Pirinio katalanetako kobazulo batean (Queralbs, Girona), 2.235 metroko altueran, ia 200 harritxo berde topatu dituzte. UABko (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) eta IPHES-CERCAko (Giza Paleoekologiako Institutu Katalana) ikerlariek malakitatzat identifikatu dituzte arrastoak.
Mineral hori ez dago modu naturalean inguru horietan eta, gainera, zati gehienak erreta daude. Hau da, malakita propio garraiatu zuten kobazuloraino, eta propio prozesatu zuten, kobrea lortzeko. Hain zuzen, kobazuloko malakita zati gehienak Kobre Arokoak dira (duela 5.600-4.400 urte) eta, beraz, Pirinioetako lehen metalurgia jarduera dokumentatuaren emaitza.