Nola egin aurre indarkeria matxistaren forma berriei?

  • Indarkeria matxistak itxura ugari ditu, eta askotariko subjektuek jasaten dute. Indarkeria digitala, arrazakeria, LGTBIfobia eta bestelako formak zabaltzen ari diren honetan, Bilgune Feministak indarkeria matxista birdefinitzeko bi urteko prozesua abiatu du. Tresnak eguneratzeko beharra ikusita, gogoeta kolektiboari martxoan ekin zioten, Indarkeria matxistak, begiradak lerrokatzen jardunaldiekin.

Sare sozialek indarkeria azkartu eta beste dimentsio bat eman diotela nabarmendu dute hizlariek. Ezkerretik eskuinera: Samara Velte, Lasku eta Kattalin Artola, eta pantaila bidez Pastora Filigrana. / Argazkia: Maialen Andres / FOKU.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Dozenaka feminista elkartu ditu Bilgune Feministak Hernanin (Gipuzkoa), indarkeria matxistaren kezka partekatuei hainbat begiradatatik erantzun nahian. Erantzunak baino, galdera gehiago bota dituzte publikora sei hizlariek, eta jardunaldia bi saiotan banatuta egon arren, pentsamendu antzekoak elkarlotu dituzte bi mahai-inguruetan: matxismoaren egiturazko indarkeria, punitibismoaren tranpa, indarkeria digitala eta Mugimendu Feministak sare sozialetan dituen mugak, feminismoaren instrumentalizazioa... Hausnarketa horietako batzuk ekarri ditugu hona.

Gorroto diskurtsoek gora egin dutela berretsi dute datuek, eta “sare sozialek indarkeria azkartu eta beste dimentsio bat” eman diotela nabarmendu du Lasku Donostiako asanblada transbollomarikako kideak: “Lehen herrian erasotzaile bat bazenuen, orain sare sozialetan ehun dauzkazu, eta algoritmoak nahi badu, mila”. Transfeministak sare sozialetan jasaten ari diren “lintxamendua” izugarrizkoa dela azaldu du, eta indarkeria hori normalizatzearen arriskuaz ohartarazi. Gainera, ezkor agertu da gizon eta emakume kategorien inguruan: “LGTBI disidentzia izateko aukera ireki denetik, gizon eta emakume kategoriak gero eta hertsiagoak dira”. Digitalizazioak hori sustatu duela dio, gymbro –maskulinoa indarrari, erresistentziari, kirolari lotuta– eta tradwife –femeninoa esaneko, pasibo, ahul izateari lotuta– profilekin: “Feminismoaren aurka eta faxismoa indartzeko sortu dira”.

Digitalizazioari lotuta, “endogamia informatiboaren” arriskuak ere mahaigaineratu ditu Samara Velte kazetari eta EHUko irakasleak. Norberak bere mugikorretik kontsumitzen ditu notiziak, bakarrik eta kontrasterik gabe, algoritmoen baitan eta edukia mozorrotuta, kazetariak adierazi duenez. “Mezu jakin batzuk ez zaizkigu iristen. Komunitate jakinak sortzen dira, mezu batzuekiko gero eta konbentzituago egotera garamatzatenak. Eta Mugimendu Feministak ez dauka sarbiderik komunitate horietara”, kezkagarria deritzo, eta erronka ikusten du endogamia hori kudeatzen. Halaber, hizlariek azpimarratu dute sare sozialetan ez dagoela espaziorik gogoeta konplexuak egiteko, eta feminismoak horixe behar duela.

 “LGTBI disidentzia izateko aukera ireki denetik, gizon eta emakume kategoriak gero eta hertsiagoak dira eta digitalizazioak hori sustatu du”, Lasku, Donostiako asanblada transbollomarikako kidea

Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak ere iritzi bera du: “Sare sozialetan erasoak eta diskurtso faxistak daude, eta feministen aurka ere ari dira. Hor egon nahi dugu edo ez? Nola? Burujabetzatik, gure sare sozial propioak sortu nahi ditugu? Baina ze intzidentzia lortuko dugu, ikusita gero eta endogamikoagoak garela? Martxoak 8an TERFak antolatu dira eta diskurtso izugarriak egin dituzte sare sozialetan, eta gu ez gara egon. Eskuin muturraren tresnetan egon nahi dugu gure erantzunak emateko?”. Torrealdaik aitortu du azken urteetako digitalizazioaren eraginez Mugimendu Feministaren hausnarketa eta protokoloek mugak topatu dituztela, esaterako, eraso matxisten testigantza anonimoak biltzen dituzten kontuen kasuan: “Guk kudeatzen genituen erasoak hodei digitalean gertatzen dira orain, eta horrek frustrazioa, ezinegona eta haserrea sortu ditu”. Tresnari berari egotzi dio errua, alegia, ziurtatu du Instagrameko kontu batetik ezin dela eraso bat kudeatu. Mugimendu Feministak marra gorriak jarri behar dituela ere argi du: “Hainbat herritan gertatu da sare sozialetako testigantzetan edo mezuetan esan dutela Mugimendu Feministak erasoaren berri zuela baina ez zuela kudeatu. Kontu horren arduradunek botere izugarria dute eta punitibismoa sustatzen dute; marra gorriak jarri behar ditugu”.

Zibilizatu ez, irauli

Marra gorria jarri dioten beste irakurketa bat da feminismo zuriarena. Diskurtso hori gaitzetsi du Laskuk, izan ere, ohartarazi du feminismoa “gizartea zibilitzatzeko tresna” bezala aurkezten dutela feminista zuriek, eta horretarako erasotzaileak munstro gisa deskribatzen dituztela: “Deshumanizatu egiten dituzte, arrazializatu gisa irudikatu, pultsio sexualak dituztela esan... Baina errealitatean erasotzaileak familiako kideak izan daitezke, poliziak edo beste; eta pultsio sexuala ez dago hain presente, gorrotoak eta nazkak bultzatuta egiten dute gehiago. Gizon erasotzaileak zibilizatu behar direla diote, baina kontrakoa da, justu zibilizatutakoak dira erasotzaileak”. Feminismo zuri “zibilizatzailearen” aurrean, Laskuk oroitarazi du feminismoa “prozesu iraultzailea” dela. Indarkeria matxista sistema osoak sostengatzen duela dio eta “gizonen klaseak” gauzatzen: “Gorputz feminizatu eta arrazializatuen gainean egiten dute indarkeria, eta gizonen klaseak onura ateratzen du hortik. Eta feminizazioa biologiatik eta norbere borondatetik harago doa, besteek feminizatu zaitzakete”.

“Punitibismoak puntu itsura darama feminismoa, statu quoa da aldatu behar dena. Kartzelak beteta daude ez bakarrik emakume pobrez, baita arrazializatuz eta indarkeria matxistaren biktimez ere”, Pastora Filigrana, abokatua

Dimentsio estrukturalari begiratu dio Pastora Filigrana abokatu eta giza eskubideen defendatzaileak, eta azpimarratu du indarkeria jasaten duten pertsonak “deshumanizatzea” eta bizitza horiei “balioa kentzea” beharrezkoa dela haiek esplotatzeko; “arrazializazioa deshumanizazio prozesua da”. Klase azpiratua umiliatzea eta zaurgarritasuna sorraraztea beharrezkoa du klase zapaltzaileak, aberastasun materiala pilatzen jarraitzeko, Filigranaren esanetan; hori horrela, borrokak transbertsala eta antirrazista izan behar duela gogorarazi die entzuleei. Veltek geroago azpimarratu du diskurtsoa praktikara eramatearen beharra: “Intersekzionalitateaz ari gara, baina ez dugu harremanik klase marjinalekin, eta harremana sortzean kostatu egiten da motxila kulturala kendu eta begirada aldatzea”.

“Indarkeria kulturala” kontzeptuaz jardun du Veltek, eta indarkeria hiru geruzatan banatu du: indarkeria fisikoa puntan, oinarrian egiturazko indarkeria, eta bien erdian indarkeria kulturala, “beste biak legitimatzeko”. Kulturalki gizarteak bere buruaz sortzen duen narratibari dagokio, sotila da, eta mundu ikuskera horren bidez pixkanaka indarkeria legitimatzen da: pelikuletan, publizitatean, testuliburuetan, kazetaritzan, sare sozialetan, legeen erabileran... “Baliabide kultural horiek guztiek errealitatearen errepresentazio zehatz bat erakusten digute. Indarkeria kultural horrek gure ekintza eta jarreretan eragin zuzena du, handiagoa ala txikiagoa. Ez badugu horren kontra egiten, denok jarraitzen dugu statu quoa indartzen”.

Argazkia: Maialen Andres / FOKU
Antipunitibismoa eta justizia feminista

Euskal Herriko Mugimendu Feminista antipunitibista dela jakina da, baina kosta egiten da gizartean mezu hori txertatzen. Pastora Filigrana abokatuak ere onartu du ildo horretan asko dagoela egiteko: “Punitibismoa indartu da emakumeen babesaren izenean; zorionez, feminismo batek jakin du mezu antipunitibista zabaltzen, zigorrak handitzeko eskaera popularraren aurrean”. Abokatuak ziurtatu du gezurra dela zigor handiagoak babes handiagoa ematen dionik emakumeari: “Punitibismoak puntu itsura darama feminismoa, statu quoa da aldatu behar dena. Kartzelak beteta daude ez bakarrik emakume pobrez, baita arrazializatuz eta indarkeria matxistaren biktimez ere. Gainera, birgizarteratzea ez da bermatzen”. Filigranaren esanetan, kartzela ez da soluzioa, eta borroka ez da erasoa egin duenaren eta jasan duenaren artekoa: “Kolektiboa izan behar da gatazka, justizia feminista hortik doa”.

Torrealdai Bilgune Feministako kideak entzuleei ohartarazi die ez erortzeko antipunitibismoa eta zigorgabetasuna parean jartzen dituen diskurtsoaren tranpan. Azaldu duenez, salaketa edo lekukotasun bat dagoenean tentsio feminista sortzen da, erantzuna lausoegia edo nahikoa ez dela diotelako batzuek, "zigorrik" ez dagoenean, edo alderantziz, "zigortzaileegia" dela diotelako beste batzuetan. Zigorretan zentratzea akatsa dela dio: “Genero indarkeriaren soluzioa kartzelak dakarren logika erabiltzen da, eta sistema kolonial patriarkalaren esku uzten da kudeaketa. Arriskutsua da, guk badakigu egitura dela aldatu beharrekoa. Gainera, Euskal Herrian badakigu kartzelak sendotu egiten duela sistema arrazista heteropatriarkal matxista”.

Instagrameko kontu batetik eraso bat ezin dela kudeatu ziurtatu du Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak

Justizia feminista da bidea, hizlari guztiek argi dutenez, eta azken urteetako lanketek ere bide horretan eskarmentua eman diote Mugimendu Feministari. Erreparazioan jarri behar da fokua, norbanakoarenean ez ezik komunitatearenean ere: “Erreparazioa bada biolentzia jasan eta gero horrekin bizitzen jarraitzea, legitimoki; ez da hutsetik hastea berriro. Eta kontatzea aitortza kolektibo erreparatzailea da”, dio Torrealdaik. Maite Asensio Berria-ko kazetariak esperientzia du kontatzeak eragin dezakeen erreparazioan, politizatzeko, errua kentzeko eta kolektibizatzeko balio baitie askori. Baina itzalak ere aipatu ditu: “Praktika ohikoa bihurtzen ari da beti testigantzetara jotzea, eta estraktibismo emozionala egiteko arriskua dago. Nik kontakizuna merkantilizatzen dut, eta zuek hor geratu zuen minekin. Posible da prozesua zainduta berbiktimizazioa saihestea? Agian ez, ze minak bere bidea du”.

Justizia feministan hausnartzen ari diren beste puntu garrantzitsua protokoloak dira. Haien balioa azpimarratu dute, baina gogorarazi dute komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa dela, ezin baita feministen esku geratu indarkeria matxistari aurre egitea. Nahia Fernandez EH Bilduko kideak, esperientzian oinarrituta, nabarmendu du lekukotza baten aurrean komunitateak duen erantzuna garrantzitsua dela: “Erreparatzailea izan daiteke; edo mina eragin dezake, berbiktimizazioa”. Betiere erasoa jasan duenaren eskubideak eta beharrak kontuan izan behar direla gogorarazi du: “Pertsona horrek ezin du prozesuaren kontrola galdu, bestela berbiktimizatzen ari gara”. Ardura kolektiboak behar direla azpimarratu dute hizlariek: “Komunitatearen jarrerak zapuztu edo erraztu dezake prozesu feminista”. 


Gizartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.