Txikitako oroitzapen bat gogoratu dut liburutegian egin dudan idazketa lantegian. Oroimenean, putzuetako lupetzarekin jolasten zeinen pozik ibiltzen nintzen gogoratu dut, eskuak zelan hondoratzen ziren, tenperatura aldaketa, hezetasuna. Ez zen erraza lupetzarekin jolasteko putzu ona aurkitzea, zomorro ugari egoten zen, euren artean "txupasangres"-ak edo zireinak. Beti ibiltzen nintzen zireinik gabeko putzuen bila.
Horren inguruan pentsatzen ari nintzela, nire haurtzaroa gogoratzeko gauza gutxi dudala ohartu naiz, argazki gutxi batzuk, denak etxean. Gogoratzen ditudan oroitzapen apurretatik hauteman behar dut izan nintzen haurra. Garai hartan egiten genuenak oso gutxitan sortzen zuen arrastoa. Egun, haur baten arrasto digitala jaiotzetik hasten da eratzen, enpresa pribatuen munduko zerbitzari ezberdinetatik igarotzen diren argazki eta bideoetatik hasita, erakunde publikoen zerbitzuetan metatzen joaten denera: hezkuntzari loturikoa, osasunari loturikoa, zerbitzu sozialei loturikoa, hasialdiari loturikoa, kulturari loturikoa...
Ulertzen dut zeinen garrantzitsua den baliabideen kudeaketarako eta errealitatearen ulermen zehatzagoa izateko datuak jasotzea. Baina batzuetan, onura hori alboratzen duen beste ideia bat datorkit burura: errealitatea gertutik bizitzeko gure ezintasuna zenbakitan ezkutatzen ikasi eta onartu dugula. Kuantifikatzen dugu gertutik bizi ezin duguna; abstrakzioa zenbakitan adierazita ulertzen dugunaren fantasian ez ote gara jausi? Zein etorkizun eratorriko da datuetan bizitza azalduta eta eredu estokastikoetan bizitza bideratuta duten pertsonengan? Zein onura eta zein arrisku eragingo dituzte eredu horiek gure bizitzetan? Lupetzan jolasten nuenean ez zen erraza zereinak ekiditea, egungo munduan “datu zireinak” ekiditeak ezinezkoa dirudi.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.