“Jendeak ez du benetan defendatzen bere proposamen artistikoa”

  • Aurten kaleratu du Mateo Zikuta gasteiztarrak lehen lan luzea, Ketura Operazioa. Zazpi urte igaro dira azken maketa atera zuenetik, eta abesti eta zuzeneko ugari ere egin ditu ordutik. Zigoitian (Araba) dagoen paraje batek ematen dio diskoari izena, Gerra Zibilean han izandako fronteagatik, eta ondo adierazten ditu diskoaren izaera eta asmoa: proposamen bat bataila kulturalean. El Garto (Gasteiz, 1999) izan du lagun baseak egiten.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA
Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aurreko lanak baino zerbait biribilagoa eta pisutsuagoa egiten saiatu zarete. Nahi zenuten emaitza lortu duzue?
Uste dut lortu dugula musikalki eta kontzeptualki koherentea den disko bat egitea. Lan luze batekin itzultzearen helburuetako bat bazen izan dugun garapena erakustea eta proposamen, gure ustez, original batekin etortzea. Bereziki sanpleen lanketa da jorratu duguna. Gaur egungo raparen drumless edo grime estiloa jarraitu dugu, bpm motelak; eta egin duguna izan da euskal musika asko entzun, guri interesatzen zitzaizkigun loop-ak hartu, tratatu, batzuetan perkusioarekin eta beste batzuetan gabe, moldaketa gutxi batzuk egin… hor ibili gara, Garto oso musikari ona baita. Kontuan hartuta lehenagoko guztia Youtubetik hartutako baseekin egin dugula, horrela lan egiteak nortasuna ematen dizu, kontrol handiagoa.

Sanple-ak zergatik eta nola erabili dituzue? Zein dira zuen erreferenteak?
Sanple-aren teknikak ate bat irekitzen dizu gauza ezberdinekin harremantzeko. Ez bakarrik produkzio prozesuan, bilaketa prozesuan ere bai. AEBetako rapean 1970eko soulera jo izan da sanple-etarako musika bila. Gaur egun badago tokian tokiko sanpleak bilatzeko joera oso interesgarri bat. Guk Argentinan aurkitu ditugu ariketa horren adibide interesgarrienak: Spinettaje Intenso edo Ballet para las masas diskoetan, adibidez. Interesgarria da nola folklorizaziorik gabe erabili dituzten haien herriko soinuak. Bide antzekoa jorratu nahi izan dugu guk ere, %100 Euskal Herrian egindako musika sanpleatuta. Gainera, ez da soilik soinuarekin harremandu garela: balio izan digu bilaketa prozesuan euskal musika politikoaren tradizioarekin bat egiteko ere, eta iraganarekin harreman horrek, gure ustez, balioa eta esanahia gehitzen dizkio diskoari.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Gerra iruditeri eta hiztegiak zeharkatzen dute disko osoa. 
Gerraren iruditeria asko erabili izan da rapean. Hizkera militarra eta artistikoa ere beti egon dira oso lotuta: abangoardia, erretagoardia… Irudi oso indartsuak dira. 2019an izan nuen ideia: disko bat egingo banu, gerra iruditeria erabiliko nuen. Letrak garatzen joan ahala, pentsatu nuen gerraz hitz egiterakoan hiru gauza ezberdini buruz hitz egin daitekeela: herrialdeen arteko gerra, gaur egun gertatzen ari dena –ez zegoena hain presente diskoa idazten hasi nintzenean, eta orain, aldiz, bai–; gero dago klase gatazka; eta azkenik, nolabait metaforikoki, borroka kulturala. Eta hortik dator diskoari Operazio izena jartzea, esanez gerra kulturalean disko guztiak direla operazioak. Gurea ere bai.

Ideia horrekin bueltaka ari nintzela ezagutu nuen Keturako (Zigoitia, Araba) bunkerretan indusketak egin zituen arkeologo bat. Gerra grafitien historia kontatu zidan, nola aurkitu zuten igitaia eta mailu bat milizianoek eginda, eta konturatu nintzen bikain zetorkiola buruan nuen kontzeptuari. Ideia horri lotuta dago guk geuk nola ulertu nahiko genukeen artea: borroka (politiko) batean gaude, eta artea guretzat tresna bat da gure burua berresteko gure egitekoan; nolabait gazte horiek egin zuten bezala haien izena idatzita zementuan, etsaiaren erasoaldiaren zain. Horretaz gain, hip-hoparen barruan grafitiak pisu handia du, eta hor ere badago lotura. Izena jartzea. Haien batailoiaren zenbakia eta izena jarri zuten. 

"Errealitate honen aurrean zerbait egin behar da eta ez da zertan polita izan"

Soinua iluna da, diskoaren artea eta iruditeria osoa bezala.
Rapean beti egon da soinu ilun eta pisutsua egiteko joera, eta guri gehien interesatzen zaizkigun korronteetan hori egiten da. Jazzetik datozen sanple turbioak, tirabiratsuak ere izan daitezkeenak. Ez da oso atsegina entzuteko, edo ez du zertan izan. Gainera, rapeatzea ez da abestea. Astuna izan daiteke. Orokorrean musikaz espero dena melodiak eta armoniak dira. Rap azpigenero honetan dagoena da loop berdina hiru minutuz entzutea, eta tipo bat hitz egiten. Ulertzen dut rap zalea ez denarentzako ez izatea genero errazena, baina guri interesatzen zaigu, hala ere. Egin izan da rap iluna Euskal Herrian, baina ematen duenez azken aldian poperako joera dagoela, estribillo itsaskorrak… Guk iluntasunera jo nahi izan dugu.

Tonua ere uste dut iluna dela. Egia da eman dezakeela diskoan ez dagoela esperantzarako toki handirik, baina badago dei bat zerbait egitera. Berrespen bat bezala mierda bat den errealitate honen aurrean: zerbait egin behar da, eta ez du zertan polita izan.

Pixka bat kritikoia da diskoa [barrez]. Espero nuen norbait gurekin txarrera sartu izana, baina ez. Iruditzen zait hemen jendeak ez duela benetan defendatzen bere proposamen artistikoa. Jendeak egiten ditu gauzak pixka bat egiteagatik, urbano edo deitu daitekeen estilo horretan. Askotan ez dago proposamenik, dagoena da olatu diferenteetara igotzeko saiakera bat.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Kontraesankorra eman dezake mezu politiko bat zabaldu nahi izateak, eta aldi berean letra kriptikoak eta musika iluna egiteak.
Uste dut arteari eta, konkretuki, musikari helburu politikoak jartzen dizkionak argi izan behar duela, irizpidea eraginkortasuna baldin bada, ez dagoela eraginkorra izateko modu bat eta bakarra. Hain handia da helburua, edo hainbeste azpi-helburu ditugu aldi berean, ez dagoela abesti bat, disko bat edo genero musikal bat behar guztiak aseko dituena. Egin behar dira gauza masifikagarri eta atseginagoak ere, hori ere bada borrokatzeko esparru bat. Baina guk hautatu duguna rapa da, eta rapean posizio on bat edukitzeko eman behar diozu buruari, oso sinple egiten baduzu ere ez duzu jendea erakartzen, konbentzitzen.

Begira, aurrekoan Sobietar Batasuneko estetika eskuliburu bat hartu nuen, eta nahi nuen izatea apur bat mekanizista, kutrea… Ba oso ona zen! 1960ko hamarkadakoa-edo, eta esaten zuen eraginkortasuna ez dela begi bistakoa izatea, eraginkorra izan daitekeela ebidentea izan gabe jendearen interesa piztea, beste sentsibilitate batzuei iristea… Orduan, musika estilo bakoitzak bere ahalmenak ditu, eta raparenak dira testu asko sartu ditzakezula, erreferentzia asko.

Bilatu duzu hori letretan, ezta? 
Entzuteko gehien gustatzen zaidan rapa da ez duzuna zertan lehenengo aldian ulertu, eta ez duena denbora guztian maila diskurtsibo berean hitz egiten: enfokeak aldatzen dituena, intertestualitate moduko bat dagoena. Ez duena esaten “nik hau ikusten dut eta horrela sentitzen naiz eta hau esaten dizut”. Baizik eta izen bat bota, irudi batera joan, zerbait esaten dizut nik nire hitzez, zerbait esaten dizut zuri, zerbait esaten diot berari… Eta gainera, erreferentziak ez doazenean guztiz azalduta, giro edo jakinmin berezia sorten dute. Hortik jotzen saiatu naiz.

Idazterakoan, zer ezaugarri uste duzu dituela euskarak beste hizkuntza batzuen aldean?
Juantxo Arakamak adibidez esaten du badituela abantailak. Nire ustez bakarrik putadak, eta deklinazioaren errua da [barrez]. Esaldiak berdin deklinatuta badaude, errima emanda dago, baina aspergarria da. Moduak aurkitu behar dituzu esaldi amaieran deklinatu gabeko substantiboak jartzeko, adibidez, eta ez da hain erraza. Asko erabiltzen den formula bat da, ingelesez, like ez-dakit-zer erabiltzea, eta gaztelaniaz como, eta euskaraz, behartu dut nire burua pixka bat “nola” erabiltzera. Baina uste dut Bilintxek ere erabili zuela horrela testu batzuetan, edo hori ulertu nion lagun bati [barrez]. Aurrekoan batek esan zidan hori oso gaizki gelditzen dela, ea zergatik ez dudan esaten ez dakit zer “bezala”. Baina “bezala” amaieran jarri behar duzu, eta amaituko duzu errimatzen “bezala”, azala, zabala... denbora guztian. Guk, eta Caliè-rengan [Gasteizko rapero bat] ikusten dut hau bereziki, rap errima konplexuak egiteko egin nahi izan dugu gure, eta horretarako permititzen dizkiogu gure buruari horrelako egiturak, gramatikalki guztiz zuena ez den esaldiren bat tarteka… 

"Rapa ez da berez ezelakoa, rapa da zuk harekin egiten duzuna, eta auzia ez da soilik musikala"

Badago rapean zuen burua kokatzen duzuen korronterik, ikuspegi politiko aldetik?
Musikalki bai, baina zentzu politikoagoan ez dugu erreferentzia handirik, ez bada Euskal Herriko jendea. Gaztelerazko underground-ean dabilen jende batek baditu mezu anti-komertzialak, baina orokorrean ez doa harago, ez dugu ikuspegi bera. Baina rapak badu, aldi berean, nolabaiteko karga politikoki aurrerakoi bat historikoki… Adibidez, Espainiako Estatuan atera dira pare bat tipo zuzenean VOXen aldeko abestiak egiten. Horrek eztabaida ireki du ea “eskuineko rapa” existitu ote daitekeen, eta positiboa da horrelako kasuak problematizatzea. Baina joera orokorra da kezkagarria dena: gazteen artean ideia erreakzionarioetara jotzeko joera. Horrek tokia aurkitu du rapean, minoritarioa den arren.

Rapak baditu elementu batzuk ideia erreakzionarioak erraztu ditzakeenak. Raperoak figura kontestatarioak dira, eta gaur egungo testuinguruan “Pedro Sánchez hijo de puta” eta rollo horrekin bat egin dezake, “politikoki ez zuzena” izatearen fartsa horrekin. Gangsterra ere, raperoaren arketipo nagusia, ez da figura aurrerakoia. Hasieratik erreproduzitzen ditu rapak mundu-ikuspegi kapitalistaren elementuak ere, arrakastaren ideia meritokratikoa, eta abar. Orduan, ondo dago jendeak VOXen aldeko rapero horien aurrean erreakzionatu izana. Hor agertu dira rapak genero moduan dituen elementu positibo batzuk, historian mantendu dituenak, politikoki positiboak guretzako: Poliziari gorrotoa, auzoko bizitza komunitario moduko baten aldeko jarrera, arrazakeriaren aurkako posizioa, hitzari ematen dion balioa… Hori positiboa da, lehen esan dudan bezala. Jendeak balioa ematen dionean hitzari, politikak sarbide interesgarri bat izan dezake. Baina jendeak azalpen esentzialistetara ere jo du, eta gogoan izan behar dugu rapa ez dela berez ezelakoa, rapa dela zuk harekin egiten duzuna. Hor guk zeregin bat dugu, eta auzia ez da musikala, politikoa da. Faxistak desagerrarazi egin behar ditugu, eta ez naiz ari haiek baino kanta hobeak egiteaz.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Aurka kolektiboko kidea ere bazara. Zer ekarpen egin nahi du kolektibo horrek musika eszenan?
Mugimendu Sozialistaren inguruko musikariok urteak generamatzan auziari bueltak ematen: musika eta politika, zer da egin behar duguna? Eferbeszentzia momentu bat egon zen 2019 inguruan, baina ordutik, aldaketa handiak gertatu dira Euskal Herriko musika eszenan. Gure ustez, merkatu berri baten sorrera izan da aldaketa nagusia, eta horrek ekarri du autogestioaren desplazamendua eta despolitizazioa. Izan ere, zenbait hamarkadatan musika dinamizatu duena Euskal Herrian borondate politiko autogestionario moduko bat izan da, izan jai eremuan edo izan antolakunde politikoei lotuta. Horrek mugitu du musika, baldintzatu du zer den talde bat edukitzea, zer den musika entzutea, nola harremantzen zaren taldeekin, eta abar. Hori lekua galtzen joan da. Orain merkatuak dinamizatzen du musika. Euskal Herrian ere bai. Hor aliantza bat egin da: hedabide, fundazio, enpresa, udaletxe, alderdi batzuk… Borondate politiko batek bultzatutako eszenan ezarri daitezke artearentzako positiboak diren irizpide batzuk, eta noski, erreminta bikaina izan daiteke gazte belaunaldiak musika politizatu eta borrokara batzeko. Aldiz, merkatuak agintzen badu, gurera datoz merkatuaren tendentziak ere: despolitizazioa, musika genero eta forma batzuen errepikatzea, artista eredu epela baino epelagoa, ezeri buruz ezer esaten ez duena.

Era berean, loraldi moduko bat egon da, horrekiko erresistentzia diren espresio ezberdinena: gaztetxeetako kolektiboak, adibidez. Erresistentzia horretan parte hartu nahi genuen guk ere, eta horretara dator Aurka. Musika kontuak antolatu, borondate anti-komertziala duten taldeei espazioak eman, gaztetxeetako giroa elikatu eta eztabaida sustatu. Horretarako zenbait baliabide garatzen ari gara: Sirenak Dira irratsaioa, antolatzen ditugun edo parte hartzen dugun solasaldiak, sare sozialetan edota euskarri fisikoetan mahaigaineratzen ditugun testuak…

Kulturaren merkatu “normal” bat izateak hizkuntzaren normalizazioari mesede egiten diola ere pentsatu daiteke.
Egia da gutxietsi ere egin dudala horrek izan dezakeen garrantzia. Hau da, gaztetxo batentzako ETS edo beste talde komertzial bat entzutea izan daiteke euskaraz egiteko palanka, eta horrek badu bere balioa hizkuntzaren ikuspegitik. Eta, noski, kapitalismoan biziraun nahi baduzu, merkatura egokitu behar zara. Horrela da. Baina badakigu kapitalismoan joera dela berezitasun lokal eta txikiak desagerraraztea. Eta zerbait ikasi badugu gure hizkuntza berezi honen biziraupenaz, da ekuazioan borondate politikoa agertu den momentuetan indartu dela gehien. Eredu merkantil berri honek borondate eraldatzaile hori alboratu egiten du, eta toki arriskutsuetara eraman dezake. Gure ustez ere euskara borrokan bizi da. Bat egiten dugu lelo horrekin.

Era berean, bat batean inoiz baino jende gehiago bizi da musikatik. Ikusten dugu instituzio publiko eta pribatuek bat egiten dutela industria horren indartzean. Badago interes bat “euskal marka” moduko bat estatuko merkatuan eta haratago agertzeko, autonomismoaren korrelato kultural bezala, edo. Bide horretan makrokontzertu eta jaialdi horiek denak, diru publikoz puztuak. Nire ustez ekarpen kulturala minimoa da. Walter Benjaminek zinemaz egiten zuen hausnarketa etortzen zait gogora: puntu batetik aurrera arte mota horrek egiten duen gauza bakarra da bere burua justifikatu. Hau da, bertan inbertitzen den kapitala justifikatzeko teknologia eta muntaketa logistiko erraldoiak egin, ikuslea etengabe txunditzeko. Gero eta estadio handiagoak, pantaila erraldoiak, teknologia berritzaileak…

Eta jai herrikoi baten estetikarekin jantzita.
Fenomeno orokortua da: revivala eta nostalgia. Hortik lortzen du merkatuak masekin konektatzea, eta egia da izan daitekeela modu bat belaunaldi berriak erreferentzia kultural zaharrak ezagutzeko. Baina nire ustez funtzio sozial jakin batzuk, komunitarioak, betetzen zituzten elementu kulturalak haien testuingurutik atertzea eta merkatuan saltzea da. Adibidez, ETSrena zer da? Txosnen simulazio bat. Eta txosnak zer dira, izatez? Antolakunde politiko batek duen biziraupen ekonomikorako eta normalitate sozialerako erreminta. Testuinguru horretatik aterata, denak dirudi art pour l´art zaharraren “festa festarengatik” eraberritzea, edo hobe esanda, diruarengatik.

Norbaitek esan dezake revivalaren horretaz guk ere berdina egin dugula, sanpleak erabiltzeagatik. Guk pentsatzen duguna da, alde batetik, sanplearen trataerak kapa bat gehitzen diola; eta, bestetik, guk bat egin nahi dugula arakatu dugun musika horren tradizio politikoarekin. Ez dugu besterik gabe melodia batekin lotu nahi. Ikusten dugu garai horretan bazegoela musika konprometitu eredu bat eta horrekin harremanetan jarri nahi dugu. Eta sanpleatu ditugun ildo horretakoak ez diren musikariak ere. Musika pila bat dago Euskal Herrian, friki pila bat!

Autogestioaren aldeko ideia garrantzitsu bat da musika egiteko eta zabaltzeko baliabideen gaineko kontrola. Merkatuaren arauen arabera jokatzen denean, ez dago norbere lan artistikoaren gaineko erabakimena galtzeko arriskua?
Bai. Baliabideen gaineko kontrolaren auziak zentzua zuen, bereziki, teknologiaren garapenaren puntu jakin batean: diskoen grabaketa analogikoa, formatu fisikoaren distribuzioaren kontrola…. Digitalizazio totalarekin, teknologien merkatzearekin eta internetekin apur bat zentzua galtzen du borroka horretan zentratzeak, agian. Zuk nahi edo ez eraginkorragoa da erabiltzea dauden bideak, pentsatzen dut. Jende batek hautua egiten du, adibidez, ez igotzeko sare sozialetara. Noblea da, baina ez duzu errazten zabaltzea, ez?

Zuzenekoez ere ari bagara distribuzioaz ari garenean, zalantzarik gabe behar ditugu gure kontrolpeko espazioak, gaztetxeak bezalakoak, aukera egon dadin merkatuak agindu gabe guk erabakitzeko. Guk momentuz gaztetxeetan jo dugu. Agian egiteko bat dago beste espazio batzuetara iritsi eta zenbait mezu edo egiteko modu normalizatzekoa. Baina oraingoz gure tamainarako toki aproposak dira gaztetxeak, eta ni neuk ikusle eta musikari bezala esperientziarik onenak hor izan ditut. Gehiago sustatu behar diren espazio politikoak dira, eta ez famatu izatera iristeko tranpolin bezala erabiltzeko: handitzen ari den industria kulturalari aurre egiteko gai den zirkuitu alternatibo bat nahi badugu, lan militantez sostengatzen den zirkuitu hori babestu eta aldarrikatu beharra dugu. Eta hori da agian orain gehien falta dena: asko polarizatu da kontua, mainstreama dago alde batetik eta ezer gutxi bestetik. Bestelako zirkuito hori berraktibatzea dagokigu.

Dena den, guk ez dugu nahi merkatuaren kontra gauza puru baina marjinal bat egin. Hau da helburu politikoak ditugunon arteko betiko eztabaida. Guk uste duguna da, batetik, ezin dela antolakuntzaren faktorea burutik kendu. Hau da, artista ez da bere kabuz mundua eraldatzera datorren heroi bat. Edo atxikitzen da politikoki edo ez doa inora. Bigarren gauza, hegemoniaren ideia. Gure helburua ez da gu gurean gustura egotea, baizik eta saiatzea benetan eraldaketa prozesu zabal bat egiten. Bataila kulturala garrantzitsua da gerra horretan, galtzen ari garelako. Eta gure hipotesia da musika historikoki garrantzitsua izan dela horretarako eta, ondorioz, gaur egun ere balio dezakeela. Ikusiko dugu. Ea zer den musika hemendik urte batzuetara adimen artifizialarekin eta sare sozialekin.

Apustua hor egiten jarraituko duzu?
Nik uste dut musikariak baduela ardura bat. Sustatzen denaren aurkako kontratendentzia bat aktibatzen saiatzea da. Ni prest nago behar denean egiteko abesti superengantxante bat behar denari buruz. Baina hau ere egin nahi nuen, uste dudalako Euskal Herrian falta  dela rap disko gehiago egotea, eta nik nahi nuen nirea egin. 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...