Ekainean sartzear gaude, EAEko kooperatibek Batzar Nagusiak egiteko duten azken hilabetean. Barne Araudiak, memoriak, kontuen itxierak, urteko helburuak eta aurrekontuak... Kudeaketa ekonomiko eta organikoetan aritzen direnen buruhausteen azken asteak dira. Prestatuko ditugu aurkezpenak, bazkideei eman beharreko azalpenak, pozak batzuetan eta berri txarrak beste batzuetan, saiatuko gara astunegiak ez izaten... eta, aurten ere, saiatuko gara parte-hartzea handitzen.
Bereziki erronka potoloa da batzarretako parte-hartzea kontsumo kooperatibetan. Dimentsio handia hartzean, are handiagoa. Ez da kasualitatea kontsumo kooperatiba batzuetan organoen dinamizaziorako eta bazkideen parte-hartzea eta aktibazioa bultzatzeko langileak kontratatu behar izatea. Guztiak bazkideen inplikazioa handituko duen tekla magikoaren bila.
Akaso oinarrietara jotzea izan daiteke gakoa, geure buruari gogoraraztea (kontsumo) kooperatibak sortu baditugu, sistemaren aurka joateko izan dela, alternatiba komunitarioa sortzeko izan dela
Michelin ez da ez kontsumo kooperatiba bat, ezta enpresa demokratiko bat ere. Dena den, 1976ko otsailean hasi zuten 100 eguneko grebaren errelatoan langileen batzarrek sekulako garrantzia hartzen dute –irakurtzekoa Ekain Carrasco Tellaetxek astekari honen azken zenbakian egindako erreportajea–. Batzarrari esker batu ziren 3.000 langile grebara. Saretzearen, harremanen eta helburu kolektiboen indarrak egin zuen posible borroka.
Akaso oinarrietara jotzea izan daiteke gakoa, geure buruari gogoraraztea (kontsumo) kooperatibak sortu baditugu, sistemaren aurka joateko izan dela, alternatiba komunitarioa sortzeko izan dela. Alternatibak piztu genituen bezala, oldarraldien aurrean alternatibak zertarako garen gogorarazi behar diogu gure buruari. Batzarren alderdi formala ahantzi gabe, kolektiboa batu eta aktibatzeko baliatu behar genituzke, ekarpenak jasotzeko, indartzeko... Eta hori guztia, foro zabaletan gertatzen diren parte-hartze dinamikak hautsita. Ez dezaten betikoak betiko moduan soilik hitza hartu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.