Korrika eta juramentua

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azken Korrika gure auzotik igaro ondoren, gazte kuadrilla handia topatu nuen taberna baten atarian. Korrikaren petoak jantzita, iji-aja, giro alaian… denak erdaraz. Ondotik pasatzean, ezin isildu eta esan nien: “Korrika mingainean”. Denak harrituta. Egun berean, arratsaldez, ume ziren garaitik ezagutzen dudan nerabe kuadrilla jatorra topatu eta… gaztelaniaz ari ziren. Begiradak trukatzean galdetu nien:

– Korrikan ibili al zarete?
– Bai, noski.
– Ba hurrengoan ez joan, bestela gezurtero gertatzen baitzarete.

Antzekoak gertatu ohi dira Kilometroak, Herri Urrats edo horrelako antolamenduetan. Kezkatuta gabiltza euskaldun kopurua handitu arren, erabilera ez dela horrenbeste hazten. Ez dut horretarako edabe magikorik. Arazoak hamaika aurpegi ditu. Baina, euskararen sustatzaileoi dagokigun aldetik, uste dut, gure hizkuntza zabaldu beharrez, errazegi jarri dugula horrelakoetan parte-hartzea, trukean ezer gutxi eskatu eta maiz konpromiso gabeko parrandekin identifikatu direla horrelakoak. Garaia izan liteke, batzuetan behintzat, bestelakoak probatzeko aukera.

Korrikan-edo parte hartu nahi duenak dokumentu bat sinatu beharko luke, non konpromisoa hartuko lukeen antolamendu horretan ari den bitartean euskaraz soilik jarduteko

Mexikar mariatxi talde bat udan urtero etortzen zen euskal herrietako festetan jotzera. Haien arteko tronpeta jotzaile batekin harreman ona garatu nuen. Oso jatorra, baina arazo larria zuen: gauero, saioak amaituta, izugarrizko aitzurrak harrapatzen zituen. Horrela bi udatan. Taldetik botatzekotan zeuden mozkortzean kalapita neurrigabeak antolatzen zituelako. Hirugarren udan, lehen baino jator eta alaiago zetorren eta alkohol tantarik ere ez zuen hartzen. Aipatu zidan Guadalupeko Ama Birjinari juramentua egin ziola alkohola ez probatzeko. Eta ez zitzaiola burutik pasatu ere egiten juramentua egitea eta ez betetzea.

Gurean, fede erlijiosoaren beheraldia kontuan hartuta, ez dut proposatuko Arantzazuko Amari horrelakorik egiterik. Baina horren erabilpen laikoa antola liteke. Alegia, Korrikan-edo parte hartu nahi duenak dokumentu bat sinatu beharko luke, non konpromisoa hartuko lukeen antolamendu horretan ari den bitartean euskaraz soilik jarduteko. Euskaraz ez dakitenentzat presta litezke eskuliburutxoak, kinka egoeretan hortik irakurtzeko, bai eta ez-etik hasita, ogitartekoa edo bi garagardo eskatzeko, edo komunak non dauden galdetzeko adina aukera emango luketenak. 

Gu ere bagara zerbait eta, euskaltzaleen taldean ibili nahi duenari, beste exijentzia maila jarri behar diogu. Eta, juramentua sinatuta, baina betetzen ez duenari, benetako urgentzia kontuarengatik ez bada, inguruko guztiek Txutxupe kantatuko diogula agindu. Probatzeagatik ez da ezer galtzen. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Korrika Euskara Euskalgintza
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.