Egunotan hil da Adolfo Aristarain, zinema zuzendari argentinar ezaguna. Aristarainek Manuel Vázquez Montalbánen Carvalho pertsonaian oinarritutako serie aski itsusi bat egin zuen. Ez zen MVMren gustukoa izan: “Inoiz ez da horrenbeste titi erakutsi fundamentuzko arrazoirik gabe”, esan omen zuen idazleak. Gero, bere gisako mendekua gauzatu zuen: Asesinato en Prado del Rey izeneko nobela labur bat idatzi zuen, zeinean Arakistain izeneko zinema zuzendari bat hiltzen baita, dekoratu bat gainera erorita. Hilotza aurkitzen dutenean, lili sorta bat dauka brageta irekian. Liburu horren bila apalategian ari nintzela, MVMren beste liburu bat erori zitzaidan eskuetara: Mis almuerzos con gente inquietante. Liburua 1984koa da. 21 elkarrizketa biltzen ditu, Trantsizioa deitu den prozesu politiko horretako horrenbeste pertsona esanguratsurekin: Fraga, Martín Villa, Ferrer Salat, Bandres, Alfonso Cortina, Carmen Romero…
Uste dut De Gaullek esan zuela konfliktoek irauten dutela ezagutu zituztenak bizirik dauden bitartean
21 horietatik (22, idazlea bera kontatzen badugu), gaur sei baino ez daude bizirik, hau da, ehuneko 70 baino gehiago hilik daude. Uste dut De Gaullek esan zuela konfliktoek irauten dutela ezagutu zituztenak bizirik dauden bitartean; hortaz, orain bai, orain esan dezakegu Trantsizioa amaituta edo amaitzear dela, gutxienez. Orain beste batean gaudela dirudi. Beste trantsizio bat, nora edo zertara? Nekez zerbait hobeagora.
Egunotan hil da, halaber, Ortzi, Trantsizio garaiko irudi ikonikoenetako baten protagonista, ukabila goian Madrilgo Kongresuan.
Oraintxe hil da Carlos Garaikoetxea. Vázquez Montalbánek bere liburua idatzi zuenean Garaiko EAEko lehendakaria zen. Idazleari ez zitzaion aski inkietagarria irudituko, edo Garaikok egiteko hobeak edukiko zituen; kontua da liburu hartan ez zela agertu; baina ager zitekeen, hura ere Trantsizioko protagonistetako bat izan zelako.
Egunotan asko eta ongi idatzi da Garaikori buruz. Horrek ematen du pertsonaiaren garrantzia historikoaren tamaina. Goraipatu dira haren bertuteak, gehienetan, baina egon da pertsonaia kritikatu duenik ere. Gauza ganorazko gutxi gainera nezake nik; horregatik, agian nire inpresioa baino ez den detaile txiki hau: navarristek onartuko zuten, ausaz, Euskadira emigratutako lehendakari iruindar bat; ezin eraman izan dute, ordea, Ajuriaenean zegoenean ere iruindar izateari sekula utzi ez zion EAEko lehendakari bat.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.