“Artera itzultzeko modu bakarra zen galerista lesbiana bat nire obrarekin maitemintzea”

  • Hogei urteko ibilbide oparoaren ondoren, 1997an arte zirkuituetatik erretiratu zen Juana Cima jatorri kubatarreko sortzaile bilbotarra. Sexu disidentzia eta bilaketa espirituala ikur ditu Cimak, eta bere lanari erreparatu diote Gasteizko Artium museoak eta Bilboko La Taller galeriak. Artiumen, abuztura arte dago bere lana ikusgai.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA
Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hiru hamarkada pasatu dira Juana Cimak (Caibarién, Kuba, 1951) bakarkako azken erakusketa antolatu zuenetik. Bilbon arte ikasketak egin ondoren, haren obrak zabalkundea eta aitortza instituzionala izan zituen 1977 eta 1997 urteen artean. Kanonetik kanporatua izaten ari zela sumatzen zuen garaian, minbiziak eta depresioak bizkortu zuten espazio publikotik erretiratzeko erabakia. Ordutik, Cloti Murillo bikotekidearekin sortutako bordan jarraitu du naturari lotutako sorkuntza lana, kanpo-errekonozimenduaren presiotik askatuta.

“Artera itzultzeko modu bakarra zen nire obrarekin maiteminduko zen galerista bat aurkitzea. Eta gainera lesbiana da! A ze oparia!”, adierazi dio ARGIAri Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan hitzartutako elkarrizketan. La Taller galeriako buru Maite Martinez de Arenazari buruz ari da. 2025eko abenduan inauguratu zuten La Tallerren Uharteak amestu gintuen erakusketa, Cimaren tintazko eta oliozko lanez osatutakoa, sexu-genero disidentzia eta uharte identitatea ardatz dituena. Martinez de Arenaza eta Cimaren bikotekide Murillorekin batera heldu da Cima ARGIAren hitzordura; “euskal bolleren autobus bat bete” nahi dutela esan digute, Gasteizko Artium museora bisita jendetsua egiteko.

Izan ere, itzulera bikoitza egin du Cimak: Bilboko Lamiak taberna historikoak haren margo bat laga zion Bilboko Arte Ederren Museoari, eta horri esker ezagutu zuen bere lana Garazi Ansa komisarioak. Otsailean inauguratu zuten Artiumen Juana Cima. Begirada disidente bat atzera begirako erakusketa, abuztura arte ikusgai dagoena. Ansaren esanetan, “nortasunari, ekologiari eta generoari buruzko funtsezko eztabaidak” aurreikusi zituen Cimak, “sarritan arau heteropatriarkalaren ertzetatik jardunda, disidentzia erradikal eta poetikoko unibertso estetikoak eraikitzen, sorkuntza eta bizitza elkartuta, banaezin bihurtu arte”.

Cimak ez ditu prentsako elkarrizketak gustuko. Erakusketan jaso duten bere lehen elkarrizketetako batean adierazi zuen uko egiten diola pose intelektuala antzezteari, berak intuiziotik sortzen duela. Gaur ere nahiago du bere sormen prozesuei buruz mintzatu, kazetariei “diskurtsotik” erantzun baino. Hala, galdera-erantzun egituratik ihes egin eta Artiumen ikusgai dauden lanen sekretuak kontatu dizkigu, Murillo bikotekidearen memoria biziak lagunduta.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Maitasuna, sormenaren elikagaia
Kubako iraultzaren ondoren, erbestera jotzeko erabakia hartu zuen Cimaren familiak: Santanderrera (Kantabria) heldu ziren 1961ean, eta Oviedora (Asturias) aldatu ziren segituan. 14 urte zituela, Arte Ederren goi ikasketak egingo zituela erabakita, Batxilergoa utzi zuen Arte eta Ofizioko eskolan sartzeko: “Bi espezialitateren artean, delineatzaile edo dekoratzaile, bigarrena hautatu nuen, artistikoagoa zelako, eta han loratu nintzen”. Prestaketa horrekin lortu zuen 1975ean Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan sartzea, azterketa ofizial zorrotzak gaindituta. “200 hautagaitik hamabost lagunek lortu genuen soilik sartzea”, azpimarratu du harro.

***
Nolakoa zen Arte Ederretako giroa?
Itzela! Sarrikoko Campusean (Bilbo) zegoen orduan, japoniar estiloko arkitektura zuen eraikinean. Patioan izugarrizko giroa genuen: lagunei ilea mozten nien, biharamunean gorputz osoa zuriz margotzen nuen argazki saio baterako... Oso performance-zalea nintzen, beti ere inprobisaziotik. Beste batzuetan abesteari ekiten nion patioan: Jenis Joplis, jazza, bluesa… Asteburuetan, Herman Hessen liburuak irakurrita, baserri batera joaten ginen bost lagun, eta azidoekin esperimentatzen genuen, beti ere sormenera bideratuta. Azken urtean Jose Félix Placer artista eta lagunarekin bizitzera joan nintzen Bilboko Castaños kalera. Ligatzera ateratzen ginen elkarrekin, baina ez genekien ezta nora joan ere.

***

Garai hartako lanak eta erreferentziak jasotzen ditu Artiumeko erakusketaren lehenengo atalak. Bilboko itsasadarrari eskainitako margolana Gasteizko pinturako eta eskulturako biurteko plastikoan saritu zuten: Ría (Nervión, Campo Volantín, Bilbao) (1979). Koadroan paisaia kolorez aldatzen doa, poluzioaren eragina nabarmentzen duen horitik hasita, etorkizun aske eta garbiaren irudi idealizatua proiektatzen duen berdera heldu arte. Igerilarien bizipozak ordezkatzen ditu hasierako hondakinak. Horren alboan, El balcón de la Lola (1980) koadroak gogoratzen du egun Bailen kaleko diskotekaren izenaren iturburua: hala deitzen zioten Abandoko tren geltokiko aparkalekuari cruising gune zuten gayek.

Cima bera abesten agertzen den autorretratua ere jasotzen du erakusketak. Klaserako lan bat izan zen, baina funtsezkoa bere ahalduntze lesbikoan bete zuen paperagatik: “Eskolako neska nagusiago batekin maitemindu nintzen. Kasseleko Documenta arte-erakustaldira joan ginenean taberna ilun eta estiloso batean bukatu genuen, zuzeneko musika zuena. Oholtzatik abestu nion, eta funtzionatu zuen, nahiz eta gero bera kikildu eta bizimodu heteroa aukeratu zuen. Arteak ligatzeko balio du! Maitasuna sormenaren elikagaia da, laguntzen du barneko gure atal zoragarri guztiak erakusten”.

***
1976an abortatzeagatik auzipetu zituzten Basauriko (Bizkaia) emakumeen aldeko kanpaina feministarako sortu zenituen pegatinak eta kartelak daude ikusgai erakusketan. 
Arte Ederren Museoak atrioan gure obrak saltzeko aukera ematen zigun ikasleoi. Museoaren ondoko kontainer batean oheburuko bat aurkitu nuen, parkeko parterrean jarri nuen, Atrioan obrak zintzilikatzeko erabiltzen genituen kateekin lotu nintzen ohera eta oihuka hasi nintzen: “Emakumeak askatu!”. Jendea pizteko eta harritzeko egiten nituen ekintza horiek, zoratuta nengoela uste bazuten ere!

***

Cloti Murillo lehen aldiz Arriaga Plazan ikusi zuenean aingeru bat iruditu zitzaion. Bera baino hamar urte gazteagoa zen, baina ordurako bazebilen Bizkaiko Emakume Asanbladan eta EHGAMen Txoko Landa tabernan. Bikote harremana hasi zutenean, Cimak egun osoa ematen zuen Murillo marrazten; orduan sortu zuen Amets egoera loak hartuta (1981) serie ederra. Pieza nagusian biak agertzen dira ohean biluzik besarkatuta. Aldameneko koadro txikietan postura desberdinetan agertzen dira, eta margoen gainean materia organikoa txertatu du artistak: kotoizko hodeiak, itsas maskorrak… “Emakumearenganako eta naturarenganako maitasuna da beti gehien interesatu zaidana, baita denboraren prozesuek ere. Sara Torres idazleak La seducción liburuan goraipatzen duen samurtasuna jaso nuen, maitalearengana gerturatzeko prozesua, bestean urtu egin arte”.

Ikusgaitasun lesbikoaren ikur den beste margolan bat ere nabarmentzen da erakusketan, kutsu ironikoa duena: ¿Amigas? ¿Familia? (1981). Bikotea ageri da besaulki banatan eserita, gogaitasun keinuekin eta biderkatuta: koadroaren ertzetan jantzita daude, eta erdialdean erabat biluzik. “Bilboko lehenengo jatetxe txinatarrera gindoazen sarri, Elkano kalera. Jabea, oso adeitsua, mahaien artean paseatzen zen bezeroekin hitz egiteko. Guri beti esaten zigun: ‘Lagunak, familia!’. Bikote lesbikoa zarenean beti dago galdera hori airean: ‘Zer zarete, ahizpak, lagunak?’ Artederren [Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokan] erakutsi nuen obra, eta oso ausarta nintzela esan zidaten”.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Baso eta uharte mitikoak

***
Txikitatik marraztu duzu, ezta?
Bai, irudiek interes handiagoa pizten zidaten letrek baino. Komikiak ulertzen nituen irakurri barik. Behin amari katuen urtebetetze festa margotu nion etxeko horman. Bost urterekin nire lehengusuak ikusi nituen biluzik bainatzen, eta ohartu nintzen gure gorputzak desberdinak zirela. Eskolan, mutil bat marraztu nuen pitilina airean, eta neska bat potxolina airean. Mojak egundoko errieta egin zidaten. “Zergatik egin duzu hau?”. “Gustuko dudalako”. Apurtu eta zaborretara bota zuten.
***

Kuban igaro zituen 10 urteetan naturarekin izan zuen harremana presente dago Cimaren unibertso estetikoan. “Kaiaren ondoan jaio nintzen, azukrearen eta algen usainaz inguratuta. Paduren ondoan, zuhaitz tropikalen bidea sortu zuen aititak ibaiertzean. Han ibiltzen nintzen arrantzan eta karramarroak harrapatzen. Amamarekin ikasi nuen laranjondoak landatzen, txertoak egiten, erlauntzak erabiltzen… Landare magikoz inguratuta nengoen: dragoi formadunak, ukitzen zenituenean biltzen ziren iratxe txikiak…”.

Naturarekin harremana berreskuratu nahian, 1980ko hamarkadan euskal mitologia ikertzeari ekin zion ikuspegi feministatik. “Menir eta dolmen bila joaten ginen mendira, materiak eta Mariren presentzia sentitzeko. Aita Barandiaranen etxean agertu ginen behin haren gida eskatzeko!”. Esplorazio horren emaitzak erakusketan ageri diren mihise erraldoi ikusgarriak dira: lamiak eta zezengorriak aurkituko ditugu material organikoekin indartutako baso hostotsuen trazuen artean.

Cima ez da inoiz Kubara itzuli, erbesteratuen alaba izateak suposatzen zuen estigmaren erruz. Hala, Menorcan (Balear Uharteak) topatu zuen uharte-nortasuna berreskuratzeko eta mito eta narrazio herrikoi berriak ezagutzeko gunea. Han ezagutu zuen Nuria Moltó, arpa jotzaile eta astrologoa, eta berarekin murgildu zen esoterismoan. Greziara ere bidaiatu zuen, eta antzinako mitologiak inspiratuta sortu zuen Menorcako ekialdeko kostaldean Balcón de Afrodita (1986). Labarrean zulatu zuen santutegi intimoa zen, Murillo bikotekidearekin gozatzeko eraikitakoa. “Misterio eleusinoak [Greziako Eleusisen Demeter eta Persefoneri eskainitako urteko iniziazio sekretuen errituak] ezagututa ulertu nuen misterioari lekua egin behar diogula adimena zabaltzeko, sormenari espazioa emateko”.  

"Maitasuna sormenaren elikagaia da, laguntzen du barneko gure atal zoragarri guztiak erakusten"

Lesbianegia eta espiritualegia kanonarentzat
Krisialditik ateratzeko, psikiatriaren aurreko alternatiba topatu zuen Cimak yogan eta meditazioan. Praktika horietan murgilduta, eta Murillorekin elkar hartuta, bidaiatu zuten Indiara, eta txundituta geratu ziren dantza jaialdietako kolore eta usainekin, elefante erraldoien eta Kali bezalako jainkosen indar grafikoarekin. Meditazio-praktikei lotutako zerrenda kromatiko horizontalez osatutako margolan eta eskulturak sortu zituen orduan. “Umetatik margotu ditut halako kolore bandak, eta Indian ulertu nuen kontzientzia mailak irudikatzen dituztela. Kolore planteamendu hori oinarri hartuta, argizari kapak gaineratu nituen, berraragiztatzea iradokitzeko, baita ere geruza horiekin nire burua babesteko”.

Indiako unibertso sinbolikoa aurkeztu zuen Amaste galerian 1997an, Juana Cima. Bhavajoyana. Infusión de emociones erakusketan, baina harrera hotza izan zuen, baita bere lagunen artean ere. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle zen Cima, Magisteritza Fakultatekoa 1980ko hamarkadan, eta Arte Ederretako Fakultatekoa 1990ekoan. Enplegu hori izanda, bere arte ekoizpenaren helburua ez zen diru-sarrerak izatea, baizik eta bizi-prozesuak kanalizatzea. Edonola ere, kolpe latza izan zen zirkuitu artistikoan ez ulertua sentitzea.

***
Nola sumatu zenuen zokoratze prozesu hori?
Galeristek ez zuten nire obra mugitzen, ez ninduten Arcora [Madrileko erakusketa] eramaten beste kideak bezala; gizonen eta neska gazte lirain heterosexualen lana sustatzen zuen gehiago. 50 urte beteak nituen: lesbiana menopausiko bat nintzen, ez nintzen follablea. Murillo gehiegi marraztea leporatu zidaten. Prentsa-kritikaren aldetik ere oso iruzkin epelak jaso nituen. Erakusketa kolektiboetan beste artistek ez zidaten laudoriorik egiten, ikusezina nintzen haientzat, nahiz eta nire obrak eta ni neu ezin diren oharkabean pasa. “Zergatik hartu didate mania?”, galdetzen nion nire buruari. Baina orduan ez ginen homofobiaz mintzo. Garai hartan, ez bazenituen Jorge Oteizaren estiloko burdinazko lan erraldoiak egiten, edo arte minimalista sortzen, ez zenuen arrakastarik. Artista askok merkatuari begira lan egiten dute, eta arrakasta lortu duen estiloa etengabe errepikatzen dute. Ez dut ulertzen. Nik ez dut nire burua kopiatu nahi, etengabe esperimentatu eta ikertu baizik.

***

Bularreko minbiziaren diagnostikoa jaso zuen garai hartan, eta osatzeko bidea ez zen samurra izan. Hor ere heteropatriarkatuarekin egin zuen topo: “Nire iritzia galdetu gabe berreraiki zizkidaten bi titiak, eta silikonak erreakzio latza eragin zidan. Gainera, bular asimetrikoak utzi zizkidan medikuak. Artista naiz, badakit zertxobait simetriari buruz!”. Handik gutxira, gurasoen heriotzaren kolpea jasota, erretiroa hartzea erabaki zuen.

Clotirekin Kantabriako landa-eremuan eraiki zuen borda izan zen bere babesgunea eta sormena bideratzeko espazioa. “Marés harriarekin ezkutatu nituen hormak barrutik, marmolaren distira lortuz”, nabarmendu du harro. Erakusketaren azken gelan ikusgai daude etxearen planoak, detaile eskultorikoen argazkiak, han marraztutako obra intimoak eta La imagen de la felicidad (2025) bideo piezak: bordako horma zurian dantzan dabilen itzalaren erregistroa.

Delika lanarekin amaitzen da Cimaren erakusketa. 1983an aurkeztu zuen Artederren, eta euskal testuinguruan sortutako lehenengo soinu-instalaziotzat jo dute adituek. “Delikako sakanera [Nerbioi ibaiaren jaioleku inguruan] joan ginen camping dendarekin, eta ekaitzak harrapatu gintuen. Euriaren soinua grabatu nuen, eta errekako harriak kargatu nituen instalazioa sortzeko. Muntaia ikaragarria izan zen”. 


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.