Euskaldunona, estatu egitura bahitua duen nazio okupatu baten auzia da, horrek duen esanahi osoarekin, eta atzean dituen inplikazio guztiekin. Ez dakit noiz arte nahi duen gure herri honek arazoaren koordenatu horiei aurrez aurre begiratzea geroratu, baina ez da existitzen oinarrizko planteamendu hau aintzat hartuko ez duen zeharbide errazik, ez taktika sinesgarririk, ezta ekimen posiblerik ere.
Estatua bahitua izan zaion nazio okupatua gara, eta ez estaturik gabeko nazioa. Eta ez da ñabardura hutsa, gure aldarrikapena goitik behera aldarazten duen definizio ezberdintasun erabatekoa baizik, begira ezazue bestela zer argi gelditzen den kontua jabetza pribatuaren eremuari aplikatuta ikusten dugunean. Ezin da konparatu etxea nahi izatea etxerik ez edukitzeagatik, ala jada etxe bat edukita beste norbaitek lapurtu eta okupatu izateagatik, eta bi egoera horien aurreko jarrera eta estrategia oso ezberdinak dira. Ezta?
Bada, gu ez gaude lehen egoeraren kokalekuan, eta guri jabetza berreskuratzea eta egiturari efektibotasuna ematea da guri dagokiguna, jabetza-agiria erakutsita, eta munduaren aurrean jabe gisa agertuta eta jokatuta. Gure etxe hori Nafarroako Erresumaren egitura estatala da, Euskal Herriak bere buruari inoiz libreki eman dion erakunde politiko gorena, zeinari ez dion bere borondatez sekula uko egin. Egiturak indarrean jarraitzen du, estatuak ez baitira iraungitzen.
Estatua bahitua izan zaion nazio okupatua gara, eta ez estaturik gabeko nazioa
Halako egiturarik ez izateak ez lioke zilegitasunik kenduko estatu bilakatzeko gure balizko borondateari. Baina gauza da guk badugula, eta horren aitortza egitea dagokigula, instituzionalizazio maila gorena lortu izan duten gu bezalako estatu okupatuek egin duten moduan, logikoa denez, estatua berrezartzearen estrategiari helduta. Gurea ez da estatu baten (edo biren) barneko afera, nazioarteko kualifikazioa merezi lukeen bi/hiru estaturen arteko gatazka baizik.
Norbaitek, oraindik, honi buruzko zalantzak baldin baditu, Nafarroako konkistaren salaketa zergatik egiten den galde diezaiola bere buruari. Zeren, zer da konkista, euskaldunon estatuaren bahiketa, euskaldunon independentziaren galera, eta gure gaineko okupazio erregimenaren abiapuntua ez bada? Beste kontu bat da nola egiten den salaketa hori, jakina, folklore ekitaldi eta emozio eta aldarrikapen merkeen aitzaki bilakatu dutelako batzuek –askotan gertatu bezala–, gure nazio-askapen politika koherente eta estrategikoaren muina izan beharko lukeena.
Dena den, zer espero dezakegu, gure okupazio-erregimenaren errealitatea ukatzen duten politikari horiengandik, zeintzuk konkistatutako nazio bati legokiokeen politika egitetik urrun, orduko menderatzaileen ondorengo zuzenekin pasteleoan ari diren, gure estatua ukatzen, eta gure gaineko estatu menderatzaileak zilegi egiten.
Zer egin? Boikota. Okupazioa atzo goizean gertatu balitzaigu, fresko genuke oraindik horrek duen benetako esanahiaren kontzientzia, eta berez aterako litzaiguke horren aurreko erresistentzia naturala. Oso presente edukita, gainera, zein den halako erregimen batek atzean duen benetako oinarria: armada eta horren biolentziaren mehatxua.
Ez da aldatu egoera politikoa, formak baizik. Bada, ken diezaiogun erregimenari gure zilegitasun oro, izan gakizkion gobernaezin, eta egin diezaiogun entzungor gugandik babesa behar duelako zerbaiterako deia egingo digunean. Menderatzaileei, eta beren konplize bilakatutako gainerako guztiei.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.