Deslilurak liluratzen gaituen honetan, gero eta gehiago fidatzen gara mesfidantzaz. Poema baten hasiera izan zitekeen, baina igogailu bateko mantra unilaterala izan da: parean suertatu zaidan gizona, nik deus ere galdetu gabe, todo-es-una-puta-vergüenza- hasi da. Nahiko gizonki, bidenabar.
Mantrak, hinduismoan eta budismoan, formula mistikoak omen dira jainkoa inbokatzeko. Gurean ere inbokazioa praktikatzen bide da, gero eta gehiago: lotsarena, lotsarik gabe. Maiz, mantran edo ustezko salaketan dabilen hori izaten da lotsagarriena. Eta joera soziala ikusita, bertze erresistentzia-saio bat proposatzea erabaki dut: uste(z) kritikoa den marmar akritikoari muzin egitea.
Izan ere, kexa automatikoak ez du pentsamendurik edota ekintzarik behar; aski du ohiturarekin eta hedatzeko giro apropos batekin. Konformismoak, kapitalismoak bezalaxe, badaki larrua mudatzen. Bai baikortasun faltsuarekin, bai ezkortasun performatiboarekin.
Kritika, hitzaren jatorrian, alea lastotik bereiztea omen zen. Egungo iritzi-emaile batzuek, ordea, dena egiten dute lasto. Dena gorozki. Dena –igogailuko performanceak barne– lotsagarri.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.