Atzo esklaboek egina, gaur NATOk erabilia

  • Ablitasko aerodromo militarra 1.800 metro luzeko lurrezko pista bat da eta Tutera eta Ablitas arteko errepide ondoan kokatzen da.

Ikur soila, instalazio militar garrantzitsua seinalatzeko. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Arriskua adierazten duen hiruki formako seinale baten barruan hegazkin bat marrazturik ikusiko ez bagenu ez genioke antzemango, baratze bat dirudike kasik. Iritsi garenean ez dugu ezer gehiago topatu, urrunago etxola bat, eta kanpoan soldadua altoa ematen.

Aerodromoa oharkabean pasa da orain arte, baina oso garrantzitsua da Bardeako tiro eremuan NATOk egiten dituen operazioentzat. Bardea Askek eta Errigorak antolatuta aerodromora martxa egin zuten iazko urrian. Bardeako tiro eremuarekin eta pista hori “instalazio militarista” bera direla salatu zuten: “Frankismotik heredatu zen, eta interes inperialista eta kapitalisten zerbitzura dago”.

Duela gutxi Nafarroako Parlamentuak eskatu du jar dadila seinale bat adierazten aerodromoa frankismoko esklaboek egin zutela. Izan ere, Memoria Gune gisa dago aitortua toki hau. Fernando Mendiola historialariak ikertu duenez, 1937 eta 1940 artean gutxienez 3.500 esklabo errepublikar aritu ziren langile batailoietan Erriberako trenbide eta azpiegitura ugari eraikitzen, tartean Ablitasko aerodromoa. 1937an Ebroko borrokaldia hasi zen handik gertu, eta bai Alemaniako Condor legioak nola Italiako Aviazione Legionariak, euren Heinkel, Junker eta Savoia aparatuentzako toki egoki bat behar zuten bonbardaketak abiatzeko. Buñuel (Nafarroa) eta Ablitas aukeratu zituzten.

Aerodromoaren aurkako martxa antolatu zuen Bardea Askek 2025eko urrian. Argazkia: Foku / Jagoba Manterola

Alkatearekin berriketan: “Harreman ona dugu koronelarekin”

Ablitasko artxiboa lekuz aldatzen ari dira eta hankaz gora topatu dugu udaletxean; hor nonbait ba omen dago karpeta bat izen honekin: “1938. Batallón de peones del aerodromo”. Datu ugari egongo dira seguruenik, baina gure intentzioa beste bat da, udalaren iritzia jakin nahi dugu. Idazkaritza ondoko gela batean sartu gara. Carlos Bonel alkateak eta Ramiro Arroyo Hirigintza zinegotziak hartu gaituzte, UPNkoak dira biak.

“Guretzat aerodromoarena momentu honetan herriak duen gairik garrantzitsuenetakoa da”, esan digu Bonelek mikrouhinetik goizeko kafea ateratzen duen bitartean. “Uste genuen lurrak 1937an desjabetu zituztela, baina orain konturatu gara ezetz”. 1967an, BOEan (Estatuko Aldizkari Ofiziala) José Lacalle Aire ministroak –Bardeako tiro eremuaren sustatzaileak– eta Francisco Francok sinaturiko dekretu baten bidez behin betiko desjabetu zituzten lur horiek, Espainiako Defentsa Ministerioarentzat. Ez dakigu ze jarrera hartu zuen Ablitasko Udalak ordukoan, badago espediente bat horri buruz artxiboan, baina hori ere ezin izan dugu aurkitu.

Paraxutusten maniobrak Ablitas inguruan. Argazkia: Espainiako Aire Armada

Arroyok garbi hitz egin digu: “Herritarrak kexu dira molestiengatik, azkenaldian ariketak asko ugaritu dira, urtean 200dik gora egiten dituzte, eta hegazkinak hainbat aldiz pasatzen dira herri gainetik; soinuarekin ohitu ere egin gara”, dio. Hala ere, alkateak aitortu du aerodromoan dauden militarren koronelarekin “harreman ona” duela: “Oraingoan baxuegi pasa gara ezta?”, galdetzen omen die arduratuta.

Ablitasko Udalak ez du euro bakar bat ere jasotzen eragozpen horiengatik. “Niri esaten badidate zer nahiago dudan, dirua edo lurrak, agian esango nizuke lurrak nahiago ditudala. Toki oso ona da, adibidez abeltzaintzarako poligono bat jartzeko”. Ez gaitu harritu alkatearen jarrerak, lehen ere publikoki esan izan du hori. “Baina zintzoak izanda, badakigu ezinezkoa dela lurrak itzultzea”, gaineratu du. Alegia, dirua lortu nahi dutela.

[Artikulu hau Bardeako tiro eremuari buruzko erreportaje zabalago baten barruan argitaratu da: Lurraren garrasia gerraren aurka]

 


Antimilitarismoa kanalean gehiago
2026ko apirilaren 29
Koipea

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.