Azterketak ikasitako hizkuntzan egin ahal izateko desobeditzen

  • Seaskaren Bernat Etxepare lizeoko ikasleei ukatua zaie baxoko azterketak euskaraz egitea. Horregatik, ekainaren 12an matematikakoa euskaraz egingo dute, ondorioak ondorio. Eheina Pere, Johane Oyhenart eta Eneko Heurtebize ikasleek haien borrokaz hitz egin dute ARGIArekin. Maiatzaren 21ean Frantziako Hezkuntza ministroak esandakoek baliteke leiho bat ireki izana, baina ikasleek, oraingoz, desobedientzia ekintzarekin aurrera jarraituko dute.

    (Artikulu hau inprentara joan zen Edouard Geffray Hezkuntza ministroak maiatzaren 24an Ouest France hedabidean egindako iragarpenak eta Seaskaren balorazioa ezagutu baino lehen).

Egin berri den Herri Urratsen ere, protesta oholtzara eraman dute ikasleek. Ekainaren 6rako Bordelen egingo den manifestaziora deitu dute.
Egin berri den Herri Urratsen ere, protesta oholtzara eraman dute ikasleek. Ekainaren 6rako Bordelen egingo den manifestaziora deitu dute.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Artikulu honetarako hiru ikasleekin hitz egin eta gero etorri da albistea: azterketei tokiko hizkuntza gutxituetan erantzun ahal izateko bidean aitzinamenduak egiteko prest direla jakitera eman die Edouard Geffray Hezkuntza ministroak Paul Molac eta Peio Dufau diputatuei. Zehazki, "murgiltze ereduko irakaskuntza salbuespen erregimen batetik ateratzeko lege-marko berria" aurkezteko konpromisoa hartu du ministroak, eta baliteke horretan sartzea azterketak euskaraz –eta oro har, lekuko hizkuntza gutxituetan– pasatzeko aukera. "Eskualdeko hizkuntzako azterketen gai zehatzari dagokionez, badirudi ministroak adierazi den haserrea entzun duela, batez ere Euskal Herrian", irakurri daiteke diputatuek helaraziriko agirian. Albistea ezagutu berri, lizeoko irakasleek ARGIAri adierazi diote ministro batek gaia "inoiz ez duela horrela formulatu", baina dena den, pentsatutako ekintza guziak bere horretan atxikiko dituztela.

Frantziako Hezkuntza Ministerioaren menpeko den Bordeleko Hezkuntza Akademiak aurten baxoko matematikako azterketak euskaraz egitea baloratu bazuen ere, apirilaren 11n aukera ukatu zuen, azterketak “indarrean dagoen araudiaren arabera” egingo diren argudiopean. Alegia, frantsesez egin beharko dute baxoa Ipar Euskal Herriko ikasleek, beste behin.

Erantzun gisa, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek desobedientziara joko dute, eta Parisko erabakiari kontra eginez, ekainaren 12ko baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzungo dute. Horien artean izango dira Eheina Pere, Johane Oyhenart eta Eneko Heurtebize. Haiekin hitz egin dugu auzia barrutik ezagutu nahian.

“Ez da bermatua berdintasuna”
Egun mugituak izaten ari dira haientzat. Ikasturte amaiera eta baxoa ate joka izateaz gain, buru-belarri dabiltza protesta eta bilkuretan. Gaiaz etengabe hitz egiten dute inguruan. Eskolan, nola ez, bertan biltzen baitira ikasleak zein irakasleak azterketak euskaraz egitearen aldeko borroka artikulatzen. Baina baita etxean ere, gurasoekin: “Haiek sostengatzen gaituzte”, adierazi digute. Gainera, “desobedientziara joko genuela iragarri genuen bideoak inpaktu handia izan zuen, asko zabaldu da sare sozialetan”, esan digu Eheina Perek. 

 Amorrua eta borrokarako grina nabari da beraien ahotsetan: “Ez da normala!”, esan dute irmo. “Seaskan gaudenok 2 urte ditugunetik egin dugu ikastola ibilbide osoa, kolegio osoa eta lizeo osoa euskaraz. Baxoko ikasgaiak ere, matematika kasu, duela bi urtetik ari gara euskaraz lantzen. Orain azterketa frantsesez egin behar dugu”. Eneko Heurtebizek Frantziako Errepublikaren leloari keinu egin dio: “Ez da bermatua berdintasuna”. Izan ere, gehiengoa ez bezala, ez dituzte ebaluatuko ikasi duten hizkuntzan.

Soka luzea du gaiak. 2016an, urtetako borrokaren ondoren, lehen aurrerapena lortu zuten: baxoko matematika azterketak –baita historia eta geografiakoak ere– euskaraz egiteko aukera ahalbidetu zuen administrazioak. Alabaina, 2019ko erreformarekin batera bertan behera utzi zuen aukera. 2021ean desobedientziarekin erantzun zuten Bernat Etxepare lizeoko 40 ikaslek, filosofiako azterketa euskaraz eginez. Pere, Heurtebize eta Oyhenarten belaunaldiak halakorik bizi ez bazuen ere, irakaspenak jaso dituzte eta jakitun dira estatuaren jokabideaz, baita beraien aukerez eta espektatibez ere.

Estatuaren jarrerari dagokionez, nola jokatu zalantzarik ez dute egiten, ez ikasleek ez irakasleek. Adibidez, 2024ko ahozko handia proban desobedientzia egin zuten zuzentzaile ziren hainbat irakaslek, eta azterketa euskaraz pasatzeko prest agertu ziren. Horren ondotik, Hezkuntza Ministerioak irakasle horiek zuzentzaile zerrendatik kendu zituen. Aurten ere, irakasleek jarrera bera berretsi dute agerraldi baten bidez. “175 irakasle inguru prest daude azterketa euskaraz pasatzeko, egingarria da!”, esan dute elkarrizketatuek, eta gauzak aldatzeko administrazioaren borondate politiko falta azpimarratu dute: “Borrokan aurrera ematen dugun pauso bakoitzeko, estatuak bi ematen ditu atzera”.

Borrokan jarraitzea baino ez
Hala ere, ikasleek zein hezkuntza komunitateak badakite borrokan jarraitzea baino beste alternatibarik ez dutela. Maiatzaren 5ean jo zuten hordagoa ikasleek: desobedientziaren bidea hartuko dute. Parisko erabakiari kontra eginez, baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzungo dute Etxepare lizeoko ikasleek.

Ekintzaren ondorioen jakitun dira: “Logikoena, eta gure ustez gertatuko dena izango da sinpleki gure azterketak ez direla zuzenduak izango. Ikusten dutenean euskaraz erantzunda daudela, ez dute denbora galduko azterketak zuzentzen”. Badute esperantza izpi bat, baina. Izan ere, matematikako azterketaren gehiengoa kalkuluen bidez egiten denez, “posible da esaldiak agertzen ez diren partea zuzentzea”, adierazi dute.

Desobedientziara jotzea erabaki “kolektiboa” izan da, lizeoko hezkuntza komunitate osoaren sustengua dute. 
Elkartasun eta ikusgarritasun bila dabiltzala, iragarrri dute maiatzaren 25eko asterako ekintzaren bat antolatu nahian dabiltzala, zehaztasunak emateko moduan ez badaude ere. Horrez gain, ekainaren 6an manifestazioa egingo dute Bordelen, Frantziako Hezkuntza Ministerioak duen egoitzaren aitzinean.

Ikasleek argi dute beraien eskubideen alde ari direla borrokan, ikasten duten hizkuntzan ebaluatuak izateko eskubidearen alde, ez besterik. Aurten fokua matematikako azterketan jarri dute, baina helburua azterketa ofizial guztiak euskaraz egin ahal izatea da, izan baxoa, ahozko handia, brebeta edo beste edozein. Alta, lortuko dutela ere argi dute. Azken egun hauetan Frantziako Hezkuntza Ministeriotik erakutsitako irekidurak agian azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea ekarriko die. Ondoko egunetan argitu beharko litzateke kontua, dena dela ikasleek berdin-berdin determinaturik jarraitzen dute. Goiz ala berandu lortuko dutela badakitelako. 
 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Baxoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.