Historias del buen valle (Haran oneko istorioak)
José Luis Guerín (2025)
Zer: Dokumentala
Herrialdea: Herrialde Katalanak
Iraupena: 122 minutu
Non ikusi: Zinema aretoetan, eta maiatza amaieran Filminen
-----------------------
Gure herrian trenbidea lurrazpiratuta dago duela hamalau urtetik, baina oraindik ere trenbidetik gora bizi gara batzuk, eta trenbidetik behera beste batzuk.
Jolastu dugu lerroartea arkitektonikoki aztertzera: “Errekaren alde bateko etxeetako teilatuek itxura bat dute eta bestelako bat mendebaldekoek”. Umorea ere egin da trenaren arrastoaz: “Hemendik behera urtegi bat egin dezakegu”. Jolastu dugu antrolopogoetara: “Alde Zaharrean bizi garenok etxeko eskailerak igotzera eta giza zaratara ohituta gaude, etxea kale girotik gertu sentitzearen truke; eta inguruko auzoetakoek kotxea etxepean aparkatzea nahiago dute, ogia bertan erosteko aukera ez izan arren”.
Hala ere, bizitzak antolatzen dizkiguten lerrook zeharkatzen ditugu maiz: autobusa hartuta, herriaren luzapen moderno bezala bizi dugun hiriguneko zine aretora joaten gara, esaterako.
Geralekurik ez duen trenbidea, Besós erreka eta autobidea gurutzatzen diren tokian dago Vallbona auzoa, Bartzelonan. Zubi erraldoi baten bidez konektatzen da hiriarekin. Baina landa-eremuaren eta hirigunearen arteko amildegia ez da porlanezko pasabide horren distantziarekin soilik neurtzen.
Gogoz kontra perimetratutako auzo honetako etxeak, lantokiak eta bizilagunak astiro aurkeztuko dira filmean, erdigunean kabitzen ez diren bizimodu askoren sekuentziatze musikatu batean. Fikzioaren eta ez-fikzioaren mugak kiribilduta, pieza polifoniko bat aurkeztu du Guerín zuzendari katalanak. Aldi bereko zenbait ahotsetako istorio bat. Nork bere aldetik kontatuta –hamabi hizkuntza azaltzen dira pelikulan– baina harmonikoki, auzoko eta mundu mailako ezinegonetan bat egiten duena.
Ia ezinezkoa da bizitzako elementuak banatuta eta elkarreraginik gabe imajinatzea. Esango nuke hori dela ariketa zailenetarikoa: errealitate nahaspilatsuaren narratiba eta logikari eutsi eta bere horretan kontatzea. Erronka horri heldu diote dokumental honetan.
Espazioak eta pertsonaiak aurkeztuko zaizkigun moduagatik gutxinaka joango gara auzoa ulertzen. Auzokideak iganderoko ohituretan, auzo bileretan, familiak ortuan lanean, etxeko egongelako elkarrizketetan eta dantzalekuetan. Gerraosteko eraikinean triste bizi den alarguna eta lo-hiriko bloke berrietako haurrak, trenbidearen eta errekaren alde berean. Pertenentziaren ideiaren hausnarketa betean. Batzuetan, zaila da asmatzea ama-alabak diren, lehengusinak edo ikaskideak, edo besterik gabe, bizilagunak. Anbiguetate horrek beste toki batean jartzen gaitu ikusle bezala. Aurreikuspenen gainetik, ezagutzen duguna lurrazpiratu eta bestelako harreman egiturak imajinatu eta bizitzen hasteko aukera emanda.