Rachmaninoven ikuspegi latza

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Euskadiko Orkestra
Zer: Liadov, Rachmaninov eta Bartók-en lanak.
Zuzendaria: Juraj Valcuha.
Bakarlaria: Nikolai Lugansky (pianoa).
Non: Jesus Guridi Kontserbatorioan, Gasteizen.
Noiz: apirilaren 13an.

------------------------------------

Aitortu behar dut kontzertu honetara joateko arrazoia Nikolai Lugansky –nire piano-jole gogokoenetako bat– entzutea zela, baita ere entzutea interprete horren munduko errepertorioko kontzertu hipnotizatzaileenetako baten bertsioa: hau da, Rachmaninoven 3. kontzertuaren moldaketa.

Sarritan kontzertu honen zailtasun tekniko izugarria azpimarratzen da. Eta egia da, benetan deabrukeriz josia baitago. Baina bakarlari batek egin behar dituen piano-kabriolen gainetik, partiturak magia ikaragarria gordetzen du.

Hasiera xume hori, errusiar folklorearen melodia batekin, monodia gisa, beste garai batzuetara garamatzana, hasierako sinpletasuna eraldatzen duen sua, orkestra-laguntza arnasestuka, orkestrazio distiratsua... dena da benetako sentipenen frenesia.

Gainera, oraingo honetan zortea izan nuen, hasieran desabantaila zirudien arren, lehen lerroan eta bakarlariaren ondoan egon bainintzen. Izugarria. 

Interpretazio exijente baten bi alderdiak transmititu ditzaket: bata fisikoa, eta bestea musikala.

Alderdi fisikoari dagokionez, Luganskyk inork pentsa dezakeen teknikarik onena duela ziurtatzen dut. Tentsio tekniko eta musikal goreneko pasarteak, inolako trabarik gabe interpretatuak. Gorputzaren pisua ahalik eta gehien aprobetxatzen du interpretazioari indarra emateko. Beti musikariok lortu nahi izan dugun guztia piano-jotzaile honek gorpuzten du.

Eta alderdi musikalari dagokionez, sorpresa hartu nuen. Izan ere, Luganskyk Rachmaninoven Re minorreko op. 30 3. kontzertu magistral honi buruz duen ikuspegia ez da batere tardorromantikoa. Obra bera halakoxea da, bai, baina bere bertsioa muturrekoa izan zen: zati melodikoetan cantabile zoragarria lortu zuen, eta tempi beste bertsio batzuetan baino lasaixeagoak ziren. Baina fuoco uneak erraialdi hutsak ziren. Esan dudan bezala, soinuaren laztasunera iristen zen. Eta, egia esan, gustatu zitzaidan.  

Musika pianotik erauzteko zuen modua, gupidagabea ia, zenbait unetan, izugarri adierazkorra zen. Une magiko horietan asaldatzen gintuen gauza bakarra telefono mugikorren bat zen, eta tentsio elektrikoaren zarata/burrunba jasanezina. Espero dezagun denbora gutxian Antzoki Zaharra ondo egokituta izatea, Jesus Guridi ez baita leku egokia.

Propina gisa, Luganskyk Faschingsschwank aus Wien op. 26 obraren Intermezzoa oparitu zigun –Harmonia Mundirentzat grabatu berri duen lana–, elektrizatzailea eta dotorea.

Programa osatzen zuten beste bi obrak, Liadoven Laku sorgindua eta Bartoken Orkestrarako Kontzertua, XX. mendeko lan gorenetako bat, bikain egon ziren Juraj Valcuha eslovakiarraren gidaritzapean.


Irakurri gehiago: Musika klasikoa Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.