“Zibilizazio krisi betean gauden garaiotan, ezinbestekoa da gure buruan bira dekoloniala egitea”

  • Ramón Grosfoguel soziologo puertorricarra da, Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) irakasle emeritua Berkeleyn. Baina, batez ere, pentsalari dekolonial eta aktibista antiarrazista ezaguna da, maila akademikoan zein herri mugimenduekin elkarlanean. Donostiako Amara Berri eskola publikoan Arrazakeriaren aurkako Amak elkarteak antolatu dituen jardunaldi dekolonialetan hartu du parte.

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Azken hiru hilabeteetan Bad Bunny herrikideaz galdetuko zizuten.
Jakina. Oso gauza interesgarria egin du AEBetan nagusi den faxismoaren erdian. ICEren eskutik, jendea bahitzen eta desagerrarazten ari dira, Gestaporen estiloan.

Bad Bunnyk bere artea, musika eta gorputza jarri ditu faxismo mota horren salaketaren zerbitzura. Eta Super Bowlean egin zuen, balen aurkako txalekoa jantzita. Bere familia etxez aldatu behar izan da, AEBetako supremazista zurien, Trumpen milizien, mehatxuak jaso dituelako.

"Latinoaren" aldarrikapena izan zen. Baina, latinoa ez al da arraza-kategorizazio bat, "beltza" edo "asiarra" bezala?
AEBetan hala da. Latinoamerikar askok ere ez du ondo ulertzen zer den latinoa izatea AEBetan. Askok uste du “latinoamerikarra”-ren sinonimo dela, baina ez. Estatu supremazista zuri batek eraikitako kategorizazioa da, populazioak sailkatu eta arraza-kategoriak asmatzen dituena. Ez da komunitate horretako kideek sortutako identitate-kategoria bat.

Bad Bunnyk arraza-sailkapen hori erabili zuen AEBetan askok darabilen “amerikar” kategoria ezbaian jartzeko, eta amerikarrak guztiok garela aldarrikatzeko, ez estatubatuar zuriak soilik. Estatuaren arrazismoa eta errepresioa zalantzan jarri ditu. Errespetua diot, gaur egun artista gutxik jokatzen baitu horrela. Berak ez zuen zertan horretan sartu, irabazten duen dirutza eta daukan arrakasta ikusita, baina arrazakeriaren aurkako militantzia antifaxistaren parte gisa egin zuen.

Nola ikusten duzu Puerto Ricoko egoera? 
Puerto Ricok ez du berezko ekonomiarik, AEBetako ekonomiaren hedapena da. AEBetako kolonialismoak, batez ere XX. mendearen bigarren erdiaren ondoren, dena suntsitu zuen. Nekazaritza suntsitu zuten, eta haien kolonia industrial eta militar bihurtu ginen; ondoren, kolonia industrial izateari utzi eta AEBetako funts federalen mendeko kolonia bihurtu ginen. Errenta-ekonomia baten antzekoa da, non jendea AEBetatik bidaltzen dioten dirutik bizi den. Migratu direnen dirua jasotzetik bizi ala ekonomia informaletik biziraun, ez dago Puerto Ricoko ekonomiarik.

Mugimendu independentistak gutxiengo dira, askoren ustea ondorengoa delako: “Zertarako independentziara jo beste ezer antolatzeko gai ez bagara AEBentzat beste “maquiladora” (manufaktura-produktuak egiten dituzten lantegiak) bat izatea baino? Puerto Rico gringoentzako maquiladora handi bat izan zen eta berriz horra itzultzea, baina AEBetako gutxieneko soldatarik gabe, soldata baxuagoekin, transferentzia federalik gabe, gogorra litzateke.

Eta nola ateratzen da gurpil horretatik?
Batzuek diote “inperioak haragia jan du, ba goazen orain hezurrera”. Orduan, borroka egin dezagun inperioa deskolonizatzeko. Barruraino sartu, AEBetako beste estatu baten gisan, eta egin Bad Bunnyk egin duena: Super Bowlean agertu eta aurpegira diskurtso osoa bota.

Mende honetako borrokak dira inperioa segregazio eta apartheid leku gisa mantendu nahi duen jendearen –supremazista zuriak– eta inperioa deskolonizatu nahi duen jendearen artekoak. Demografia aldatzen ari da AEBetan. Latinoek dute hazkunderik handiena; zuriak, berriz, gutxiengo bilakatzen ari dira. Estatu askotan ari da gertatzen. Kalifornian gertatu zen jada, han latinoak gara gehiengoa. Baina hori herrialde osora hedatzen ari da, 15 urteren buruan gerta daiteke.

Ramón Grosfoguelek Donostiako Amara Berri eskolan martxoan emandako hitzaldia. Axier Lopez

Barack Obama, Condoleezza Rice, Alberto Gonzáles, Marco Rubio...
Etxe Zuriak zuria izaten jarraitzen du, Obama hor eserita bazegoen ere. Beste inork baino migratzaile gehiago kanporatu zituen Obamak AEBetako historian. Inork baino jende gehiago drone bidez hiltzea agindu zuen. Goizero elkartzen zen CIArekin eta erabakitzen zuten egun horretan nor hil. Eta Bakearen Nobel Saria du. Eskubide zibilen aldeko borroka izan zenaren perbertsioa besterik ez da. Supremazismo zuria jabetu da jada ezin dela korrontearen kontra joan gutxiengoen hazkunde demokratikoa dela eta. Haien barkura gehitu nahi ditu.

Inperioa barrutik deskolonizatzeak zail xamarra dirudi.
Orain hori oso zail ikusten da, baina potentzial handia dago. Pentsaezina zen New Yorken, munduko finantza-gune nagusian, ezkerreko alkate batek irabaztea. Baina hori gertatu egin da eta indarrez dator herrialde osoan. Potentziala dago. Jakina, gehiengo demografikoa zuri ez izateak ez du esan nahi aldaketa politikoa automatikoa denik.

Trumpen lehen agintaldian, harresia eraikitzea zen bere obsesioa. Horrek ez zuen funtzionatu, latinoek muga zeharkatzen jarraitu baitzuten. Orain, "estatu-terrorismoa" darabil joera demografikoak aldatzen saiatzeko; izuak bultzatuta, latinoek muga zeharkatzeari utzi eta jada herrialdean bizi direnek alde egin dezaten.

Ez dira gutxi inperioaren gainbeheraz hitz egiten dutenak.
Hurrengo 10-15 urteetan mundu mailako depresio handi batean egongo gara, AEBak epizentroa direlarik. Eta, jakina, supremazismo zuriaren erantzuna faxismo gehiago izango da. Batzuek horiei aurre egingo diete eta orduan gerra zibila etorriko da. Heriotzaz zauritutako munstroa dira AEBak, gainbeheran dagoena.

Oraintxe bertan zaila da imajinatzea, baina hemendik hamar urtera AEBak izan daitezke herrialde bat zeinean zuriak gutxiengo demografiko diren, ekonomikoki kolapsatua eta potentzia militar nagusia izateari utzi diona.

Munduko hegemoniaren aldaketa horretan, zer eginkizun izan behar dute, hizkera koloniala erabilita, "herrialde periferikoek"?
Nik uste dut mundu multipolarra jaiotzeko dagoela oraindik, baina indarrez dator. Mendebaldeko inperio zaharrak gainbeheran daude. Mendebaldeko ekoizpena munduko beste leku batzuetara joan da eta orain hor bizi dira finantza- inbertsioetatik, espekulaziotik, higiezinen burbuiletatik...

"Bizitza komunitariorantz jo behar dugu, kontsumismoak porrot egin du zoriontsu izateko modu gisa"

Gerra Hotzean blokeak ideologikoak ziren, orain ez. Mundu multipolarrak ez du ezer ideologikorik, herrialdeen subiranotasuna errespetatzea da komunean duten gauza bakarra. Eta hori orain duguna baino askoz hobea da, polo bakarreko mundu honek indarrez inposatzen duelako. Multipolaritateak aukerak emango lizkieke "hirugarren munduko" herrialdeei merkatu globalean, polo bakarreko munduan ezarritako blokeoen eta zigorren aurrean.

Izan ere, datorren mundu mailako depresio handiaren aurrean, indartsu aterako direnak Txina, Errusia, India... izango dira, munduko ekoizpen materiala hor kontzentratuta dagoelako. Burbuilak desegin, turismoa amildu eta ez bada inor joaten Bartzelonara edo Madrilera, zer geratuko zaie han? Aldiz, munduko ekonomiak behe jotzen badu, ekialdeko herrialde horietan oraindik ere industria-ekoizpena egongo da, nekazaritza-ekoizpena, eta, gainera, puntako teknologia dute. Txina AEBak aurreratzen ari da, eta, gainera, barne-merkatu izugarri handia du, etengabe esportatu behar ez izatea bermatzen diona.

Erdigunea lekuz mugituko dela ikusten dut. Ez dezagun ahantz Asiako ekialdea munduko erdigune ekonomikoa zela duela 200 urte arte. Hori Mendebalderantz joan zen eta orain harantz itzuliko da.

XX. mendeko askapen nazionaleko mugimenduak antikolonialak eta antiinperialistak izan zirela diozu, baina ez dekolonialak.
Aurreko mendeko askapen mugimenduak antiinperialistak ziren, baina estatu-nazioaren kontzeptua errepikatzen zuten. Kolonia suntsitzen zuten, askapen gerra irabazten zuten, inperioak herrialdetik aterarazten zituzten, baina estatu-nazio bat ezartzen zuten. Hau da, Mendebaldeko mundu inperialistaren egitura imitatzen zuten, Mendebaldeko zibilizazio modernoarena. Eta, gainera, aurrerago ideologia desarrollista bere egin zuten, eta bizitzaren aurkako teknologia suntsitzailea sortu.

Aginte politiko eta ekonomikoari dagokienez, bestelako bideak hartu behar ditugu, Mendebaldeko sistema modernoaz haratago. Nire ustez, zibilizazio krisi betean murgilduta gauden garaiotan, munduko kolapso ekonomikoa ate joka dugula, ezinbestekoa da gure buruetan bira dekoloniala egitea. Horrela bakarrik egin ahal izango baitugu jauzi sistema zibilizatorio berri baterantz.

Donostiako Teila Fabrikan emandako hitzaldia. Argazkia: Jakin

Agian, beste era batera gobernatu nahi badugu, beste modu batera bizitzen hasi beharko genuke.

Bai horixe. Bizimodua aldatu egin behar dugu. Aldaketa behar da jendearen subjektibotasunean. Zentzu askotan, ondo bizitzea gehiago kontsumitzea dela esaten digun mundu "moderno" horretan murgilduta jarraitzen dugu.

Aldaketa behar dugu bizitza komunitariorantz, bizi-komunitate baterantz. Kontsumismoak, zoriontsu izateko modu gisa, porrot egin du.

Dekolonitateari buruzko eztabaidetan, erantzuna baino garrantzitsuagoa al da galdera?
Geure buruari galdetu behar diogu nondik sortzen ditugun galderak. Galderek erantzunak eratzen dituzte. Galderak, zentzu askotan, bideratzen dituelako erantzun posibleak.

Gai honetan, beti azpimarratzen duzu mendebaldarturiko unibertsitatearen zeregina.
Mendebaldarturiko unibertsitatean epistemologia arrazista eta sexista delako. Mendebaldeko bost herrialdetako gizonak irakurtzen jarraitzen dugu: alemaniar bat, frantses bat, britainiar bat, estatubatuar bat eta italiar bat. Hego globalean, edozein diziplinatako ikasgelan sartu, eta Paris, Londres edo New Yorkeko autore berberak irakurriko dituzu.

Mendebaldartutako unibertsitatea menderatze-tresna da, bere epistemologiak Mendebaldeko bost herrialde horietako arazo historiko sozialetan oinarritutako teoria sortzen baitu, eta ez du munduko gainerako arazo historiko sozialetan pentsatzen. Galderak Mendebaldearen interesen arabera egiten dituzte.

Kolonialismo epistemiko horren bidez, hego globaleko elite mendebaldartuak erreproduzitzen dira, eurozentrismoaren antiojoekin begiratzen dutenak. Mendebaldartutako unibertsitateetan sortzen diren elite horiek dira, ondoren, estatu neokolonialak administratzen dituztenak. Botereak beharrezko ditu beraiek bezala pentsatzen duten elite neokolonialak.

Pentsamendua mundu mailan estandarizatzea da hori.
Hori berria da munduko historian. Txinako, inken, musulmanen… zibilizazioetako goi-mailako hezkuntza erakundeetan ez zen horrelakorik gertatzen. Beraz, galdera da: nola, noiz eta zergatik gertatu zen hori?

Adibidez, ezagutzen den munduko lehen unibertsitatea Fezkoa da, Marokon, IX. mendekoa, bi emakumek sortutakoa. Unibertsitate horretan ez zituzten irakurtzen bost herrialdetako gizon zuriak. Fisikaz, matematikaz, biologiaz... zientzialari islamiarren testuak edo greziarren edo txinatarren itzulpenak ikasten zituzten. Izan ere, Europako erregina-erregeek hara bidaltzen zituzten alaba-semeak ikastera, hemen ez baitzegoen maila horretako ezer. Geroago, frantsesek Maroko kolonizatu zutenean, unibertsitate horri programa zientifiko osoa kendu zioten eta unibertsitate teologiko huts gisa utzi.

Bost herrialdetako gizon zurien pribilegio epistemiko hori lau genozidio/epistemizidio hauetatik sortu zen: Al-Andalusen konkista, Abya Yalaren konkista, Afrikaren konkista eta Europako lurretan emakumeen aurka egindako genozidio/epistemizidioa, –sorgin izateaz akusatuta milaka bizirik erre zituztenekoa–. Hortik garatu ziren epistemologia modernoaren egitura arrazista-sexistak. Prozesu hori XVII. mendean burutu zen, Hogeita Hamar Urteko Gerraren ondoren. Orduan Holandak ordezkatu zuen iberiar penintsula munduko sistemaren erdigunean, 1492an abiaturiko hedapen kolonialaren ondorioz sortu zena.

Europako ipar-mendebaldera erdigune ekonomiko, politiko eta militarra aldatzeaz gain, epistemologiarena ere hara eraman zuten. Orduan sortu zen Humboldteko Unibertsitatea XVIII. mendean, gaur egun mendebaldartutako unibertsitatea gisa ezagutzen dugunaren aurrekaria. Ezagutza probintziala duen unibertsitatea da, baina unibertsaltasunez mozorrotua.

200 urteren ondoren, hortxe jarraitzen du, estandar bihurtuta, boterearen kolonialitatearekin estuki lotuta dagoelako. Jakintzaren eta boterearen kolonitatea eskutik hartuta doaz.

Pentsamendu arazo hori bera ezkerreko mugimenduetan ere ikus dezakegu?
Eskema bera errepikatzen da munduko ezker mendebaldartuan. Kasu, ez naiz Mendebaldeko ezkerra esaten ari, mendebaldartua baizik. Nonahi dago, Latinoamerikan, Afrikan, Asian... Arazo epistemikoa da, eta larria. Ez da eraginkorra sistema eraldatzeko, sistemak berak sortzen dituen logiketan harrapatuta dagoelako. Ezker eurozentrikoa ezin dio sistemari aurre egin, sistemak sortzen duen mundu-ikuskeraren parte delako.

Orain, politikoki zuzena dena zera da: "Kultura-aniztasunean hezi behar da".
Multikulturalismoa supremazismo modernoa kudeatzeko modua da mundu anglosaxoian.

Aniztasun epistemikoan hezi behar da, ez kultura-aniztasunean. Hezkuntza multikulturala deiturikoa makillaje moduko bat da, oso azalekoa, "besteen" hizkuntzaren, kulturaren eta historiaren zatitxo batzuk hartzen ditu, baina erdigune espistemiko berari eusten dio: Mendebaldeko bost herrialdetako gizonak. Nik nahiago dut aniztasun epistemikoaz hitz egin, eta ez multikulturalismo liberalaz.

Gizateriaren arazoei aurre egiteko, har dezagun kontuan kultura guztien pentsamendu kritikoa. Adibidez, planetaren arazo ekologikoari dagokionez, ikus dezagun munduko askotariko kulturen pentsalari kritikoek nola pentsatzen duten. Nola pentsatzen duten aimarek, Magrebeko musulmanek, budistek… baita Mendebaldeko bost herrialdetako gizonek ere. Izan ere, Europak ere hor egon behar du, baina erdigunea izateari utzita. Ez diogu egin nahi Mendebaldeko bost herrialde horietako gizonei egingo haiek munduari egin dioten gauza bera. Ez ditugu baztertu nahi. Leku horietako pentsamendu kritikoa ere baliagarria izan daiteke. Sar daitezela elkarrizketan, baina beste kide bat gehiago bezala, jakintzen ekologiaren barruan. 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Dekolonitatea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.