Debekatuta telefonoan euskaraz egitea

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Madril, 1896ko maiatzaren 23a. Espainiako Posta eta Telegrafoen Zuzendaritza Nagusiak agindu bat igorri zuen: telefono sarean “katalana, euskara edo beste edozein dialekto” erabiltzen zutenei zigorrak ezarriko zitzaizkiela jakinarazi zuen. Aginduak azaltzen zuen, indarrean zeuden arauen arabera, sareak eskaintzen zituen zerbitzuetan, “telefonemetan eta konferentzietan”, debekatuta zegoela hizkuntza horiek erabiltzea, eta handik aurrera arau horiek zorrotz betearazteko neurri egokiak hartuko zituztela.

Agindu hori estatuko telefonia sare guztietan zabaldu behar izan zuten, gerora monopolioa ezarriko zuen CTNE edo Telefónica ez baitzen 1924a arte sortuko. Hego Euskal Herria aitzindari izan zen lehen telefono lineak instalatzen. Gasteizen Heraclio Fournier kartagileak jarri zuen lehen linea 1882an, eta Donostian, aldiz, lau urte geroago jarri zuten martxan udalaren eta Gobernu Zibilaren arteko linea. Hego Euskal Herrian, XX. mendearen hasiera arte ez ziren hirietako edo lurraldeetako sare bateratuak sortu.

Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, neurriak pribatutasun eskubidea ere zalantzan jartzen zuen. Garai hartan, deiak ezin ziren zuzenean egin; operadore batek eskuz konektatu behar zituen lineak

1896ko udaberri hartan gailu gutxi zeuden oraindik, lineak oso mugatuak ziren, baina konpainia askoren esku zeuden, eta horrek zail egiten zuen Zuzendaritza Nagusiaren agindua betearaztea. Hego Euskal Herriko konpainia aitzindari haiek hartutako neurrien berri ez daukagu. Bai, ordea, 1890ean bateratutako Bartzelonako Telefono Sozietate Nagusian gertatutakoaren berri. Maiatzaren 28an La Vanguardia egunkarian argitaratutako albistearen arabera, bezperan, hilaren 27an, Bartzelonako sare telefonikoaren estazioan Zuzendaritza Nagusiaren aginduaren testua ikusgai jarri zuten, publikoari neurriak hartuko zirela jakinarazteko.

Eta, albistearen arabera, lehen egunean erabiltzaileak zigortzen hasi ziren. Lehen zigortuaren izena ez zuen aipatzen, baina “zetagintza ekoizle ezagun bat” zela zioen. Enpresarioa suminduta omen zegoen bere “komunikazio eskubidea urratu” zutelako. Ezarritako zigorra, besterik gabe, deia etetea izan zen. Gaur egun, ez dirudi neurri zorrotza, baina garai hartan telefono bidezko komunikazioa luxu garestia zen, eta teknikoki ere, konexioak ez ziren errazak.

Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, neurriak pribatutasun eskubidea ere zalantzan jartzen zuen. Garai hartan, deiak ezin ziren zuzenean egin; operadore batek eskuz konektatu behar zituen lineak. Operadoreek, teknikoki, erabiltzaileek esandakoa entzuteko gaitasuna zuten, baina, etikoki, elkarrizketak entzutea saihestu ohi zuten. Aginduak, ordea, deian esandakoa entzutera behartzen zituen, hizkuntza debekatua antzeman arte behintzat. Eta zetagile katalana haserre agertu zen operadorea “batere inporta ez zaizkion kontuez enteratu” zelako.

La Vanguardia-ko artikulu laburraren egileak bitan erabili zuen “errididikulu” hitza neurriak deskribatzeko, eta honela bukatu zuen: “Zorionez, hizpide duguna bezalako neurri zentzugabeek ez dute, ziurrenik, aurrera egingo”. 130 urte geroago, “katalana, euskara eta beste edozein dialekto” erabiltzen dutenen hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen dutela jakingo balu....  


Euskararen historia kanalean gehiago
2025eko urriaren 16
Linguae Vasconum Primitiae
Jalgi hadi mundura... eta hator etxera

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.