Duela gutxi arte, gidabaimena ateratzearekin amore emanda zegoen Haizea Satostegi Balda (Iruñea, 1993). Cambiamos de marcha (Martxa aldatzen dugu) proiektuari esker, 2025eko abuztuan gidabaimena lortu zuen. Proiektua desgaitasun intelektuala duten pertsonei bideratuta dago, eta helburua da informazio irisgarriagoa eta azterketak prestatzeko denbora gehiago eskaintzea. Satostegi ilusioz mintzo da proiektuaz.
Baliabideak eta aukerak eman beharrean, mesfidantzaz, zorrotzago begiratzen zaie maiz desgaitasun intelektuala duten pertsonei, gidabaimena atera nahi dutenean. Martxa aldatzen dugu ekimenak horri aurre egitea du helburu. Behar batetik sortu da proiektua. Izan ere, NHBBZ Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak identifikatu zuen mugako desgaitasun intelektuala duten pertsona askok ez dutela gidabaimena ateratzea lortzen denbora gehiago behar dutelako. Nieves Lerga PT Pedagogia Terapeutikoko irakaslea da zentroan, eta Apana Nafarroako Autoeskolen Elkartearekin harremanetan jarri zen, Martxa aldatzen dugu abiatzeko. Haizea Satostegi Baldak ekimenari esker atera du gidabaimena: “Beste autoeskola batean egon nintzen, baina teorikoa oso zaila zenez, amore eman nuen. Oso pozik nago Martxa aldatzen dugu proiektuarekin”.
Hiru hanka ditu ekimenak: NHBBZ, Apana eta Jose Maria Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoa. Lehenik, ia urtebeteko formakuntza egiten dute Jose Maria Iribarren ikastetxean, zirkulazioari lotutako kontzeptuak ongi barneratzeko. Ostean, mediku-proba bat eta azterketa bat gainditu behar dituzte, Apanan azterketa teorikoa lantzeko. Azkenik, azterketa praktikoa egiten dute. Guztira bi urteko prozesua izaten da. Hasieran arlo teorikoa hiru hilabetekoa zen, baina egun sei hilabete ingurukoa da.
Egitasmoaren helburua ez da azterketa errazagoak egitea, baizik eta irakasteko modua egokitzea: kontzeptuak hobeto barneratzea eta azterketa prestatzeko denbora gehiago izatea. “Agian gehiago kostatzen zaigu, baina esfortzuarekin eta jarraikortasunarekin atera dezakegu”, esan du Satostegik. Horretarako, azterketa egiteko aukera dago irakurketa errazeko tresnekin, eta edukia beste teknika batzuen bidez barneratzen dute PTen laguntzaz. Horrekin batera, errealitate birtualeko betaurrekoak eta simulagailu bat erabili ditzakete. Nabarmendu du kontzeptuak “hobeto” barneratzeko eta errepidean segurtasun “handiagoarekin” ibiltzeko lagungarria dela. Gidabaimena ateratzeko egin behar den mediku-probak hiru hilabetean iraungitzen dira, denbora hori gaindituta berriro egin behar da; kasu horretan, ordea, lortu dute proiektuan parte hartzen dutenek hasieran egiten duten azterketa errepikatu behar ez izatea.
“Desgaitasun intelektuala duten pertsonak amore ez ematera bultzatu
nahi ditut”
Apanako datuen arabera, desgaitasun intelektuala duten pertsonen kasuan bikoiztu egiten da azterketa prestatzeko behar duten denbora. Horregatik, klaseen erdia finantzatzen saiatzen dira kanpoko diru-laguntzen bidez. Laguntza ekonomikorik gabe “oso garestia” dela nabarmendu du Satostegik. Apanaren arabera 4.000 eta 5.000 euro inguruko kostua izan dezake, eta nabarmentzen dute nahitaezkoa dela baliabide ekonomikoak lortzea. Urtero finantziazio iturri desberdinak izan dituzte. Hala ere, Satostegiren ustez, aukera gutxi daude.
Programan parte hartzeko plazak mugatuak direnez, arduraz jokatu behar dela azpimarratu du Satostegik: “Esfortzuarekin eta gogoarekin atera daiteke, baina ezinbestekoa da ikastea. Zentzuz jokatu behar dugu, eta ezin gara erlaxatu. Garrantzitsua da pentsatzea ea benetan ikasteko prest gauden, bestela gidabaimena ateratzeko irrikan dagoen jendea kanpoan uzten ari garelako. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak amore ez ematera bultzatu nahi ditut”.
Kontent eta ilusioz mintzo da gidabaimena lortu izanaz. Izan ere, uste zuen “ezinezkoa” izanen zela. Kontatu du gidatzeak aukera asko zabaldu ditzakeela: “Autonomia eta independentzia handiagoa daukat. Lorezaintza gustuko dut, eta horretarako gidabaimena eskatzen dute. Lanari begira ate asko ireki dizkit gidabaimenak. Gainera, aukera emango dit gurasoen etxetik atera eta mutil-lagunarekin bizitzera joateko”.
Bihotza, zentrala delako. Bihotza itzaltzen bada, dena itzaltzen da.