. Hugo Boss aipatu dugu, baina beste diseinatzaile ospetsu bat [Coco] Chanel da, gainera goi joskintzarekin lotzen den emakume bakarra da. Chanelek emakumezkoen jantziei oso gauza sinplea iruditzen zaiguna jarri zien, poltsikoak. Oihal zati txiki bat zen, baina emakumearen askapenean sekulako aurrerapena izan zen, ordura arte gainean ezin zutelako ezer eraman, gizonek ez bezala. Chanel luxuarekin lotzen da, baina oso ekintza feminista egin zuen.
Eta Wimbledonen zer gertatu zen jantziekin?
Wimbledoneko kodeak esaten du denek zuriz jokatu behar dutela, baina emakumeek gonekin jokatzen dute tenisean, eta kuleroak ikusten dira: imajinatu hilekoa dutenean, desabantaila bat izan liteke... Ba atzo arte ez diete utzi beste kolore bateko kuleroak eramaten. Aldiz, duela mende bat Jean Borotra euskal tenislariak –portzierto, Lacosteren oso laguna–, txapela beltzarekin jokatzen zuen arazorik gabe.
Bad Bunny ere zuriz atera zen Superbowlean, baina Zarako jantziarekin.
Nik uste hori kritikagarria dela, berak gaitasuna dauka nahi duena janzteko Amancio Ortegari dirurik eman gabe. Begira Claudia Sheinbaum, Mexikoko presidentea, bertako diseinatzaileek egindako jantzi tradizionalak eramaten ditu. Hala ere, Bad Bunnyk soinean zeramana baino, inportanteagoa da eskuetan zuena, Puerto Ricoko bandera independentista hiruki urdin argiarekin.
“Denak gara amerikarrak” aldarrikatu zuen, supremazismoaren aurka.
Estatubatuarrek erabaki dute Amerika beraiek bakarrik direla.
“Hutsune pila bat daude, eta horiek ikerlariek bakarrik ez, dibulgazioan gabiltzanok ere bete behar ditugu; baina gauzak zorrotz landuta, ze historia serioa ez egitea oso serioa iruditzen zait”
Zu Coca-Cola batekin etorri zara elkarrizketa honetara.
Kafea ez zait gustatzen eta kafeina duelako edaten dut, baina Tropikola ere edan nezakeen.
Denok ditugu kontraesanak, baita iraganera begira ere.
Baina historia idazterakoan, kontraesanetatik egin dezakezu... eta pribilegioetatik ere bai.
Ea nola azaltzen duzun hori.
Ni emakumea naiz, beraz “behekoen” historian sar naiteke, gainera 50 urtetik gora ditut, puntu gehiago niretzat, eta hizkuntza gutxitu batean bizi naiz estaturik gabeko nazio batean... Baina zuria naiz, oso zuria, eta ekonomikoki pribilegiatua, lehen mundu honetan. Iraganari begira ere, euskal herritarra izatea zapaldua izatea da, baina oso zapaltzailea izatea ere bada. Orduan, emakume naizen aldetik baztertuen ahotsa izan naiteke, baina edozein auzitan aitortu behar dugu pribilegiatuak izan gaitezkeela, eta hortik ikasi behar dugu gure buruaren ikuspegi kritiko bat izaten.
Ona, baina gizona, esan ohi da. Zergatik bihurtu ditu historiak emakumeak ikusezin?
Gizonezkoek idatzi dutelako. Topikoa da esatea historia irabazleek idatzi dutela, baina gurpil bat da: historia idazteko aukera gehien dutenek, irabazteko aukera gehiago dute. Horrela, irabazleak dira gizonezkoak, zuriak, heteroak, aberatsak...
Liburura Rosetta Tharpe edo Lee Miller ekarri dituzu. Emakumeak munduaren %51 izanik, asko utzi dituzu kanpoan?
Lee Millerrena liburuan sartu dugun argazki bakarra da: aurretik modeloa izandako Vogue-ko kazetari bat Hitlerren baineran sartuta... sekulako indarra dauka. Tharpe, berriz, ez zen soilik emakumea, beltza ere bazen, eta lesbiana, eta hanka bat moztu zioten osasun arazo batengatik.
Pribilegiatua ez izateko puntu asko.
Pribilegiatua talentua zuen. Rosetta Tharpe rock and rollaren ama da, ama soltera, eta hori aitortzen zaio. Baina askotan emakume horiei buruz paternalismotik hitz egiten da, salbuespena balira bezala, eta aldiz, gizonezkoei ez zaizkie tituluak inoiz kentzen.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Beste adibide batekin azalduko dizut. Hilma af Klint abstrakzioaren sortzailea izan zen, hau ere ama soltera bere arloan. Esfortzu handiz, feminismoak aldarrikatu zuen lehenengo obra abstraktua berak egin zuela. Ba berdin du, testuliburuetan Kandinskik jarraituko du agertzen abstrakzioaren sortzaile gisa. Beraz, lehengora itzulita, kanpoan asko utzi ditugun? Historiak utzi ditu. Liburu bat, bi eta hiru egin daitezke beraiekin.
Afrikako griot kantariak “artxibo historiko biziak” direla ere badiozu liburuan. Ze garrantzi dauka ahozkoak?
Badirudi idatzita geratzen dena iraunkorragoa eta apelaezina dela. Baina ahozkoak historiari ematen dio informaltasun bat, naturalagoa da, eta batzuetan istorioek, anekdotek, mitoek... hala direla kontziente izanik, informazioa ematen dizute. Zeren eta hizki larriz idatzi den historia hori ere ez da objektiboa, kontrakoa, oso interesatua da eta boterearen zerbitzura egon da. Griotek beste mundu bat transmititu digute, mendetan ez direlako isildu.
Oroimen histerikoa-n Axier Lopez eta zu ere ez zarete isilik geratzen, historia jorratzen duen Nieves Concostrina kazetari umoretsua bezala...
Badakizu bera duela gutxi isilarazi dutela? Isabel Díaz Ayusori buruz El País-en zerbait idatzi du eta kontu eske joan zaizkio. 50 urte bete ditu egunkariak eta begira ze urrun iritsi den.
Ironia sumatzen dut zure erantzunean.
Batzuetan negar ez egiteko barre egin behar duzu. Nik ez dut umorerik egingo Clara Immerwahr zientzialariaren suizidioaz: fisika eta kimikan Alemaniako lehen doktore emakumea izan zen, senarra ere zientzialaria zuen, gerra kriminala, eta haren itzaletik ateratzeko Immerwahrek tiroa jo zion bere buruari lorategian. Baina, sentitzen dut, Karlos II.aren autopsiaz barre egiteko eskubide osoa dugula uste dut.
“Historiatik ikasi eta gauzak hobetu daitezke, betiko akatsetan erori gabe”
Zer da hogei urte hauetan aurkitu duzun gauzarik absurduena?
Gauza absurduenak “goikoen” artean daude zalantzarik gabe. Beti pentsatu izan dugu maratoiko luzera Atenaseraino dagoen bideagatik dela. Ba ez. Hasieran 40 kilometro ingurukoa zen, baina 1908ko Londresko olinpiar jokoetan errege jauregitik pasatzeko luzatu zuten, monarkek balkoitik ikusi nahi zutelako, ez zuten kalera jaitsi nahi herri xehearekin. Horregatik ditu 42,195 kilometro, mitikoa dirudien distantzia.
Lehen estetikaz hitz egin duzu, baina irudiak nolako eragina du historian?
Eskultura klasikoa eredu izan da beti, baina aurkitu diren pigmentuengatik badakigu margotuta eta osorik zeudela –Miloren Venusa-k ez dauka besorik, adibidez–. Klasizismoaren estetika guztia ajatuta eta mutilatuta dauden irudietan oinarritu dugu, gero oso kapazitistak garen arren.
Xabier Sagastak egin ditu libururako ilustrazioak. Horiek etorkizunean nola ikusiko dituzte?
Flipanteak iruditzen zaizkit. Idazterakoan nola ilustratzerakoan, nire ustez, gure errealitatetik egin behar dugu, konplexurik gabe, eta berak oso ondo asmatu du horretan. Nola ikusiko diren? Zerbaitengatik aukeratu du Deloreana azalerako...
Azal horretan Makiavelori "oker habil" esatera ausartzen zara, zergatik?
Makiavelok esaten du etorkizunera bidaiatzeko modurik onena iraganera jotzea dela, gizakiak beti egiten dituelako akats berak; badirudi historia etengabe errepikatzera kondenatuta gaudela. Ni ados nago horrekin nire denboraren %90ean. Baina historiatik ere ikasi daiteke, eta gauzak hobetu daitezke betiko akatsetan erori gabe... liburuan adibide pila bat daude.
Barkatu, The NeverEnding Story-ren (Amaigabeko istorioa) soinu banda ari dira jartzen, agian amaitzeko ordua da.
Orain arte ez dut ezer esan, baina lehentxeago Olivia Newton Johnen Xanadu jarri dute.

Denboraren Makina saileko artikuluetatik abiatuta, ARGIAko lantalde batek denbora luzez ondutako historia lana da Oker habil Makiavelo. 57 bidaia iraganetik ikasteko. Diseinu zainduarekin egina, Nagore Irazustabarrenak bereziki prestaturiko artikuluez gain, Xabier Sagastaren ilustrazio bikainak ere aurkituko ditu irakurleak liburuan barrena, orrialde osotara.
Gainera, Itxaro Borda idazle eta historian lizentziatuak hitzaurre mamitsua egin dio: "Liburu honekin irakurleak ikasiko du, asko, eta momentu onak biziko ditu, irakurketa plazer putzu bilakatuta". Ez galdu denboran bidaiatzeko aukera paregabe hau. Liburua jadanik salgai dago ARGIAren webguneko Azokan eskaintza bereziekin, eta ekainaren 6an Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan ere izango da egilea.
Egilea: Nagore Irazustabarrena Uranga
Orrialde kopurua: 224
Prezioa: 18 euro
Eskaintza berezia:
Ekainaren 11 baino lehen ARGIAkoa eginez gero, liburua doan. Harpidedunek, bidalketa gasturik gabe, horretarako deitu edo idatzi:
komunitatea@argia.eus
(+34) 943 37 15 45
Aurkezpena:
Ekainaren 4an, ostegunez, 12:00etan ARGIAko Lasarte-Oriako egoitzan, jende guztiarentzat irekia.