Lasarteko (Gipuzkoa) Michelin lantegian, duela 50 urte, 3.000 langile inguruk eten zuen bere lana, 100 egunez. Enpresak, 1.700.000 bat lanordu galduta, 67 langile kaleratu zituen behin-betiko –horietako inork ez zuen lanpostua errekuperatu–. Michelinek 175 milioi pezeta aurreztu zituen soldatetan, baina grebak iraun bitartean ekoitzi gabeko pneumatikoen balioa 4.500 milioi pezeta ingurukoa izan zen, langileek ondu zuten liburuan jasoa dagoenez. Hori baino gehiago, herri oso bat mobilizatu eta tentsionatu zuen grebak, Michelinen boterearen tentakuluak txoko guztietara iristen baitziren. Memoria ariketa herrikoia egin eta gogoeta pizteko, ibilaldi gidatua egin dute Lasarte-Oriako kaleetan, Gazte Asanbladak antolatutako freetour moduko batean.
2026ko apirilaren 25ean bildu gara Lasarte-Oriako gazte eta heldu, grebako protagonistak eta gazte kuriosoak, 1976an Lasarte-Oriako Michelin fabrikan langileek egin zuten 100 eguneko greba gogoratzeko. Hor gaude, sindikalista izan zirenak, greban parte hartu zuten langileak, greba garaian haurrak zirenak, eta artean oraindik jaio ez ginenok. Herriko gazteok zerbait entzun dugu garai gogor horiez, dena etxean eta tantaka. Baina sentitzen dugu beharrezkoa dugula iraganeko testigantzak jasotzea, datozen erronkei aurrera begiratzeko. Ez dugu inoiz jakingo nora goazen ez badakigu nondik gatozen. Helburua, baina, ez da anekdotaren liluran erortzea, baizik eta antolakuntza eta eskaera errealak ezagutu eta gaur egungo egoerarekin eztabaidan jartzea. Borroka eguneratzea, nolabait.
Hainbat ziren 1970eko hamarkadan Michelingo langileek egindako eskaerak, besteak beste: astean 42 orduko lanaldia, soldata-taula bat ezartzea, urtean 75.000 pezetako soldata bermatzea, 26 opor-egun, erretiroa 60 urterekin hartzea, eskola-laguntzak, mozkinetan langileen benetako partaidetza, enpresako gatazka kolektiboetan kaleratutako langileentzat amnistia, Soldata KPIaren igoerarekin berrikustea, eta hitzarmen orokorra.
Lehen geltokia fabrika kanpoan dagoen frontoi irekian egin dugu. Badu bere karisma lekuak, hori kolorea baitu. Frontis gainean ere badu berezitasunik lekuak, beste tokietako frontoietan herriaren edo auzoaren izena eta urtea jartzen duen lekuan, hor goian dagoelako Bibendum, "Michelin panpina" gisa ezagunagoa. Fabrikaren ikurra baino gehiago zen Bibendum Lasarten. Michelin deituriko mikroestatuaren ikur gorena zen. Beheraxeago dagoen poemak iradoki moduan, langile familia batek bizitza ia osoa egin zezakeen Michelinen: eskola, lana, erosketak, kirola, aisialdia...
Bibendum seinalatu du hatzarekin Felix Perez sindikalista ohiak: “Hor gaineko horrek irudikatzen du Michelin izan zena duela 50 urte. Denok zapaltzeko gai zen gizon bat”. Nire buruan Bilbon dagoen Iberdrola dorrearekin lotura egin dut. Biak ala biak hiriko botere abusu handienak, txoko guztietatik ikusgai direnak. Iberdrola bezala, hor dago Bibendum, beste eskala batean bada ere, indar egiten ari denaren itxurarekin: herriaren jaun eta jabe.
Halakoa zen Michelin Clermont-Ferranden (Frantziako Estatua) ere. Bertan, haren garrantzia are nabarmenagoa zen. Hiriko biztanle aktiboen hamarretik bederatziri eman zien lana Michelinek, izan zuzenean, azpikontratazioen bitartez edo zeharka. Jaiotzen zirenetik hiltzen ziren arte, Bibendumen agintepean bizi ziren langileak.
Behin batean,
Langile bat Clermont-Ferrandeko
ospitale batean,
Michelinen ospitale batean
Jaio zen
Michelinen parrokia batetan
batailatua izan zen
Michelinen eskola batetan
eskolatua
Jaunartua ere lehen aldiz,
Michelinen parrokian
egin zuen, eta gainontzeko ikastaroak
Michelinen eskoletan
Lanean hasteko garaian
Michelinen lantegira
jo zuen
Michelinen parrokian bertan
ezkondu, eta bera jaio zen
Michelinen ospitale bertan
Lehen haurra izan zuten.
Bere bizia Michelinen menpean zegoela ikusirik,
bere semea askatzearren,
Clermont-Ferrandetik
alde egin zuen.
(Clermont-Ferrandeko Michelingo langileen panfleto batetik hartua eta euskaratua)
Hizlariek, etsipenaren ordez, ibilbide osoan azpimarratu dute langileen arteko elkartasunak duen boterea. Perezek berak, greba ostean idatzi zuten liburua denok ikusteko moduan altxatzearekin batera, adierazi du: “Guk ezagutzen dugun Michelin, grebaren aurrean makurrarazitako, garaitutako eta umiliatutako Michelin da!”. Baten batek iradoki du, ordea, kontuz ibili beharra dagoela gaur egun dugun iruditeriarekin; izan ere, Michelinek hor jarraitzen du oraindik, 500 langile ingururekin. Baina horri ere erantzun dio Perezek, ibilbide luzeko sindikalista gisa, guztiari azalpena emateko duen gaitasunarekin: “Baina grebatik aurrera desberdina izan zen Michelin. Ez bakarrik Lasarteko, Valladolideko edo Arandako (Espaniako Estatua) plantetan. Mundu osoan baizik. Lasartekoekin batera, Clermont-Ferrandeko langileak, Torinokoak, alemaniarrak, belgikarrak... matxinatu zirelako”.
“Gaur egungo borroketan asanbladak izaera zentral hori galdu du”.
Rafa Diez
Testuinguru politiko hartan 3.000 langile inguruk 100 eguneko greba egin izana ulertzeko –“gaur egun pentsaezina!” entzun da jendearen artean–, Rafa Diez ezker abertzaleko politikari eta sindikalista lasarteoriatarrak esan du beharrezkoa dela enpresa barruko esplotazio eredua ezagutzea: “Enpresak produkzio sistemaren gaineko kontrol oso berezia zeukan, kontrolatzaile eta kronometratzaile deiturikoekin”. Horiek markatzen zuten makina bakoitzak ekoitzi beharreko kopurua, eta langileek barneratuta zuten esplotazio molde hori. “Honaino iritsi gara, goazen gure duintasuna defendatzera!” esateko modu bat izan zen greba.
Estanpatzea, zulatzea, prentsatzea, kolpekatzea, lanabes hidraulikoen harrabotsa, substantzia bat jotzen duen beste substantzia baten eztanda, eta substantzia marruskatzen duen beste substantzia batena. Asko kostatzen zaio zaratara ohitzea. Zarata moteltzen bada, edo langileak fabrikatik alde egiten badu, etenaldi horrek ez dakar barealdirik, buruan oraindik badabilzkiolako erritmo jarraitu anputatu berak, zeren eta sentitzen ditu eta ezin du besterik entzun, gortuta egotea bezala da.
Isiltasuna hemen gorregia da.
- John Berger, idazle britainiarra -
1976ko otsailaren 15ean bildu ziren langileak lehen aldiz, enpresako jantokian, eta bertan erabaki zuten greba abiatzea. Hurrengo egunean, otsailaren 16an, jarri zen greba egunen kontagailua martxan. Langileak fabrika alboan zegoen Bordatxo tabernan elkartu ziren goizean goiz, guardia zibilez inguratuta. Han karnetak kendu zizkieten, eta langileak baskulara sartu ziren, fabrika barrura, hura okupatzeko asmoz. Bertan eman zuten eguna, asanbladan, eztabaidan eta indarrak batzen. 22:00ak aldera bozketa egin zuten, greban jarraitu ala ez erabakitzeko, eta 2.000 langile inguruk bozkatu zuten eustearen alde. Hala, hurrengo egunera arte segitu zuten fabrika barruan. Greba langileen artean hedatzeko sugearen teknika baliatu zuten. Tailerrez tailer ibili ziren ilaran jarrita, suge baten antzera, langileak grebara atxikitzeko. Goizeko 06:00ak bueltan hasi ziren Guardia Zibilaren desalojo mehatxuak, baina bertan eutsi zioten 10:30ak arte. Orotara 28 ordu eman zituzten fabrika barruan, horietatik hamasei asanbladan.
Hizlari guztiek bat egin dute asanbladak izan zuen garrantziaz mintzatzean, haren inguruan artikulatu baitzen borroka. Diezek azpimarratu du “subjektu klabea” izan zela gauza asko mantentzeko, besteak beste, “borroka, batasuna, eta erresistentzia kutxa”. Hainbat txokotan egiten zituzten asanbladak, beti poliziarengandik ezkutuan: Alkizan, Donostian, inguruko herrietako elizetan... Gogoratu dute, halaber, greba betean zeudela izan zela Gasteizko Martxoaren 3a. “Horren harira, Guardia Zibila asanblada oztopatzen hasi zen”, gaineratu du Diezek. Eta gogoeta batekin bukatu du bere hitzartzea: “Gaur egungo borroketan asanbladak izaera zentral hori galdu du”.
Garai hartan langileen jangelak zeuden lekura mugitu gara. M17 Greba Orokorra! pintada duen pareta atzean dugula aipatu du Diezek: “Grebaren epizentroa!”. Bertan egiten zituzten asanblada asko. Oraingoan, asanblada baino, erresistentzia kutxa izan dugu hizpide.
“Nik abantaila nuen”, esan du Perezek, “ezkongabea nintzen, ez nuen familia oso bat elikatu behar”. Gakoetako bat da hori, grebara jo zuten langile gehienek familia baitzuten, seme alabak. Eta duela 50 urte, etxe gehienetan soldata bakarra zen Michelingoa. Zenbat familiak ez ote zuen zentimo bat ere jaso hiru hilabetean. Behar horiek guztiak antolatu behar ziren, batez ere, jatekoa.
“[Bidendum panpinak] irudikatzen du Michelin izan zena duela 50 urte, denok zapaltzeko gai zen gizon bat”.
Felix Perez
Horretarako jaio zen, hain zuzen, erresistentzia kutxa, laguntza sarea hedatu eta familiei biziraupena bermatzeko. Kutxa diruz gizentzeko milaka ekimen egin zituzten: bono txikiak saldu zituzten, eskoletako neska-mutilek beren paga ematen zieten grebalariei, herriko dendek kreditu bidez –edo musutruk– ematen zituzten produktuak, Pasaiako portuko arrantzaleek arraina ematen zieten, Erriberako laborariek barazki eta fruituak... “sekulako elkartasun sarea antolatu zen herrian, eta herritik kanpo ere bai”, adierazi du ibilaldia egiten ari den gizon batek.
Garaiko protagonista sindikalek berriro nabarmendu dute elkartasunaren indarra. Baina tentsioa ere eguneroko ogia zen, ogirik ez zegoenean jateko. Perezek azaldu du grebetan, enpresa baina gehiago, langileak direla ahultzen direnak: “Egun bat. Bi egun. Hiru egun. Hilabete bat. Bi hilabete...”. Noiz arte?
Langile baten semea naiz ni,
aita bezala langille,
eguneroko alegiñetan
soldata baten egille;
esku hutsik jaio eta
esku hutsikan nabille,
puntakoetan iñor etzaigu
gertatu ongille.
- Xabier Lete -
Hurrengo geldialdia Michelinen Kooperatiba zen lekuan egin dugu. Emakumeek greban izan zuten protagonismoa izan dugu hizketagai. Izan ere, itzaletan familiak eusten ez ezik, lehen lerroan ere izan ziren, sindikalisten artean lidergoari eutsita. Gure artean Maixe zegoen, adibidez, sindikatu-batzordeko idazkaria izan zena.
Bertaratu den emakume batek gogoratu duenez, grebaren lehenengo egunetik, otsailaren 16tik, emakumeak fabrikaren ateetara joaten ziren langileei laguntzera, “janariak eta babes morala” ematera. Horrez gain, otsailaren 20an batzarretan parte hartzea erabaki zuten. Txalo zaparrada batekin hartu zituzten eta beste kolektiboen moduan bozkatu zuten. Martxoaren 23an, 95 emakumek grebaren jarraipena babestu zuten, eta maiatzaren 6an, 172 emakumek aho batez babestu zuten hiru hilabete inguruko protesta.
Etxeetan, sekulako komeriak. Beste emakume batek hartu du mikrofonoa, eta bere bizipena partekatu: “Nik, ezkongabe nintzela, zortzi orduz lan egiten nuen Michelinen, ordu gehiago ez zizkidatelako ematen. Neska ezkongabe batentzako hori oso ondo zegoen, baina familia izan nuenean... nola egin nezakeen? Arratsaldetan lanetik iritsi eta haurrekin ibaira joaten ginen. Ez nuen ezertarako denborarik, gauerdian ematen nien argizaria sukaldeko baldosei!”. Gogoratu du, halaber, bere bilobak behin esandakoa: “Amona, zuk hirugarren munduan bizi behar izan duzu!”.
Laugarren geldialdia gaur egun “Udaletxe zaharra” gisa ezagutzen dugun eraikinaren parean egin dugu. Duela ez askora arte hori zen udalaren eraikin nagusia. Egun, udaltzainen egoitza da, baina gazteok ezagutu ez dugun iraganean Guardia Zibilaren kuartelilloa zen. “Beldurgarria!”, oihukatu du Perezek.
Rafa Diezek azaldu du zer motatako estrategia erabili zuen enpresak greba puskatzeko. Alde batetik, “gerra zikin komunikatiboa” aipatu du, “langileen artean zalantzak sortzea” bilatzen zuena. Bestetik, Guardia Zibilaren errepresio zuzena. Perezek moztu dio hitza: “Garai hartan Los Guerrilleros de Cristo Rey ziren!”
Komunikabideen inguruan, hitzaldira hurbildu diren beteranoek aipatu dute euskarazko aldizkari eta hedabideak zirela gehien informatzen zutenak, eta erreportaje hoberenak egiten zituztenak: “Zeruko Argia. Besterik ez zegoen euskaraz”, adierazi du publikoko batek. Hedabide gehienek, ordea, enpresaren mezuak publikatzen zituzten batez ere.
Euskarazko komunikabideak izan ziren gehien informatu zutenak; hedabide gehienek, ordea, enpresaren mezuak publikatzen zituzten batez ere
Poliziaren errepresioa oso presente dute bertaratu diren beteranoenek. Langileak egunero ibiltzen ziren ezkutuan, asanblada bizirik mantentzeko. Eta ezkutatzea ezinezkoa zenean, gorputza aurrean jartzen. Gogoratu dute egun jakin bat. Atxiloketa baten ostean milaka pertsona bildu ziren Lasarteko kuartelaren aurrean, protesta egiteko. Are, talde bat kuartelillora sartu zen atxilotua libre uztea exijitzeko. Guardia Zibilak karga polizialekin erantzun zuen, eta eguna Donostiako Komandantzian atxilotuta amaitu zuten herritar askok. Hasiera batean atxilotu zutena Perez bera izan zen, eta eguna gogoratzean, Maixe Otañori zuzendu zaio. Maixe kuartelillora sartu zen, martxaren buruan baitzihoan. “Nola egin zenuen hori?! Hiltzera egiten zuten tiro!”.
“Estatua, Polizia, Michelinen agindupean zegoen”, gogoratu du publikoan zegoen gizon batek.
Maiatzeko azken asteburuan, grebaren 100. egunean, egunkarian prentsa oharra agertu zen, Michelingo langileei zuzenduta: “Todos los trabajadores están despedidos. El que quiera volver a trabajar que se presente el lunes a las 6 de la mañana” (Langile guztiak kaleratuta daude. Lanera itzuli nahi duenak astelehenean goizeko seietan aurkez dadila). Han azaldu ziren langileak banaka, asko muturrekoa zen egoera ekonomikoa jasan ezinda. Enpresak langileen izenak hartu eta etxera bidali zituen: Ya te llamaremos (deituko zaitugu). Orduan, banakako galdeketak egiteari ekin zion Michelinek.
“Umiliaziotik asko zuen”, gogoratu du batek. Batzuek onartu zituzten enpresaren baldintzak, baina beste batzuen patua krudelagoa izan zen: "Elkarrizketa horretara deitu eta kaleratu egin ninduten, akabo", esan du Maije-k, grebalarietako batek.
Mikel García Arzelus Mikeli-k gogoratu du orduan enpresak, galdeketa indibidualez gain, “joko zikina eta txantajea” erabiltzen zuela baldintzak onartzeko. Bere bizipenak partekatu ditu: “Nik lan egiten nuen makina oso ona zen. Bazegoen bat Alemanian, eta beste bat Lasarten. Greba ondoren, postuz mugitu ninduten, 'Malbinak' deitzen zioten postu batera, pentsa zer izan zitekeen! Hor lan egiten genuen bi pertsonak bakarrik, besteengandik aparte. Fluoreszenteak beltzez margotuta zeuden, esaten zutelako lantzen genuen produktuak ezin zuela argirik jaso. Ilunpetan egiten genuen lan”.
Ez da debaldekoa izan apirilaren 25ean elkartu izana. Baten bat ausartu da Grândola, Vila Morena-rekin. Hala, amaiera zantzuak hartu ditu ekimenak.
“Duintasunaren aldeko greba izan zen. Noski, soldatagatik zen, orduak jaisteagatik... baina batez ere duintasunagatik, Michelinek langileen aurka egiten zuen presioaren aurrean”, esan du Perezek. “Guk ez genuen bilatzen greba 100 egunekoa izatea, baizik eta Michelin negoziatzera esertzea”.
“Niretzako greba hura langile unibertsitatea izan zen”, amaitu du hitzartzea Mikeli-k.
Greba amaitzean, enpresak ez zituen onartu langileen eskakizun gehienak, eta asko lanera itzuli ziren, ezinbestean. Baina epe luzera enpresak lan baldintzak hobetu zituen. Grebalariek diotenez, enpresak inoiz onartu ez duen porrota berriro bizi nahi izan ez duelako.