Oldarraldiaren aurrean, herriaren hauspoa

  • Euskararen aurkako oldarraldiaz hitz egiten den garaiotan, hurrengo pausoa zein izan behar den hausnartzen ari da eragile ez gutxi. ARGIAk eta Antxeta Irratiak horietako hiru gonbidatu dituzte Azokaroaren baitan urtero egiten duten irratsaiora; Plazara kolektibotik Eneko Gorri, Euskal Herrian Euskarazetik Intza Gurrutxaga eta UEMAtik Iñaki Iurrebaso gerturatu dira Antxeta Irratiko mikrofono parera. Egungo egoeraren erradiografia egiteaz gain, etorkizunean heldu beharreko gakoak azaldu dituzte eta guztiak daude ados kontu batean: erakundeen lanak euskararen bidea lagundu badezake ere, herriaren eta militantziaren hauspoa ezinbestekoa izango du euskarak bizirauteko.
     

Antxeta Irratiko mahai-ingurua. Ezker-eskuin: Maia Muruaga Antxeta Irratiko kazetaria, Intza Gurrutxaga EHEko kidea, Iñaki Iurrebaso UEMAko soziologoa, Maria Ortega Zubiate ARGIAko kazetaria eta Eneko Gorri Plazarako kidea.
Sabina Hourcade/ARGIA CC-BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Minorizazio larri batean gaude. Bi datu aipatzearren: euskaraz errazago egiten duten hiztunak %8 bakarrik dira, eta erabilera %13 inguruan dago. Larriena da horrek berez dakarrela ahultzen jarraitzeko joera”. Iñaki Iurrebaso soziologo eta UEMAko kidearen hitzek ez dute inor sorpresaz harrapatu: euskaldunak badaki, bere izaeraren zati handi bat baita hizkuntzarekiko kezka, hizkuntza ahula duela, behatz puntekin ukitzen duela desagerpena. Hizkuntza minorizazio horretara, ahultzera, zelan iritsi den ere ez da gutxi hausnartutako gaia. Eta Eneko Gorrik argi du: “Zehaztu behar da euskararen galera ez dela zorteari edo halabeharrari lotutako kontua; programatua izan dela eta Parisek biziki ongi gogoetatu eta baliabide asko eman dituela euskara bezalako beste 75 hizkuntzaren desagerpena programatzeko”.

Hori Ipar Euskal Herrian, baina Hegoaldean ere egoera ez da oso desberdina. Legeak, berez, aitortzen du eremu batzuetan euskarak gazteleraren maila bera duela, ofizialtasun bera. Baina hori ez da horrela izaten praktikan. “EAEn eta Nafarroako iparraldean euskarak badu ofizialtasuna, baina bigarren mailako hizkuntza da legalki. Gaztelera da guztiok derrigor jakin behar dugun hizkuntza, legeak horrela agintzen duelako, eta azkenean, askotan euskaldunok onartu egiten dugu eskema hori”. 

Eta legea soilik ez, bere interpretazioa ere ez du alde euskarak. Hauxe dio Iñaki Iurrebasok: “Legeak interpretatzerakoan daukagun justizia egiturak zalantzarik balego mesede egingo dio gaztelaniari; eta gainera militante espainiar zale batzuk ditugu antolatuta, ahal duten guztia egiten dutenak euskara trabatzeko”, azken esaldi horrek ARGIAk egindako ikerketari egiten dio erreferentzia, lan eskaintza publikoetako euskara eskakizunei errekurtsoak jartzeko antolatutako taldeak daudela frogatu duena.

Parisek eta Madrilek, euskara zapaltzen duten bi hizkuntzek eta estatuek, bakoitzak bere mailan, eragin dute egungo egoera; hori argi dute hiru hizlariek.

Sabina Hourcade/ARGIA CC-BY-SA
"Euskararen galera ez da zorteari edo halabeharrari lotutako zerbait izan, zerbait programatua izan da eta Parisek biziki ongi gogoetatu duena"
Eneko Gorri, Plazara
Hizkuntza politikak jomugan

Euskara eta bere herria muga administratiboek banatua den heinean, eta hizkuntza zapalkuntzak herrialdea bere osotasunean gurutzatzen badu ere, zapalkuntzak ez dira berak eta ez dute berdin eragiten lurralde osoan. Hori erakusten dute euskararen erabileraren datuek. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera 16 urtez gorako biztanleriaren %32,2 euskalduna bada ere, datuek lurraldeka banatuta oso irakurketa ezberdina daukate: %14,6 da euskaldunen ehunekoa Nafarroan; %20,1 Ipar Euskal Herrian eta %36,2 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Administrazioek banatzen dute euskararen herria, eta arautzen dute bere ezagutza eta erabilera, beraz.

“Hizkuntza politikek duten eragina begi-bistakoa da, eta hain justu datu horiek ere islatzen dute hizkuntza politika aurrerakoiagoak eman diren tokietan aurrerapena askoz ere maila altuagoan egin dela”, dio Intza Gurrutxaga EHEko kideak. Eta hizkuntza politiken gaia aterata, zera zehaztu du: hizkuntza politika gisa ulertzen direla euskararen alde hartutako neurriak, baina hizkuntza politikak “uneoro” egiten direla. “Euskararen aldeko hizkuntza politikak egiten ez diren neurrian, hegemonikoa den hizkuntza horren aldeko politikak egiten dira. Badirudi hizkuntza politikak euskararen alde ez badira egiten ez direla hizkuntza politikak, eta hori tranpa bat da. Egiten direlako, hain justu, euskararen aurka”, adierazi du Gurrutxagak.

Puri-purian dagoen eztabaida da, hain zuzen ere, hizkuntza eskakizunena. Eusko Legebiltzarra da egun hausnarketaren eragile nagusia, administrazioan  hizkuntza eskakizunen eztabaida irekia baitago bertan. Euskalgintzaren Kontseiluak mahai gainean jarria du eztabaida, eta erakundeei esana die “hizkuntza politiketan jauzia” emateko garaia dela, eta EHEn ere bide beretik joan dira, erakundeek “euskaraz bizitzeko gutxieneko oinarri batzuk bermatu” behar dituztela sinetsita; hizkuntza politiketan euskarak erdigune izan behar duela aldarrikatu du Gurrutxagak, egun hortik “oso urrun” dagoela baiteritzo.

Ipar Euskal Herrian egoera dramatikoagoa da are. Erakunde publikoak “berant” ari dira, 20 urteko berantarekin iratzarri dira, horixe uste du Gorrik, eta momentu honetan, Ipar Euskal Herrian hizkuntza politiken hastapenetan baino ez daudela. Euskararen Erakunde Publikoa du gorputz hizkuntza politikak Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, eta bertatik zenbait pauso eman badira ere –“Hastapen horretan gauza asko egin dira, bereziki hezkuntzan: EEPren eraketarekin ikusi da euskaraz eskolaratutako haurren kopurua eta proportzioa handituz joan dela”–, eta EEPren beharra badutela aitortu arren, Euskararen Erakunde Publikoa “panan” dela dio Gorrik, ez duela funtzionatzen, alegia.

Sabina Hourcade/ARGIA CC-BY-SA
"Hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimendu argi bat du euskaldun jendeak. Dagoen gaitasunaren oinarrirako, euskara dezente erabiltzen da"
Iñaki Iurrebaso, UEMA

Erakundeek gabeziak dituzte, horretan zalantzarik ez dute hirurek; ezta ere, era berean, erakunde horiekin beraiekin aliantzak jostera kondenatuta daudela, biziraupena helburu. Eta hori aitortuta, hurrengo zehaztapen hau: erakunde guztiak ezin dira zaku berean sartu, hori aldarrikatu du Gorrik, ez baita gauza bera Frantziako Estatua edo Euskararen Erakunde Publikoa; Espainiako Gobernua edo han eta euskal erakundeetan ordezkaritza duten alderdi abertzaleak.

Azken horiek, alderdi abertzaleak hain zuzen, interpelatu nahi ditu EHEk, euskararen aldeko borrokari lotuta “zuzenean egon beharko luketen” alderdiak direla uste baitu plataformak, “besteengandik ez baita halakorik espero”, gehitu du Gurrutxagak. Eta erakundeetatik soluziorik izatekotan tokian tokikoetatik izango dela uste du Gorrik: “Tokian tokiko instituzio publikoek ere gehiago egin dezakete Euskal Herriaren alde, baita ere batzuetan desobedientziaren bidea hartu, konfrontazio zuzenaren bideak ere hartu”.

Transmisioa, etxetik

Ez da kasualitatea, hain zuzen ere, tokian tokiko erakunde horiek izatea herritik gertuen daudenak. Euskararen aldeko hauspoa herritik heldu behar baita, hor zalantzarik ez dute hizlariek. Historikoki izan da horrela, herriaren bultzadari esker, azpimarratu dute hiru adituek, heldu da euskara gaur egunera, eta horrela izaten jarraitzeko ezinbestekoak ditu, oraindik, herrigintza eta militantzia. Izan ere, Iurrebasok hasieran emandako datu ezkorrei argi izpi bat gehitu die: “Komunitateak badu beste ezaugarri bat: bizi nahi handia du, hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimendu argi bat du euskaldun jendeak; eta hori, gainera, gauzatzen da portaeretan. Dagoen gaitasunaren oinarrirako, euskara dezente erabiltzen da: hau da, hiztun gehienek erabiltzen dute euskara erdaretan erosoago ibilita ere. Eta hori hizkuntza gutxitu batentzat oso datu garrantzitsua da”.

Errealitate hori, erdaretan erosoago arituta ere euskaraz aritzen den jendearena, ez da ohikoa hizkuntza gutxituen kasuan, are gutxiago frantsesa eta gaztelera bezalako hizkuntza handien alboan bizirauten duen hizkuntzarentzat. Horretan gakoa transmisioa izan zen, da eta horrela izaten jarraitu beharko du. “Ahalegin handia egiten dute euskal familia askok seme-alabei euskara transmititzeko. Hori gure indargune bat da, eta gainera oso indargune arraroa da hizkuntza gutxituetan. Horren kopuru baxuetan dauden hizkuntza gutxituetan arruntena da seme-alabei euskaraz ez irakastea, eta hori izan da gure egoera duela ez hainbestera arte. Horri buelta eman diogu”, dio Iurrebasok.

Transmisioaren aldaketa hori pasa den mendeko 60ko eta 70eko urteetan izan zen, urte bero bezain itxaropentsuetan. Ordura arte “galera argiak” zeuden, transmisioan eten bat egon zen, landa-eremutik hirira joandako askok ez zuten euskara hurrengo belaunaldietara hurbildu. Baina urte horietako “eztanda soziopolitiko-linguistiko-kulturala” izan zen egoera bueltarazi zuena. ARGIAko 2955. zenbakian jasotako kultura autogestionetuari buruzko mahainguruan, Maider Arregi bertsolariak adierazi zuen euskarak urte horietan “loraldia” izan zuela, proiektu “ilusionatzaile” batekin egin baitzuen bat, “dena aldatzeko pretentsioa” zuen proiektu batekin: “1970-80ko hamarkadetan zeozer ondo egin bazuten izan zen euskara lotu zutela errebelde izatearekin eta ilusio politikoarekin”.  Eta Antxeta Irratian bildu diren hiru hizlariek ere uste dute ildo horretatik joan behar duela XXI. mende honetan ere, euskararen salbazioak.

Sabina Hourcade/ARGIA CC-BY-SA
"Sortu nahi dugun Euskal Herri hori euskalduna izango da, noski, baina lortu behar dugu baita ere zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri bat eraikitzea"
Intza Gurrutxaga, EHE
Euskara, politikoa
 

Orduko borrokek ekarri dute euskara gaur egunera, eta gaur egunetik orduko borrokaren jiteei begiratzeko aldarria  mahai gainean jarri dute. “Urte batzuetan euskara ez politizatzearen aldeko diskurtsoak egon dira, eta uste dugu lortu behar dugula berriz politizatzea”, laburbildu du Gurrutxagak. Urte horietara begiratuta, nazio nortasunaren aldeko mugimendua gogoratu du Iurrebasok, eta oraingo olatuak ere, ziur aski, ildo horretatik joan beharko duela aurreikusi du: “Hizkuntza herri bezala nortasuna ematen digun funtsezko ardatza da”.

Baina nazio askapenarekin lerrokatuta soilik ez, euskarak marko intersekzional batean kokatu behar du bere burua, EHEk horixe aldarrikatu du. “Diskurtso bat lortu behar dugu euskara borroka askatzaile gisa ulertzeko, herri mugimendua giltzarria baita bestelako zapalkuntzetan ardazten diren eragileek ere euskararen borroka eurena egiteko, eta alderantziz. Sortu nahi dugun Euskal Herri hori euskalduna izango da, noski, baina lortu behar dugu baita ere zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri bat eraikitzea”, dio Gurrutxagak. Eta bestelako borroka horietan aipatu dituzte arrazakeriaren aurkakoa, LGTBI kolektiboaren eskubidearen aldekoa, borroka ekologista eta langile borroka, besteren artean. 

Alegia, euskara borrokak salbatuko duela salbatzekotan, baina ez bakarrik euskararen aldeko borrokak. Kokatu behar du munduan, marko politizatu batean, eta euskarak egin behar du bide. Euskarak bat egin behar du, ezin bestela Gorriren ustetan, mundu “libreago, parekideago eta justuago baten aldeko borrokarekin”. Dimentsio eraikitzailea izan behar dute borroka elkarlotu horiek, eta hortik aurrerakoan, herriak esango du.  


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.