Datorren ekainaren 6an, Ziburuko Plazara hurbilduko denak badaki zer aurkituko duen han: kresalaren usaina, uda goiztiarreko eguzki zirikatzailea eta, horrekin batera, euskarazko sorkuntzaren bizitasuna. Aurten ere, Ziburuko Liburu eta Disko Azokak ateak zabalduko ditu, letren eta doinuen erakusleiho bihurtuta. Euskal kulturaren egutegian gorriz markatu hitzordua bilakatu da, hain denbora laburrean –aitor dezagun–, eta zabaldu da ere, azoka bera baino bost aste lehenago hasten baitira ekimenak, bertan nahiz inguruetako herrietan. Ez da dudarik Ziburu bihurtua dela sortzaileen lumek eta herriaren bihotzak bat egiten duten (g)unea.
Ez baita bakarrik diskoak eta liburuak saltzeko gune bat; erresistentzia eta ospakizun keinua da. Ipar Euskal Herrian euskarazko kulturak dituen desafioen aitzinean, Ziburuk gune dinamikoa, osoa eta goxoa eskaintzen du. Izan ere, Baltsan elkartearen eta ARGIAren eskutik, Ziburukoa "eskuz egin" azoka dela erran genezake, idazlearekin lasaiki hitz egiteko, editoreari galdera bat egiteko edo disko bat lasai entzuteko aukera ematen duena, neurri arrunt humanokoa. Hor gure euskaltasunean bizi gaitezke, ez borrokan baina gozamenean, ez oihuz baina doinuz, ez arraitzez baina hitzez, ez estuki baina lagunki. Hor baita arrakastaren gakoa, dudarik gabe: ekimenak elkartzearen eta partekatzearen behar gorriari erantzun izana.
Ipar Euskal Herrian bizi dugun testuinguruan, euskarari plaza eskaintzea ekintza politiko eta kultural garrantzitsua da. Hitzordu horiek gure izaerak espazioa berreskuratzen duen gotorlekuak dira
Urteko lehen seihileko berritasunak ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, azoka hau bada espazio geografiko baten berreskurapena ere, kostalde arras ustiatu eta setiatuan, ohantze goxoa egiten dio bisitariari, eta hori ere lorpen bat dela badakigu. Kultura ez da berez mantentzen; errotu eta elikatu egin behar da. Baltsan elkartekoek ongi ulertua dute hori. Azoka bezalako ekimenek gogorarazten digute badagoela zer irakurri, zer entzun eta, batez ere, badagoela norekin konpartitu. Ez da transakzio hutsala, elkarrizketa kulturala da. Ahalegin honek erakusten du herritik eta herriarentzat egindako ekimenek dutela indarrik handiena. Duela zenbait aste, zutabe hauetan, batek aipatzen zuen euskarak beharrezkoak zituela baikortasuna eta irria; hori ere han kausituko dugu.
Udaberria zedarritzen dute betikoak bihurtuak zaizkigun ekitaldiek: Korrikak neguaren azkena iragartzen du, Nafarroaren Egunak eta Herri Urratsek primaderan barna bultzatzen gaituzte, Ziburuko Azokak udara deitzen gaitu. Ipar Euskal Herrian bizi dugun testuinguruan, euskarari plaza eskaintzea ekintza politiko eta kultural garrantzitsua da. Hitzordu horiek ez dira soilik produktuak erakusteko leku bat edo garagarnoak edatekoa, gure izaerak espazioa berreskuratzen duen gotorlekuak dira, eta oxigenoa ematen diote sorkuntzari eta harrotasuna komunitateari.
Beharrezkoak zaizkigu, erran gabe doa. Etorriko baitira, gero, egun eta gai dorpeagoak. Uda hasierak ekarriko ditu aitzinatzen ez diren politikek eragin buruko minak, edo ezinbestekoak diren lege eta dispositiboen berritzeko urratsak, turistek bahitutako etxe eta bideen arazoak, bizi kostuaren kontuak, Europako militarizazio kezkagarria, lan baten atxemateko zailtasunak edo azterketa garaiak, zeinetan gure gazteak erdaraz aritzera behartuko dituzten eta ingurukoak behin eta berriro mobilizatzera… Hots, udako sargoriak ditugu zain.
Beraz, utz ditzagun horretan, eta goza dezagun eskainia zaigun aukera, udaberriko loraldiaren garaia iragaten utz dezagun bakean, eta, ahal dela, luzatzen ere lagun.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.