Film hau CIAk babestu du

  • Bigarren Mundu Gerraz geroztik, AEBek eskua sartu dute mundu osoko 80 herrialde baino gehiagotan... baita milaka filmen gidoietan ere. Duela bi urte estreinatu zuten dokumental batek barne dokumentu berriekin frogatu zuen propaganda eta zentsura ariketa horren dimentsio izugarria, nahiz eta gurean apenas izan zuen oihartzunik. Euskaraz oraindik ez, erdaretan ikusgai dagoen Theaters of War lanak (ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez) agerian utzi du CIAren eta Pentagonoaren armarik indartsuenetako bat Hollywood dela, oraindik orain. Nola ez du horrela errealitateak gero, beti, fikzioa gaindituko? 

'Top Gun: Maverick' filmak ematen duen irudi distortsionatua baliatuz, zinema kanpoaldeetan erreklutamendu mahaiak jartzera iritsi ziren.
'Top Gun: Maverick' filmak ematen duen irudi distortsionatua baliatuz, zinema kanpoaldeetan erreklutamendu mahaiak jartzera iritsi ziren.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Joko txiki bat proposatuko diogu irakurleari, erreportajea ongi hasteko: imajinatu zinemara zoazela edo etxean film bat ikusiko duzula. Eroso jarri zara. Hollywoodeko akziozko bat izango da gaurkoan. Izan daiteke Forrest Gump, Jurasic Park II, Indiana Jones, Pearl Harbour edo hauetakoren bat. Hasierako kredituetan, musika polit batekin agertzen doaz aktore nagusien izen abizenak, zuzendaria, produktorea, laguntzaileak... eta bat-batean irakurri duzu pantailaren erdian: “CIAk babestutako filma”. Zer pentsatuko zenuke? Ikusiko zenuke? Zein begirekin?

Orain, imajinatu film bera, %100 bera, baina hasierako azalpen hori gabe. Nola ikusiko zenuke? Nola ikusi izan dituzu?

“Hollywood bestelako propaganda politiko bide asko baino eraginkorragoa da, entretenimendu gisa pasatzen baita. Horrela ideiak errazago sartzen dira, guardia jaitsita harrapatzen baitu ikuslea”. Tricia Jenkins ikerlariaren hitzak dira aipatu dokumentalean. Erreferentziazko bi libururen egilea da: The CIA in Hollywood (CIA Hollywooden) eta Superheroes, Movies and the State: How the US Government Shapes Cinematic Universes (Superheroiak, filmeak eta estatua. AEBetako Gobernuak nola moldatzen dituen unibertso zinematografikoak). Ongi baino hobeto aztertuta dauka militaristen esku luzea noraino heltzen den entretenimenduaren industrian. Jendeak kontsumitzen dituen ikus-entzunezkoak modu kritikoan ikustea bultzatzen du bere lanekin.

AEBetan zinema produktore batek film beliko bat egin nahi badu, lehen pausoetako bat armadak Los Angelesen duen bulegora joatea izango da. Bertan adieraziko du grabaketak egin nahi dituela base militarren batean, edo hegazkin batzuk behar dituela, edo helikopteroak, edo hegazkinak garraiatzeko ontzi militar bat edo urpekontziak, eta aurrekontuak eskatuko ditu. Militarrek gidoi osoa eskatuko diote, ez soilik beraiek agertuko diren eszenak. Zehatz jakitea exijitzen dute zein testuingurutan agertuko diren militarrak. Alde horretatik, ez dira inozoak.

“Esan dezake: ez gara oso heroi geratzen 16. orrian, aldatu egin behar duzue –kontatzen du arestian aipatu dugun Jenkinsek–. Eta normalean zinegileak onartu egingo du, ez badu onartzen, CIAk esango diolako: 'Ados, libre zarete nahi duzuena egiteko, baina orduan guk ez dizkizuegu gure jostailuak utziko'. Zinegileari dagokio erabakitzea ea aldaketa horiek egingo dituen, eta ia inork ez du erresistentziarik jartzen". Onartuz gero, kontratu bat egin behar da AEBetako Defentsa Departamentuarekin, eta beraz, berarekin aliatuko da zinegilea. Praktikan, produktore berri bat sartu izan balitz bezala suertatzen da. 

Pentagonoak, orduan, gidoiak gainbegiratzen eta filmean jaso beharreko argumentuak inposatzen ditu. Eta hala izan da azken hamarkadetan, milaka film eta telesailetan, Roger Stahl zuzendariaren lanak beste horrenbeste dokumenturekin frogatu duenez. Hori jakinik hobeto ulertzen da AEBetako interes militarren aurka doazen hain lan gutxi iristea pantailetara.

Pentagonoak dio “zehaztasuna” nahi duela

Kontatzen ari garena ez da sekretua, nahiz eta dimentsioa ez zen ezaguna. AEBetako Defentsa Departamentuak bere webgunean jarrita daukan ohar batean irakur daitekeenez, beraiek ere aitortzen dute Hollywoodeko zinegileekin “harreman luzea” dutela. Beren helburua, sorkuntzen “zehaztasuna” bermatzea dela diote, besteren artean.

Hala ere, baieztapen hori auzitan jar daiteke ikusiz gero zehaztasunarena ez dela egia, gauza zehatz eta garrantzitsu ugari izan direla ezezkoak eragin dituzten faktore erabakigarriak.

Dokumentalean laburbildu dituzte zein diren ezezkoak eragiten dituzten arrazoi nagusiak: militarren gaitasun ezak agerian uzten dituen filma egin nahi izatea, guda-krimenetan izan duten parte-hartzea erakustea, arma nuklearren kontrol galera iradokitzea, petrolio-enpresek politikan duten eragina jorratzea, legez kanpoko armen salerosketa eta droga-trafikoarekin militarrak erlazionatzea, horiek arma kimiko edo biologikoekin nahastea, AEBek nazioartean estatu-kolpeak sustatzen dituztela kontatzea, armada barruko sexismoa edo arrazakeria sistematikoak kontatzea, edo hilketa eta tortura agerian uztea. Guztiak dira, bide batez esanda, AEBetako armadari egotzi izan zaizkion jarduera frogatuak.

Pentagonoak dio harreman horretan bere lana zehaztasuna bermatzea dela, baina elementu politiko deserosoak zentsuratzeko praktikak dira nagusi

Defentsa Departamentuak, beraz, kontrol erraldoia du zinema-produkzioetan, Hollywooden logikaren arabera, superprodukzio garestiek askoz ere aukera gehiago dutelako gastuei buelta eman eta diru-irabaziak lortzeko, armamentu modernoena erakutsiz errealistak badira. Eta hori soilik Pentagonoak eskain dezake, lan belikoei dagokienez. Beste nork ditu hegazkin-militarrak, helikopteroak, pilotuak, urpekari militarrak, tanke blindatuak, militar figuranteak eta aholkulariak, uzteko moduan? Filma estreinatu aurretik, ikusteko eskubidea aldarrikatzen dute.

Publi-erreportaje batengatik ordaintzea bezala 

“Horrelako film bat askoz ere publiko zabalagoarengana heltzen da ohiko hedabideen edozein erreportaje baino –Lone Survivor filmari buruz ari dira Pentagonoaren barne buletin batean–. Filma ikustera joaten denarentzat, bi orduko publi-erreportaje baten trukean ordaintzea bezala izango da”, idatzi zuten. 

Hor aipatzen duten filmaren ordez, jar liteke lasai hauetakoren bat: Armaggedon, Transformers, 24, Homeland, Argo, Transformers, Air Force One, Hercules, Top Gun: Maverick, Iron Man, Lone Survivor, The Longest Day, Black Hawk Down, Godzilla, Forrest Gump, Jurasic Park III, Mission: Imposible, Save Private Ryan, Pearl Harbour... eta abar oso luze bat. Milaka. Zerrenda luzeegia, inondik ere, erreportaje honetan sartzeko, baina ideia orokor gisa, garrantzitsua da barneratzea armamentu militar estatubatuarra ikusi duzun edozein filmetan, Pentagonoak eta CIAk gidoia gainbegiratu dutela eta ziurrenik gauza ugari berridatzi ere bai. 

Save Private Ryan filma II. Mundu Gerran AEBek izan zuten jokabidea puzteko sortutako ehunka lanetako bat da. 

“Jendeak ikusiko balu gidoietan zenbat moldaketa eta ezabaketa egiten dituzten armadak eta CIAk, benetan jabetuko ginateke zein larria den gertatzen ari dena”, dio elkarrizketatuetako batek dokumentalean. “Deituiozu zentsura, propaganda, edo biak batera”, dio Oliver Stone zuzendariak, zeinak aurre egin izan dion praktika horri Vietnami buruzko lan batean. Prozesu hau ez da normalean zentsura gisa ulertzen dugunarekin lotzen, Petagonoak ez baitu esaten zinegileak ezin duela egin lan hori edo bestea. Baina beren lankidetzarik gabe, emaitza oso antzekoa da, gehienak ez baitira burutzen. Asko dira Pentagonoak edo CIAk bitartekoak ukatu dizkietelako kontatu gabe geratu diren istorioak.

Porrot militarrak, garaipen?

1993an, Somalian AEBetako bi helikoptero militar eraitsi zituzten, Muqdisho hiriburuan. Hilabete batzuk lehenago, AEBek eta NBEk aldarrikatu zuten “laguntza humanitarioa” eramatera zihoazela, herrialdeak gerragatik pairatzen zuen gosete larria zela eta. Luze gabe, ordea, okupazio militarra abiatu zuten, eta insurgentziaren aurka militarki eraso egiten hasi ziren. Urriaren 2a, bi lider hiltzeko ordubeteko operazio baten harira, Vietnamgo gudaz geroztik, militar estatubatuar gehien hil ziren eguna bilakatu zen: hemezortzi. Munduari bira eman zioten hildako pilotu amerikarraren gorpua somaliarrek kaleetan arrastaka nola eraman zuten erakusten zuten irudiek edo pilotu bahitu baten bideoak. Helikopteroekin erori eta bizirik atera ziren gainontzekoak erreskatatzeko operazio militarra egin zuten ondoren. Porrot sinboliko handia izan zen eta handik gutxira AEBek tropak erretiratu zituzten Afrikako herrialde hartatik, Bill Clintonen aginduz.

'Black Hawk Down' filmean porrot militar izugarria garaipen bilakatu zuten.

Handik bederatzi urtera, 2002an estreinatu zuten gertaera haiei buruzko Black Hawk Down filma, "benetako gertaeretan oinarrituta" handiz jarrita hasieran. Testuinguru politikoa ez zuten azaldu, ondorengo erreskate operazioan parte hartu zuen soldaduetako bat neskato bat bortxatzea egotzita 30 urteko espetxera zigortu zutela “ahaztu” zuten eta buelta eman zioten kontakizunari. Istorio bilakatu zuten nola erreskatatu zituzten gainontzekoak. Protagonistetako batek, soldadua bera, elkarrizketa batean dio solemneki: “Ez zaigu politika axola, hemen borroka egiteko gaude eta ez dugu inor atzean utziko”. “Zinegileek ezerezetik atera zuten garaipen pirriko bat, sinbolikoa”, diote dokumentalean. Somaliakoa porrota izan zen hasieratik, baina erreskatearen formulak arrakasta izan zuen. Emaitza: 25 milioi ikusle mundu osoan eta 173 milioi dolarreko diru-sarrerak. Ordutik, etengabeak izan dira erreskateei buruzko filmak, bereziki, porrot militarrei buelta emateko. Filmaren ondoren, bideojokoa ere egin zuten, entretenimenduaren industriak ez du aukerarik pasatzen uzten.

Berdina da Argo, funtsean. 1979ko azaroaren 4an, dozenaka estatubatuar bahitu zituzten Iranen AEBetako enbaxadan, diplomatikoak eta zibilak. 1980ko urtarrilaren 27an sei diplomatiko herrialdetik ezkutuan ateratzea lortu zuen CIAk, Kanadaren laguntzarekin. Beste 52ak, 443 egunez han izan zituzten bahituta, 1981eko urtarrilaren 20ra arte. 2012an Ben Affleck zinema zuzendariak ekoitzitako Argo filmean, CIAren inteligentzia akatsik handienetako bat garaipen bilakatu zuten erreskatean zentratuta, jakina, inondik ere aipatu gabe testuinguru politikoa, edo disidenteak torturatzen zituen Shah Reza Pahlaviren Polizia beraiek sortu zutela. Emaitza: 30 milioi ikusle eta 232 milioi dolar.

Manipulazio historikoa agerian uzten duen beste kasu bat aipatzearren, National Geographic hedabide "prestigiotsuak" Defentsa Departamenduarekin 2016an elkarlanean eginiko The Long Road Home telesaila aipatuko dugu. Iraken, Bagdhadeko aldirietan 2004an AEBetako militarrek pairatutako segada bati buruzko lana da, non zazpi marine hil zituzten. "Oso pozik nago National Geographic katea egiten ari delako telesail hau, egia kontatzeagatik ezaguna baita", ikus daiteke soldadu estatubatuar bat esaten, making-off-ean. Benetan ikustekoa da, ordea, zein aurpegi geratu zitzaien segada hura bizi izan zuten bi militar ohiri, aipagai dugun dokumentalaren zuzendariak elkartu eta erakutsi zienean ekoitzitako telesaila. “Ez zen inondik ere horrela izan. Min ematen dit ikusteak zer egin duten”, esan duen batek. Besteak: “Gezurti bat banintz bezala sentiarazi naute, nire familiari kontatu diodan historia ez da inondik ere telesailean kontatzen dena”. Telesailak, besteren artean, ezkutatzen ditu erabaki militar okerrak eta horiek egin zituen arduraduna jartzen du ez zegoen lekuan, heroi bilakatuta; edo gudaren aurkako jarrera zuen militar baten jokabidea erabat desitxuratu eta despolitizatu zuten, azkenean pertsona horrek bere buruaz beste egin zuela ezkutatzeaz gain.

Zehaztasuna bilatzen du, beraz, CIAren eta Pentagonoaren esku-hartzeak? Ez dirudi. Are gehiago, zientzia fikziozko zenbat lanetan ere hariak nola mugitu dituzten ikusita.

Zer da hau, desfile militar bat?

Hollywoodek armak saltzeko ere balio duela erakutsi dute Theaters of War dokumentalean. Pentagonoak gidoietan egindako moldaketak aztertuta, ikus daiteke propio behartu zutela Hulk pertsonaia garai hartan hegazkin militarrik modernoena zen F22 batera igotzera, edo Superman F35 baten ondoan hegan egitera, edo Fast and Furious filmean Rikcsaw izeneko gailu militar bat erakusteaz gain, pertsonaia bat zerrendatzera hiltzeko makina horren ezaugarriak, publizitate subliminal ariketan. Transformers da beste adibide argia. Aire armada izan zen zerrendatu zuena filmatu behar ziren hegazkin mota ezberdin guztiak. Emaitza: desfile militar bat pantaila handian.

Iron Man filmaren gidoi originalean, protagonistak arma ekoizle batzuen aurka egiten zuen borroka, bere aita barne. Ideiak lapurtzen zizkioten, suntsipen handiko armak sortzeko. Filma grabatzen hasi zirenean, ordea, trama hori desagertu egin zen eta Jeff Briges aktoreak prentsan esan zuen grabaketen lehen egunean gidoirik gabe utzi zutela, Marvel-eko agintarien partetik etengabe aldaketak iristen zitzaizkielako. Gidoia berridatzi zutenean, protagonista jada armamentu enpresa horren oinordekoa zen eta Afganistanen operazio batzuk gidatzen zituen. Filma aparailu militarren erakusleiho izugarri bilakatu zen eta bertan agertzen diren gailu militarren balioa milaka milioi dolarrekoa da.

Azkenik, militarrek zer bilatzen duten ulertzeko, argigarria da Independence Day filmean egin zituzten aldaketak aztertzea. Filmaren amaieran estralurtarrak garaitzen dituena zibil bat izatea ez zitzaien gustatu Pentagonoan, eta beraz, iragan militarra inposatu zioten pertsonaia horri. Horrez gain, ez zitzaien gustatzen estralurtarrek AEBetako Armada garaitzea. "Bilaka gaitzazue heroi", esan zieten funtsean. Esan eta egin.

Gardentasunik ez

Nork ez ditu ikusi halako filmak? Zinemako karteldegi, telebistako asteburuetako programazioak eta streaming plataformak horrelako propagandaz josiak daude. Makina gainera ez da gelditu, berriki estreinatu dituzten War Machine eta Warfare super-produkzioek erakusten dutenez, bi bakarrik aipatzearren.

Hauek dira gure kulturara heltzen diren lanak, hamarkadetan itzalean funtzionatzen aritu den sistemaren bidez. Ez dago AEBetako Armadak konpon ezin dezakeen arazorik, eta gainontzeko kontakizun alternatibo guztiak zulo beltz batek irensten ditu etengabe. Mehatxuak eta etsai diren nazioak behin eta berriro izendatzen dira; ikuslea konbentzitu nahi dute zein gaiztoak diren irandarrak, errusiarrak, txinatarrak, venezuelarrak, hegoamerikarrak, iparkorearrak –euskaldunoi ezaguna egiten zaigun zerbait, bide batez esateko–. Gizatasunik gabeko animaliak dira sutsuki zentsuratutako errepresentazioetan, politikoki oso manipulatuak asko eta asko. Esan genezake, Mendebaldeko herrialdeetako publikoaren aurkako propaganda gerra dela, AEBen militarismoaren aldeko jarrerak eragiteko. Eta jakina, dokumentalaren amaieran elkarrizketatu batek dioen bezala, horrek eragina du gero milioika pertsonaren heriotzetan. 

Publikoak badu eskubidea jakiteko nor dagoen ikusten ditugun filmen atzean, erosten ditugun elikagaien osagaiak jakin behar ditugun bezala. Hala ere, ulertzen da zergatik egiten duten horrela. Izan ere, CIAk film bat ekoitzi duela esango balizute, joango zinateke ikustera? 


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.