Ez da arrosa


2026ko maiatzaren 20an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti 
Pamiela, 2026

------------------------

Minbizia abiapuntu eta jomuga hartuta idatzi du Nahia Intxaustik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1980) berriki plazaratu duen Zainetatik zilarra bilduma. Kolore paleta osoa agerrarazi eta arrosez margotutakoak kolorgetzera dator; gaitza gaitz izendatu eta bere ertzak arakatzera, alegia. Ibilbideko lehen lana du lasartearrak, eta Ernestina de Champourcin saria irabazita argitaratu du. 

Hiru ataletan banatu ditu poetak itxarongelek, besarkadek, malkoek, oinazeak, marmarrek, mantalek, zainek eta itsasoek hartutako olerkiak. Bular sastakatua atalak amiltzea dakar: gaixotasunaren diagnostikoa eta aitortza dira gai bertan. Minbizia izendatzeak eragiten duen lurrikara senti daiteke lerrootan, are, baita seismo horri orekaz eusteko dugun ezintasun soziala ere. Horrela, tabua, errua eta beldurra dira nagusi. Gaixoaldia eta tratamendua dakartza Zilar zainak atalak, ebazpenean alde eta kontra egiten duten faktoreei erreparatuta. Halaber, balizko berrezartzeak bezatzearekin izan dezakeen antzekotasuna seinalatzen dute poemok, sistemak eta, konkretuki, osasun-sistemak eragiten dituen azpiratzeak azpimarratuta. Azkenik, Betileak hazi tratamenduaren osteko aro berriaren kontaketa da, gaixo izateari uztean nabarmentzen diren orbainak eta itzalak hizpide dituena. 

Azpimarragarria da poemotan guztiotan gorputzak eta harekiko harremanaren inguruko hausnarrak duen lekua, anbibalentea baita: arrotz zaigu gaituen etxea. Gauzak horrela, gorputzari zuzendutako olerkiak topa daitezke bilduman, baita hari zuzentzeko lengoaia baten saiakerak ere. Funtsean, ni poetikoak bat egin nahi du biltzen duen erpin, ertz eta tolestura ororekin. Zentzu berean, etxea espazio esanguratsua da, bereziki, aipatu gorputzaren irudi eta, horrenbestez, gaixotasunak hartutako leku legez: Etxea gaixotu zait eta Biziko naiz poemak dira adibide. Halaber, lekuon eta ezlekuen arteko talka deigarria da.  

Hitzaren formak zirikatuta, aipu ugariak jasota eta bestetzuen esanak bilduta (adibidez, haurrenak zein bizilagunenak) minbiziaren aurpegi askotarikoei heldu die Intxaustik. Besteak beste, dolua, presio estetikoa, amatasuna, emakumetasuna, sexualitatea eta pobrezia ageri dira liburuan, gure bizitzetan baden baina maiz ahoskatzen asmatzen ez dugun gaitzari lotuta. Minbiziaren iruditeria aldatzearen aldeko aldarri ere bada, beraz, esku artean duguna: Iñurri elkarteari egindako aitortzak ere aipatutakoaren adierazle dira


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.