Bi komunitate?

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

1970eko hamarkadaren amaieran eta hurrengo hamarraldian, Euskal Herrian bi komunitate zeudela defendatzen zuen diskurtsoa garatu zen, nahiz eta arrakasta mugatua izan zuen. Hego Euskal Herriko ezker espainiarzaleko zenbait sektorek hedatu zuten kontakizun hura, haien arabera, Euskal Herriko gizartea bi komunitatetan banatuta baitzegoen. Ildo horren erakusgarri Euskadi: dos comunidades (Euskadi: bi komunitate) izeneko liburua dugu, 1978an argitaratutakoa. Manuel Escudero Alderdi Sozialistako pertsona esanguratsuak idatzitako liburu horren arabera, banaketa nazionalaz harago, bi klaseren arteko zapalkuntza islatzen zuen banaketa komunitarioa existitzen zen. Alde batean, autoktono abertzaleak, komunitate nazionalista gisa irudikatuak; bestean, espainiar jatorriko eta maila sozial apaleko etorkinek osatutako komunitate zapaldua. Are gehiago, euskal gatazka bera autoktono abertzaleen eta etorkin xumeen arteko norgehiagoka omen zen, guztiz zatikatutako gizartearen barruan.

Liburuaz harago, ezker espainiarraren sektore batzuek irudikapen hura sinistu eta hauspotu zuten. Bitxia zen, ordea, gizarte zatikatuaren ideia hori zabaltzen saiatzea; izan ere, ematen zuen frankismoaren ostean, behin garai hartako zapalketa eta ostrazismoa neurri batean gainditu ondoren, euskal aldarrikapen nazionalen agerpena bera gaitzesten zela: ikur nazionalak, subiranotasun eskakizunak, lurraldetasuna, euskara, erakunde propioak, berezko hezkuntza sistema… Ia iradokitzen zen  hobea zela aldarrikapen horiek guztiak debekaturik eta zokoraturik zeuden garaia. Ustez ezkerrekoak ziren sektore horientzat, ordura arte ez zegoen ez bi komunitaterik, ez eta gatazkarik ere.

Nire ustez, bi komunitateen ideia hura bazterrean gelditu zen, bai eztabaida politikoan, bai maila sozialean, baina une jakin batzuetan berragertu zen. Ondorengo hamarkadetan, zeharkako moduan iraun zuen ideia horrek.

Euskal Herri burujabea nahi dutenentzat, uste dut garrantzitsua dela euskal herria komunitate bakar gisa ulertzen eta defendatzen jarraitzea

Batetik, sektore batzuek defendatzen zuten Euskal Herriko gatazka “nazionalisten eta ez-nazionalisten” arteko gatazka zela, nazionalista gisa soilik abertzaleak hartuta, espainiar nazionalismorik existituko ez balitz bezala (eta Modernitatean nazionalismotik kanpo politika egitea posible izango balitz bezala).

Bestetik, momentu zehatzetan ere agertu izan da bi komunitateen logika hori, bereziki nazio gatazkaren inguruko polarizazio momentuak gertatzerakoan. Horren adibide argia dugu 1998ko eta 2001eko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PSOEko buruzagiek zabaldutako “maleten diskurtso” gisa ezagutu zena. Kontakizun haren arabera, abertzaleek hauteskundeak irabaziz gero, Espainiatik iritsitako herritarren kanporatzea gerta zitekeen. Haluzinazioa iruditu arren, modu publikoan esan zen hori.

Zenbaitetan, gaur egun ere, bi komunitateen diskurtsoaren zantzuak antzeman daitezke ezker espainiarzaleko sektore batzuetan, batez ere euskararen inguruan egindako irakurketa batzuetan. Badirudi, ikuspegi horren arabera, gurean bi komunitate existitzen direla, eta garai batean komunitate ez-nazionalista gisa teorizatzen zena gaur egun erdaldunek osatzen dutela.

Diskurtso horren aurrean, nire iritziz funtsezkoa da bi komunitateen amua ez irenstea. Lurralde askotan bezala, Euskal Herrian ere nazio identitate zenbait daude, baita hiru nazio egitasmoren arteko lehia ere. Baina ez dago bi komunitaterik, edo horretan oinarritutako gizarte zatiketarik. Euskal Herri burujabea nahi dutenentzat, uste dut garrantzitsua dela euskal herria komunitate bakar gisa ulertzen eta defendatzen jarraitzea. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Politika
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.