argia.eus
INPRIMATU
2026ko maiatzaren 27a
Maria Jesus Berrotaran. Artzu baserritik mundura.
“Alardea publikoa izan zen Borja Jauregi alkateak saldu zuen arte”
  • Ez zaio asko galdetu behar Maria Jesus Berrotarani. Galdetu gabe kontatzen du, eta kontatzen duen guztia da entzuteko modukoa. Errealitateak fikzioa gaindi dezakeen seinale, bere burua eraiki du Artzu baserriko alabak. Hondarribiko lehen udaltzain emakumea izan zen.

Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA
Maria Jesus Berrotaran Etxeberria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1949)

Artzu baserrian jaio zen. 21 urterekin ezkondu zen, eta ondoren, neskame eta sukaldari ibili zen. 32 urterekin Hondarribiko lehen emakume aguazila izatera iritsi zen. Herriko bertso eskolaren sortzaileetakoa izan zen. Alarde parekidearen aldeko borrokan dihardu oraindik, eta 2024an mazolari izan zen.

Aitortzen dizut Esne Berriketan Uxue Alberdiren liburua irakurri, eta pentsatu nuela, nik emakume hau ezagutu egin behar dut. Gauza asko dituzu kontatzeko, baina hasieratik hasiko gara. Baserrian jaio zinen.  
Bai, Artzu baserrikoa naiz ni eta 21 urtera arte han bizi izan nintzen. 

Aitona izan zenuen erreferente. Zergatik?
Gure aitaren familiak Artzuz gain, beste baserri bat eta kalean etxea zituen. Hala ere, gure amari esan zioten arreorik ez ekartzeko, ekar zezala dirua. Gure amak ekarri zituen Artzura, 1943an, 40.000 pezeta. Ordurako dirutza! Bi baserriak eta kaleko etxea konpondu zituzten, eta gure amak bere izenean ezer ez zeukan arren, jabe sentitzen zen: salbatzaile. Orduan aitak ez zion amari behin ere diskutitzen. Gure aitona, aitaren aita, berriz, ia itsu gelditu zen Guadalupeko militarren fuertean jolasean ari zela. Aita eta ama zelaian aritzen ziren lanean eta aitonak egiten zituen etxeko lan guztiak. Anaia nuen nik hiru urte eta erdi zaharragoa eta harekin borrokan hasten nintzenean aitonak esaten zidan: “Ez al dun ikusten zaharragoa dela? Orain utzi, eta despistatuta dagoenean emaion ostikoa!”. Hori beti izan dut barruan. Gure ama gogorra zen, jo egiten gintuen. Zahartzaroan zaindu egin nuen eta sendatu nituen zauriak, baina bazituenez bere beldurrak, berandu heltzen banintzen, adibidez, uhalarekin jotzen ninduen. Hor nengoenean uhalpean, aitona etortzen zitzaidan burura. Pentsatzen nuen, “jotzen ari zara orain, baina bihar egingo dizut zerbait eta aterako naiz hemendik”. Beti izan ditut aitonaren hitz horiek barruan, alardearekin ere bai: “Izorratzen ari zarete, baina aterako gara hemendik”. Hori eman zidan aitonak.

Ezkondu eta kalera.
18 urtera arte eskolara joan nintzen, eta 21ekin ezkondu. Pentsatu nuen kalean askatasuna etorriko zitzaidala, baina hori izan zen nire bizitzako kartzelarik handiena. Baserrian lan egitera ohituta, kalera joan eta ezer ez. Senarra goizeko 7:00etan joaten zen lanera eta 20:00ak arte ez zen etortzen. Gainera, etortzen zenean zapatilak oinetara eman behar. Nik ez nuen etxean halakorik ikusi. Eskemak apurtu zitzaizkidan. Urtarrilaren 2an ezkondu nintzen eta San Jose eguneko bazkarian aitarekin hitz egin nuen bakarrik harrapatu nuen une batean: “Oso gaizki nago. Urrikalduta nago”, esan nion. Esplikatu nion ondo konpontzen nintzela, baina kartzelan bizi nintzela goizetik gauera arte ezer egin gabe. Aitak esan zidan nire arazoa hori bazen, konponduko genuela: esnea partitzera eta merkatura etortzen zenean harekin elkartzen nintzen, eta eguna harekin lanean pasatzen nuen. Senarrak onartu egin zidan: etxera datorrenean etxean banago, egunean zehar nahi nuena egiteko esaten zidan.

Noiz arte iraun zenuen horrela?
Umeak jaio eta gero ere joaten nintzen baserrira, baina lana nahi nuen. Senarraren gurasoek orduko Hondarribiko jatetxerik famatuena zeukaten: Restaurante Inaxio. Hor hasi nintzen, baina langile guztiek zituzten haien paperak eta soldata nik izan ezik. Tupperwareak saltzen hasi nintzen. Behin hemengo denda batean egin genuen tuperak saltzeko bilera, eta han entzun nuen Hendaian bazirela neskamea behar zuten senar-emazte batzuk. Jendea joan zenean esan nion dendariari ea nora deitu behar nuen eta esan zidan: “Zu, Artzuko alaba eta Inaxioneko erraina, neskame?”. Nik neure dirua nahi nuen. Guk baserrian lan asko egiten genuen, baina maiatzean eta azaroan amak dirua banatzen zigun gure gauzetarako. Gero senarrak ekartzen zuen dirua, baina neure dirurik ez zegoen.

Hendaiako bikote horrentzat hasi nintzen lanean: 32.000 pezeta ordaintzen zidaten hilero, eta 27 hilabeteko semea lanera eramaten uzten zidaten. Motoan joaten nintzen umea hanka artean hartuta. Bikote hori Gasteizera itzuli zen neguan, eta denda hartako emakumeak deitu zidan berriro: “Hi, Teodoro Hernandorena dentistak sukaldaria behar din”. Joan nintzen eta Hendaiakoek ordaintzen bazidaten 32.000,  eurek ordainduko zidatela 34.000. Hasieran ez zidaten uniformerik egin. Etxeko andreak esan zidan ni haien etxerako baino gehiago nintzela eta ez nuela asko iraungo. Etxera joan eta pentsatu nuen: beti izan naiz bihurria, eta orain Mercedesek dio bere etxerako baino gehiago naizela?

Zure burua balioan jartzen lagundu zizun. 
Indarra eman zidan. Haienean gelditu nintzen eta gidabaimena atera nuen. Teodorok bazituenez 80 urte, igandetan neuk eramaten nuen bertsotara hara edo hona. Ikusten nituen Teodoro eta Mercedes zahartzen eta pentsatu nuen beste zerbait nahi nuela. Halako batean egunkarian ikusi nuen Hondarribiko udalean aguazilak behar zirela. 

"Beno… ni isunak jartzen nituena nintzen. Bakarrik bizi zen jendeari ogia eta esnea eramatera joaten nintzenik ez zuten esaten, ezta anbulantziara igotzen zenbati lagundu nien ere"

Eta barrura.
Joan nintzen udaletxeko bigarren solairura eta esan zidaten andreek ezin genuela izenik eman. Hortxe izorratu zuten haien burua! Niri ezetz esaten badidazu… hurrengo urtean berriro zabaldu zuten zerrenda eta izena hartu egin zidaten, baina ez zidaten deitu. Urte horretan bertan, azaroan, azterketa deialdia egin zuten, eta prestatu egin nuen. Liburutegian bilatu nituen behar nituen liburuak: tokiko administrazioa, trafikoa… lanera korrika joaten hasi nintzen proba fisikoak gainditzeko. Bosgarren egin nuen eta elkarrizketa pertsonalean bidali egingo nindutela pentsatu nuen. Hartu egin ninduten. Hori bai, hartu eta gero ez zekiten zer egin nirekin: takoidun zapatak eta gona luze estua jantzi nahi izan zizkidaten.

Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA

Takoidun zapatekin ezingo zenuen korrika egin entrenatuta egon arren.
Iritsi nintzen hara eta denei zapatilak eskaini zizkieten. Niri takoiak eta gona. Joakin zeukan izena udaltzainburuak eta esan nion: “Aizu! Ni hona lanera etorri naiz”. Alkatearengana bidali ninduen eta “zurekin ez dakigu zer egingo dugun”, esan zidan alkateak. Haiek deialdia egin zutenean zortzi udaltzain nahi zituzten eta lehen lan egunean haien buruan zazpi udaltzain eta elbarri bat ginen. Lortu nituen besteen arropa berdinak, eta bidegurutze batean jarri ninduten trafikoa antolatzen. Alkatea hurbildu zitzaidan: “Zuk ez duzu jakingo ez duzulako soldaduskarik egin, baina ni hala agurtu behar nauzu”, eta agur militarra egin zidan. 

Alkateak hori?
Bai, bai. Gero konturatu nintzen lehendik zeuden guztiek egiten ziotela. Etxera etorri eta senarrari esan nion irakasteko agur militarra egiten. Hurrengo egunean bera niregana etorri zain egon beharrean, neu joan nintzen alkatearengan. Agur militarra egin nion: “Egun on alkate jauna! Ondo egin dizut agurra?”. Moztuta geratu zen. “Gaur egin dizut, baina nik ez dut soldaduskarik egin, eta ez dizut berriz egingo. Errespetuz hitz egingo dizut, baina agur hau ez dizut egingo”. Eta gero besteek ere utzi egin zioten egiteari. 

Ez zara makala! 
Ez dakit nintzen ezjakina edo ausarta edo… (barreak) Lagun handiak egin ditut nik lanean, baina nire eskubideak borrokatu egin behar izan ditut. Ez dut inor zapaldu, baina hasieran, adibidez, bidaltzen ninduten Hondarribiko bidegurutze txarrenera eta ez zitzaizkidan etortzen erreleboa egitera. Ikasi nuen lezioa. Gero esaten nien haiek joateko lehenengo eta ni gero. ELAkoak ere etorri zitzaizkidan esanez, ume bi nituela eta gauetan lan egin gabe libratu nintekeela. Irain bat iruditu zitzaidan! Ez nuen ulertzen hori andrea naizelako bakarrik izatea. Gizonen berdina eginda, pedantea izan gabe, eta nire lekuan mantenduta, ondo eutsi diot lanari. 

"Alardea publikoa zen alkateak 1997an saldu zuen arte. Tatxatuak izan gara, baina egun badakigu hau irabazia daukagula. Ez dakit noiz, baina irabazia daukagu"

Etxean babesa izan zenuen?
Aurkeztu nintzenean senarrak ez zekien ezer. Taxista zen, eta bezero batek esan zion: “Zein ausarta zure andrea! Aguazil presentatzen omen da!”. 

Aurreko lanean aldatu beharra sentitu zenuen, baina aguazila izan zinen jubilatu arte.
Beno, beste gauza batzuk ere egin nituen tartean. Herri txikia da Hondarribia eta ez geneukan anbulantziarik. Geuk eramaten genuen jendea ospitalera eta batzuetan gogorra izaten zen. Ez dakit nola, baina agertu zen hemen DYA eta anbulantzia gidari sartu nintzen: umeak, lana eta gauez anbulantzia. 

Beti zerbaitetan.
Bai, gero Emeki emakume elkartea sortu genuen. 1991n hasi ginen elkartzen. Lokala alokatu genion gizon elkarte bati herriaren erdian. Kontrakoak ere izan genituen hasieran, baina ondo joan zen. 

Ordurako denek ezagutuko zintuzten herrian. 
Beno… ni isunak jartzen nituena nintzen. Bakarrik bizi zen jendeari ogia eta esnea eramatera joaten nintzela ez zuten esaten, ezta anbulantziara igotzen zenbati lagundu nien ere. Ikusten zuten emakume batek multak jartzen zituela. Gizonek jarritako multak ez zituzten ikusten. Edozelan ere, hasi ginen elkartearekin eta bigarren urterako erreferenteak ginen herrian. Lehen bertso saio parekidea geuk antolatu genuen 1992an: Maialen Lujanbio, Kristina Mardaras, Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña. Horrela 1997ra arte. Gero Alardeko kontuarekin hasi ginen, eta udalak esan zigun guk ezin genuela antolatu bertso saioa, haiek antolatuko zutela. 

Emeki sortu aurretik ere zu bazinen bertsozale.
1986an berreskuratu zen Nafarroako bertsolari txapelketa, eta ni Hernandorenarekin bileraz bilera ibili nintzen. Hura izan zen Xalbador eta Mattin plazaratu zituena. Bertso eskola ere sortu genuen herrian: Miren Legorburu, Enrike Lekuona eta hirurok. Gero alardearena etorri zen eta dena pikutara joan zen! 

Alardearekin dena pikutara...
Hondarribian hogei konpainia daude, eta bat ateratzen da Jaizubiatik. Herrigunerako bidea oinez egiten zuten eta gu joaten ginen kotxe bat aurretik eta bestea atzetik haiek babesteko. Han esaten nien pena nuela lan egin behar izaten nuelako, baina soldadu aterako nintzatekeela. Haiek esaten zidaten baietz, nahi nuenean, eta nik esaten nien jubilatzean aterako nintzela. Elkarrizketa horren naturala zenez, ondo zihoan Emeki, anbulantzia ere ondo, lanean integratuta nengoen eta beste emakume bat ere bazetorren lantokira, bada nik sinetsi egin nuen berdintasuna bazela. Hain txoroa naiz! Borja Jauregi zen alkatea orduan, EAJkoa. Takoiak jarri nahi izan zizkidan alkate hark administrari kontratuak egin zizkigun, eta Jauregik egin gintuen karrerako funtzionario. Langileekin ondo portatu zen, baina alardearekin...

Hau esan egin nahi dut, zeren honezkero berdin dit zer esango didaten. Jauregik hotela zeukan eta klub nautikoa egin nahi zuen. Herrian jende asko zegoen horren kontra. Arrantzaleek, berriz, barra luzeagoa behar zuten. Jauregi diputazioko langilea izan zen urte askotan, eta bai handik eta bai hoteletik influentziak zituenez, bilera bat izan zuen Madrilen. Tratua egin zuen arrantzaleekin: haiek utziko zioten klub nautikoa egiten eta trukean berak egingo zien barra eta eman zien alardea. Patriarkatua badakizu zer den: orain gizon horiek sinistuta daude boterea dutela. Herritar askok ez dakite hori, baina alkateak alardea saldu egin zuen. Botere hori sentitzen dute gizon horiek eta andreak erabili egiten dituzte. Asko haien emazteak dira, eta etxeko bakeagatik ari dira gure kontra. 

Hiru hamarkada pasatu dira borroka hasi zenutenetik. Nolakoak izan dira?
Oso gogorrak. Kalean lan egiten nuen nik. Hondartza ondoan Truk dantzalekua zegoen eta hara joan ginen behin borroka bat baretzera. “A por ella!”, esanez oldartu ziren nire kontra han zeuden hainbat gazte. Lankideek esaten zidaten ez zutela nirekin joan nahi zenbait lekutara,  arriskutsua zelako. Etxetik garajera udaltzain uniformearekin joaten nintzen kotxera lasai iristeko eta han aldatzen nituen arropak lagunengana joateko. Emakumeek edozer esaten zidaten kalean: zu etxera, nire familia puskatu da eta zu zara erruduna… nire semeetako bat jo egin zuten eta orduan kulpa sentitzen hasi nintzen. 

"Alkateak tratua egin zuen arrantzaleekin: haiek utziko zioten klub nautikoa egiten eta trukean berak egingo zien barra eta eman zien alardea"

Emakumeok oso sartuta daukagu kulpa.
Nik pentsatzen nuen ni ari banaiz borroka honetan zergatik sartzen dituzte nire semeak? Kulpa horrek jan egin ninduen, eta terapia egin nuen. Terapiak bizitza salbatu zidan. Nahi dutena esango didate, baina ni Artzun jaio nintzen, eta hark markatu dit bidea. Desfilatu egiten dut eta ondo pasatzen dut. 

Lehenengo urtean atera zen talde hartan bazinen?
Ni aguazil. Emakume talde bat saiatu zen konpainia batean sartzen soto batetik aterata eta ni soto hura zaintzen egon nintzen. Beste konpainietakoak ere erne zeuden eta eroak bezala etorri ziren: kapela galdu nuen, alkandora apurtu zidaten…

Zuek bazenekiten emakume haiek atera egingo zirela?
Bai eta udaltzain buruak ere bai. Nik banuen giltza bat, gauza oso gaizki jarriko balitz emakume haiek beste soto batean sartu eta babesteko. 

Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA

Lehen ahaleginaren ondoren, zer?
Aurrera, baina ez haiek eraso egiten baziguten guk ere hala eginda. 1996an atera ginen lehenengoz, baina 1992tik ari ginen bilerak egiten. Alarde hori bost gizonek antolatzen zuten kulturako zinegotziarekin. Horiekin egin genituen 1993 eta 1994an bilerak. 1995ean udalari eskaera formala egin genion alardean parte hartu nahi genuela esanez. Alardea publikoa zen alkateak 1997an saldu zuen arte. Tatxatuak izan gara, baina egun badakigu hau irabazia daukagula. Ez dakit noiz, baina irabazia daukagu. 

Pazientzia da behar dena?
Emakumeok behar duguna da taldea, eta alardean ahizpak izan gara. 

"Emakumeek edozer esaten zidaten kalean: zu etxera, nire familia puskatu da eta zu zara erruduna… nire semeetako bat jo egin zuten eta orduan kulpa sentitzen hasi nintzen"

Alardeak bakea eta lasaitasuna kendu dizkizu, baina taldea eman dizu?
Bai eta horrek ez du preziorik. Baina kendu, gauza gehiago ere egin zizkidan.

Zer adibidez?
1997an, Alardearen kontuarekin hasi eta gero, bulegoko iragarkien taulan ikusi nuen Salvador Lekuonak utzi egiten zuela eta mazolari bat behar zela. Mazolaria da galazko aguazila: ekitaldi berezietan eta alkatearekin agertzen dena. Bi aldiz pentsatu gabe eman nuen izena. Nire atzetik apuntatu zen Koldo Emery eta gero beste batzuk. Deitu zidan Koldok eta esan zidan gure udaltzainburuak orria zakarretara bota zuela, eta ahoz esan ziola alkateari Koldo bera izango zela mazolari berria. Joan nintzen udaltzainburuarengana eta ea zerrenda erretiratu zuen galdetu nion, eta esan zidan baietz, erretiratu zuela eta alkateari zegokiola mazolaria aukeratzea. Hor utzi nuen. 2024an deitu zidan Koldok. Mazolari lana uztera zihoan, baina nirekin zorretan omen zegoen. Zinegotziarekin eta berarekin bildu nintzen. Baietz esan nien, baina legea aldatzeko eta egiteko dekretu bat edo zerbait, esateko nola egingo nuen mazolari lana ohorezko pertsona gisa, herriagatik etab. Aldatu zuten legea, atera zuten dekretua, eta nire izena argitaratu orduko hasi ziren gure kontrakoak sare sozialetan edozer idazten. Ni isilik. Banekien legeak babesten ninduela. 27 urte eta gero, mazolari izatea izan da jubilatu ostean izan dudan oparirik ederrena! 

Zer falta zaizu egiteko?
Deus ez. Egunero ari naiz zerbait egiten. Ni naiz Emekiko antolatzailea. Horretan nagoen bitartean bizirik nago.