Itzala. Gaixotasun baten kronika
Maixa zugasti
Erein, 2026
----------------
Badira izenburua irakurri eta zer aurkituko dugun erakusten ez diguten liburuak. Eta badira izenburuak berak irakurgaia nondik nora joango den erakusten digutenak. Bigarren multzokoa dirudi Zugastiren Itzala-k. Gaixotasun baten kronika liburua. Izan ere, lehenengo pertsonan jasotzen du ahots narratzaileak 23 urte gaixorik daramatzanaren bizipena eta kronika. Eta hala eta guztiz ere, murriztailea litzake hori esatea.
Liburua ireki eta berehala egiturak eman dit arreta: egitura zaindua eta neurtua du. Hiru atal ditu eta horietako bakoitza aipu batekin hasten da. Horri egun baten ordukako kontakizun zatikatuak jarraituko dio zeinetan egunerokotasunaren kontakizuna izango den nagusi. Eta, azkenik, lauzpabost orriko zazpi kapitulurekin osatuko du atal bakoitza: dikotomia, binomio eta ustez antonimoak diren bi hitzeko izenburudunak denak. Itzala da protagonista argiak soilik erakutsi dezakeelako.
Kapituluotan bizitzari –eta bizitzak inplikatzen duen orori– buruzko hausnarketak egiten ditu, eta saiakera forma ere hartzen du tarteka, autore askotarikoen liburu eta esanak ekarrita. Nia-ren kontakizunarekin txirikordatuta etengabe, irakurlea saltoka eramango du batetik bestera, plano abstraktu eta egunerokoen artean.
Irakurketak eta idazketak protagonistaren bizitzan eta gaixoaldian, oinazean, duen berebiziko garrantzia azpimarragarria da, oso, literaturari dion maitasunaren erakusgarri baita, eta arte horren defentsa sutsua egiten baitu: "Ez dakit irakurri eta idatzi gabe bizitzen" (39. orrialdea).
Hasierara itzulita, eta esan ditugun gauza guztiak kontuan hartuta, izenburuak liburuan aurkituko dugunaren zatitxo bat besterik ez digu erakusten, gaixotasunaren kronika den liburuaren hariak geruza asko josten baititu, gaitegi zabala eskainita eta literatur generoen arteko jolasa erabilita...
Motza baina mamitsua da liburua. Mina dario esperantza eta itxaropena beste: "Heriotza gorputzean sartzen sentitu duenak jaioberriaren azalak airea legez sentitzen du bizitza" (45. orrialdea). Esperantza eta itxaropena beste min. Gaixotasunaren latza, bakardadea, iluna... liburuek, senar eta semeek, pelikulek, maitasunak nola goxatzen duten erakusten du. Tonu zintzoa eta zuzena darabil. Kontzesiorik egiten ez duena.
Liburuak bihotza uzkurtu dit, malkoren batek begitik jauzi egin du, irribarre egin dut, hortzak estutu ditut... zer nahi duzue esatea, ez diot liburu bati gehiago eskatzen.