Tripako minez

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Antzokitik atera gara. Edo liburu-aurkezpenetik. Edo kontzertutik. Norbaitek galdetu digu: “Zer moduzkoa?”. Eta guk: “Ondo, ondo. Ona”. Irribarre batekin. Barruan, ordea, beste zerbait mugitu zaigu: bigarren zatia luzeegia egin zaigu, testuak bazuen indarra baina ez da lehertu, liburuak hasiera ederra du, baina lokartu egin da erdibidean. Baina ez dugu esaten. Ez han behintzat.

Hemen denok ezagutzen dugu elkar, elkarrekin egiten dugu topo, denok gaude gertu. Eta horrek kritika zailtzen du. Baina, aldi berean, are beharrezkoagoa egiten du. Bestela, bi aukera geratzen zaizkigu: isiltasun adeitsua edo sastada anonimoa. Eta biak dira pobreak.

Kritikari buruzko zenbait elkarrizketa irakurri eta entzun ditut asteotan, eta denek argi diote: kritikarik ez dagoenean, dena promozio bihurtzen da. Ez da liburuari buruz eztabaidatzen: gomendatu egiten da. Antzezlana ez da pentsatzen: “Oso polita” izan dela esaten da. Diskoa ez da aztertzen; emotikono bat jartzen zaio. Kultur-kritika urtebetetze-merienda bihurtzen da: puxikak, txaloak, irribarreak, inork ez du pastela txarra dagoela esan nahi, eta azkenerako denak tripako minez.

Baina nola kritikatuko dugu, kritikatzen ikasi ez badugu? Kritikatzen irakatsi ez badigute. Epaitzea erraza da. Kritikatzea zailagoa. Are gehiago aizkolarien herrian. Kritika da norbaitek goxo bezain argi esatea: “Hemen ez duzu asmatu”.

Eta hori egiten jakitea ez da erraza. Artelan bat kritikatzen ikasten duenak albiste bat, iragarki bat edo bere burua ere kritikatzen ikasten du. Zergatik funtzionatzen duen honek. Zergatik ez beste hark. Non dagoen indarra. Non gezurra. Non ausardia. Non beldurra.

Eta kritika jasotzen ikasten duenak beste hainbeste. Bere indarrak, gezurrak eta beldurrak zeintzuk diren ikasten du. Hazten ikasten du. Nik ere nahiago izaten dut “oso ona” entzun, “hemen galdu egin zara” baino. Nik ere badut barruan sortzaile txiki bat, txaloak nahi dituena eta kritika heldu dela ikustean komunera joateko gogoa sartzen zaiona. Baina, agian, horixe da kontua: tripako min horri eustea. Bestela, zapore garratzeko pastelak jaten segituko dugu irribarre eta puxiken azpian. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.