2025ean Eusko Jaurlaritzak Industria Plana Euskadi 2030 aurkeztu zuen, bosturteko honetan industria arloan izango duen gidalerroa. Epe horretarako 3.900 milioi euroko inbertsio publikoa iragarri zuen. Ez da kantitate txikia, jakinda Jaurlaritzaren urteko aurrekontua 15.000 milioi euro ingurukoa izaten dela.
Dokumentua, antzeko plan askoren moduan, aditz orokorrez beteta dago, hala nola bultzatu, sustatu, indartu; horretarako asmoak adierazten ditu, baina ez du zehazten nor den arduraduna, zer baliabide erabiliko diren edo konpromiso errealik dagoen. Berrikuntza, lehiakortasuna edo ekosistema bezalako kontzeptu zabal eta anbiguoak ikuspegi partekatu baten itxura sortzen dute, eta benetako gatazkak eta lehentasunak ezkutatzen dituzte. Lan-mundua ia erabat baztertuta dago: soldatak, negoziazio kolektiboa edo prekaritatea nekez aipatzen dira. Eta, batez ere, planak ez du kontu-emate mekanismorik ezartzen funts publikoak jasotzen dituzten enpresentzat. Plan askoren antzeko arazoak ditu.
Planak azpi-sektoreak hiru kategoriatan sailkatzen ditu: "Irabazi" (egungo sektore traktoreak), "Hazi" (etorkizunean traktore bihurtzeko potentziala dutenak) eta "Jauzi" (lidergo-potentziala duten enpresak beste sektore batzuetan). Metalurgia Irabazi kategorian dago, enpleguari, balio erantsi gordinari eta esportazioei egiten dien ekarpenagatik. Hau da, Tubos Reunidos bezalako enpresak kokatzen dira planak industria traktoretzat hartzen duenaren erdigunean.
Administrazioek erantzukizun zuzena dute kasu honetan: Jaurlaritzak ez duelako krisia aurreikusi, eta SEPIk diru publikoa baldintza-mekanismorik gabe eman duelako
Baina boxeoan esaten den moduan, denek plan bat dute ahoan lehen ukabilkada jaso arte. Maiatzaren 4an, Tubos Reunidosek hartzekodunen konkurtso boluntarioa eskatu zuen: 263 milioi euroko zorra, 118 milioi euroko galerak, eta 1.200 langileren bizi-baldintzak airean. Metalaren sektoreko altxorretako bat lurrera erortzear da. Sindikatuek argi adierazi dute egoera horretara nola heldu den: kudeaketa txarra, zorpetze-dinamika jasanezina eta gardentasun falta. Enpresak, aldiz, nazioarteko ezegonkortasuna aipatu du urteetan egoera justifikatzeko. Gainera, Amurrioko lantegiaren greba mugagabea konkurtsoaren aitzakia gisa erabili du, eta langileak beren kaleratzeen aurka mobilizatzen direnean haiei egotzi die enpresaren egoera ekonomikoaren erantzukizuna.
Ez Eusko Jaurlaritzak, ez SEPIk, ez Moncloak ez dute mugimendurik egin. SEPIk berak 112 milioi euro mailegatu zizkion Tubos Reunidosi 2021ean pandemiako laguntza-funtsen bidez. Hartzekodun nagusiena da konkurtsoan. Diru publikoa eman zen, baina errealitateak azaleratu du ez dela izan enplegu-bermerik, ez inbertsio-konpromisorik, ez kudeaketaren gaineko kontrolik. Galeren sozializazioa eta irabazien pribatizazioa.
Administrazio publikoek ezin dute jarraitu plan ederrak aurkezten eta, aldi berean, sektore horietako enpresak erortzen direnean beste aldera begiratzen eta bake soziala eskatzen, hots, greba bertan behera uzteko eskatzen. Hori ez da politika industriala, hileta-antolaketa da. Administrazioek erantzukizun zuzena dute kasu honetan: Jaurlaritzak ez duelako krisia aurreikusi, eta SEPIk diru publikoa baldintza-mekanismorik gabe eman duelako. Industria politika serioak kontuak ematea eskatzen du, krisi-egoerak gertatu aurretik antzematea, eta laguntza publikoak baldintza sozialei lotzea. Bestela, planek paper hutsak izaten jarraitzen dute, eta kostua, beti bezala, langileek ordaintzen dute.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.