Asko dira Nafarroan despopulazio arriskuan dauden landa guneak, eta horren adibidea Urraul Goitiko bailara da. Europako indize demografikoen arabera, kilometro karratuko zortzi biztanletik behera duten herriak despopulazio arrisku larrian daude. Urraul Goitik, 0,9 biztanle ditu kilometro karratuko. Bertako biztanle zein agenteak despopulazioaren arrazoiez, eta harana biziberritzeko aukerez mintzatu dira ARGIArekin. Kultura sustatzea eta erraztasun ekonomikoak jartzea aipatu dituzte, besteak beste.
Paraje berde eta malkartsuek osatzen dute Urraul Goitiko bailara. Zangozako merindadean dago eta Pirinioaurreko eskualdean. Iruñetik, 55,7 kilometrora. 137,70 kilometro karratuko azalera hartzen du, eta Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2025ean, 136 biztanle zituen erroldatuta. Europako indize demografikoen arabera, kilometro karratuko zortzi biztanletik behera duten herriak despopulazio arrisku larrian daude. Urraul Goitik 0,9 biztanle ditu kilometro karratuko. Bertako biztanleak maitasunez eta penaz mintzo dira bailararen egoeraz. Alde batetik, “ederra” delako eta, bestetik, jendez husten ari delako.
Cederna Garalur elkartea Nafarroako Mendialdearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko asmoz jaio zen 1991n. Carlos Garcíak, elkarteko garapen agenteak, Urraul Goitiko bailararen despopulazio arriskuaren atzean dauden zenbait faktore azaldu ditu. Horretarako, Urraul Goitiko Udalak 2021ean egindako idazki bat ekarri du gogora. Bertan, aldarrikatzen dute Urraul Goitik Pirinioetako Mahaian egon beharko lukeela. “2021ean egindako bailararen erradiografia eta gaur egungoa iguala da. Ez da egon bailararen garapenari nabarmenki eragin dion faktorerik”, esan du.
Faktoreen artean aipatu du garrantzitsua dela mapan ongi kokatzea. Izan ere, Pirinioak osatzen dituzten bailarek, hala nola Erronkarik, Zaraitzuk, Errok eta Zubirik irteera daukate iparraldetik zein hegoaldetik. Urraul Goitik, aldiz, soilik hegoaldetik. Horrek zonaldeko herrien arteko komunikazio arazoak sortzen ditu. Horrez gain, Nafarroako lurralde desberdintasunen diagnostikoa, erronkak eta proposamenak txostenean agertzen diren zenbait datu azpimarratu ditu. Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak egin du eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu du.
Europako indize demografikoen arabera, kilometro karratuko 12,5 biztanle baino gutxiago dituzten zonaldeak despopulazio arriskuan daude. 2019ko datuen arabera, Nafarroan 63 biztanle daude kilometro karratuko, Pirinioetan 4,1 eta Urraul Goitin 0,9. Hemezortzi herrik osatzen dute bailara, baina soilik hamar herritan bizi da jendea. Eboluzio demografikoari dagokionez, 2000tik 2019ra populazioa %20 hazi da Nafarroan, eta Pirinioetan eta Urraul Goitin %17 eta %22 jaitsi da, hurrenez hurren.
“Espazio gehiago kontsumitzearen kontra nago, dagoeneko asko kontsumitu delako, baina goazen diruz laguntzera, nahiz eta erortzeko zorian dauden etxeak izan”
CARLOS GARCIA
Jaiotza tasari erreparatuz gero, 2019ko jaiotza tasa gordina Nafarroan 8,3 da, Pirinioetan 5,7 eta Urraul Goitin 0. Azken hamar urteetan –2009tik 2019ra– soilik hiru pertsona jaio dira bailaran. Kontrara, hamalau pertsona zendu dira epe berean. Adinaren kasuan, Urraul Goiti bailara nabarmen zaharkitua da. Izan ere, Nafarroako biztanleen %17 25 urtetik behera dago, Pirinioetan %14 eta Urraul Goitin %3. Horrez gain, batez besteko adina, hurrenez hurren, 43, 46 eta 53 da. Garcíak nabarmendu du horrek agerian uzten duela jaiotza gehiago egoteko probabilitatea “oso txikia” dela, ez bada jendea kanpotik doalako. Gainera, kezka adierazi du zahartze indizea “oso altua” delako 2019an: Nafarroan 127, Pirinioetan 186 eta Urraul Goitin 488.
Despopulazioari aurre egiteko, tokiko ekintzak koordinatzeko eta zonaldearen garapen sozioekonomikoa sustatzeko sortu zen Pirinioetako Mahaia 2017an. Eskualdeko toki-erakundeak biltzen eta koordinatzen ditu mahaiak, eta zubi lanak egiten ditu Nafarroako Gobernuarekin. Bide horretan, 2020an Pirinioetako Plana martxan jartzea lortu zuten. Pirinioetako biziberritzea du helburu; hala nola azpiegiturak hobetzea, gazteen parte hartzea sustatzeko baliabideak indartzea eta garapen ekonomikoa bultzatzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza espezifikoak sortu zituen. Datuak ikusita, Garcíak argi du Urraul Goitik Pirinioetako Mahaian egon beharko lukeela: “Idazkia aurkeztu genuenean ez gintuzten mahaian onartu, eta desengainu handia izan zen. Hau da, ez dituzte gehiagoren artean banatu nahi Nafarroako Gobernuak ematen dizkien baliabide ekonomikoak. Gainera, egoerak berdin jarraitzen du”.
Bailara biziberritzeko tresnak
Jendea erakartzeko hartu daitezkeen neurrien inguruan ere gogoetatu du Garcíak, eta uste du Nafarroako Gobernuak baliabide ekonomikoen bidez laguntzea erabakigarria izan daitekeela. Adibidez, etxebizitzaren auziarekin lagunduta: “Etxebizitza eskuratzea oso zaila da. Hainbat etxe erortzeko eta abandonu egoeran daude, eta ez dago birgaitzeko dirulaguntzarik”. Nafarroako Gobernuak diruz laguntzeko, gutxienez, etxeko zoruaren forjatu horizontalen eta bertikalen %50a mantendu behar da: “Espazio gehiago kontsumitzearen kontra nago, dagoeneko asko kontsumitu delako, baina lagundu ditzagun nahiz eta erortzeko zorian dauden etxeak izan. Adibidez, Iruñean zerbait eraikitzeak 200.000 euro balio badu, hemen 100.000 izan daitezela. Horrez gain, pentsa hona bazatoz zergak dohainik izanen dituzula. Edo autonomoa bazara tarifa planoa izanen duzula, eta hilabetero 30 euro ordainduko dituzula. Horrez gain, ez duzu Interneterako konexio arazorik izanen. Benetako erraztasunak eskaini behar ditugu”. Espero du horrelako gauzak kontuan hartzea Nafarroako Despopulazioaren Legean.
Laguntza ekonomikoaz aparte, kultura sustatzea ere tresna baliagarria izan daitekeela uste du Garcíak. Horren baitan kokatzen du Santa Feko monasterioa. XII. mendean sortu zuten Concasko Santa Feko abadiako monjeek. Concas Okzitaniako udalerri bat da. Elizak, garai edo orreoak eta klaustroak osatzen dute monasterioa. 1993. urtetik, Interes Kulturaleko Ondasuntzat dauka Nafarroako Gobernuak. Gaur egun, Urraul Goitiko Udalak egokitutako landa eremuko hotel txiki bat da. “Orain arte kudeatzen ibili direnak joan egingo dira, eta jende berria sartuko da. Beste batzuetan, bertan bizi nahi duen jendea topatzea kostatu zaigu, baina aurten eskaintza gehiago jaso ditugu. Honek aukera bat zabaltzen du”, esan du kontent.
“Kultur espazio bat gara alojamenduarekin eta ez alderantziz. Taldeka egiteko egonaldi artistikoak antolatu nahi ditugu”
IÑIGO MARTINEZ
Erabilera asko izan ditu monasterioak, eta tartean, Iñigo Martinez iruindarraren udako etxea izan da. Martinezen familiak aspaldi harreman berezia dauka bailararekin. Martinezen aitaren aldeko amatxi Azparrengoa zen eta 12 urte ingururekin Irunberrira bidaltzen zuten asto batekin erosketak egitera. Espartza herrian pasatzen zuen gaua. Bertan senideak zituen eta heldutan Martinezen aitak bisitan joateko ohitura zuen. “Gurasoak bailararekin maitemindu ziren. Oso bailara ezezaguna da, oso despopulatuta dago, baina xarma handia dauka”, kontatu du.
Hori dela eta uda bertan pasatzeko lekuak bilatzen hasi ziren, baina hasieran ez zuten deus aurkitzen: “Bat-batean esan zieten Santa Fen La casa del Ermitaño izena zuen etxea zegoela, baina komunik gabe eta gaizki zegoela. Ikustera joan ziren, eta oso toki berezia da. Oso energia polita dago”. Bertan, Santa Feko monasterioa dago: “Azkenean alokatu egin zuten amaren sabelean nengoenean. Senide ginen hiru familia elkartu ginen, adin antzekoa genuen hamar lehengusu-lehengusina. Izugarrizko udak pasatzen genituen. Askatasun handiko udak ziren. Klaustroa gure futbol zelaia zen eta arkupeak gure belodromoa ziren”.
25 urtez alokatu zuten gurasoek etxea, Urraul Goitiko Udalak beste erabilera bat emango ziola esan arte. Ordutik, Martinezek harreman estua dauka bailararekin. Horregatik, kulturgintzako eta arteetako beste kide batzuekin batera, Perotx proiektu kulturala sortu du Adoainen. Perotx XVIII. mendeko harrizko etxe bat da. Nafarroako Gobernuak utzita, 1980tik 2005era kaputxinoek kudeatu zuten. 2023an, Nafarroako Gobernuak enkantera atera zuen Perotx etxea: “Ezinezkoa iruditzen zitzaidan arren, pentsatu gabe animatu nintzen. Ez nuen horrelako gauzetan eskarmenturik, baina asko landu genuen estrategia. Lortu genuenean asko kostatu zitzaidan sinistea”.
Behin jabetza eskuratuta, etxea birgaitzeko diru bilketa kanpaina bat egin zuten 2024ko udan. Hilabeteak eman dituzte etxea biziberritzen. Landa eremuko bizimodu berrien bueltan eraikitako lankidetzarako, ikerketarako eta sorkuntzarako elkargune kulturala izatea nahi dute: “Kultur espazio bat gara alojamenduarekin eta ez alderantziz. Taldeka egiteko egonaldi artistikoak antolatu nahi ditugu”. Azpimarratu du proiektua sortzeari begira oso kontuan hartu dituztela herriko beharrak: “Eraikinak 800 metro karratu ditu, eta aparte frontoia eta lorategia. Ohatzeak jarri nahi izan bagenitu, munstro bat sortu genezake, baina ez dugu nahi jende asko joatea. Hamabost lagun inguru biltzeko lekua izatea nahi dugu”. Ekitaldi jendetsuak egitea ere baztertu dute, “erabat inbaditzailea” delako herriarentzat.
Ez zaio zentzuzkoa iruditzen azken urteetan biztanle bakarra izan duen herria jendez betetzea. 93 urteko Blas Ayechu artzaina izan da herriko azken biztanlea. Tere Redin Ayechuk, ilobak, kontatu du zahar etxean dagoela 2025eko azarotik: “Uste dut zazpi urtez biztanle bakarra izan dela. Lehen beste gizon bat zegoen, baina zendu zenean bakarrik geratu zen. Osabarengatik balitz herrian jarraituko luke, baina horrek asko zailtzen du zaintza”. Gainerako adoaindarrek bigarren etxetzat dute herria. Batez ere asteburuetan edota jai egunetan joaten dira.
Perotx proiektuko kideek hasieratik oso gogoan izan dituzte bizilagunak, eta etengabe ibili dira harremanean zer egiten ari diren azaltzeko. Martinezen ustez, bizilagunekin “garden” jokatzeak eta beharrak kontuan hartzeak harremana erraztu du: “Uste dut jendeak eskertzen duela, eta asko oso ilusionatuta daude. Funtsean, herria maite duen jendeak bizirik ikusi nahi du herria”. Redin, esate baterako, “oso kontent” dago proiektuarekin: “Oso ongi iruditzen zait jendea herrira etortzea eta jendeak herria okupatzea. Bikaina da herrian eta bailaran ilusioa pizten duten proiektuak sortzea. Oso ausarta iruditzen zait”.
“Bikaina da herrian eta bailaran ilusioa pizten duten proiektuak sortzea. Oso ausarta iruditzen zait”
TERE REDIN AYECHU
Pena “handia” ematen dio herriko eta bailarako etxeak hutsik ikusteak, baina ilusio txiki bat ere badauka, lehen hutsik zeuden etxe batzuk birgaituta eta egun okupatuta daudelako. 1949an jaio zen Redin, eta 14 urte bete arte herrian bizi izan zen. Egun, Iruñerrian bizi da: “17 urte nituenean ama alargun geratu zen, eta herrira itzultzea erabaki nuen. Garai horretan etxe guztiak okupatu zeuden; lau edo bost etxe izanen ziren. Oinordekorik ez zuten pare bat familia zeuden, eta zendu zirenean hutsik geratu ziren etxeak”. 1990eko hamarkadaren bueltan kokatzen du hori.
Redinek ez du harremanik galdu herriarekin, eta iruditzen zaio asko aldatu dela bizimodua. Alde batetik, gaur egungo bizimodua “askoz indibidualistagoa” dela sentitzen du: “Normalean bakoitza bere etxean egoten da. Tarteka norbaitekin topatzen zara, baina ez dago elkarterik jendea biltzeko”. Gaineratu du baliabideak asko aldatu direla, eta aitak herria horrela ikusiko balu ez lukeela sinetsiko: “Lehen errota bati esker neguan argindarra zegoen etxeetan, baina bestela ez zegoen. Etxeetan ez zegoen urik, eta arropa garbitzeko ama eta herriko emakume guztiak errekara jaisten ziren. Medikua etortzeko zeozer oso larria gertatu behar zen. Oso bizitza gogorra zen. Aldi berean, familien artean elkar laguntzen zuten”.
Ohiturak berreskuratzen
Herri guztien artean, Irurozki da biztanle gehien dituena, 40 inguru. Han dago udaletxea. Edurne Ibañez 1979an sortu zen Iruñean, baina hamabost urte baino gehiago daramatza herrian bizitzen. Bikotekidea Irurozkikoa da, eta 5 eta 9 urteko bi haur dituzte: “Herrian 9 urte dituen beste haur bat dago. Hurrengoak 11 urte gehiago ditu. Jaiotzen gaia oso gaizki dago, ez du ematen momentuz haur gehiago jaioko denik”. 25 eta 30 urte arteko gazteak daude, baina normalean asteburuetan joaten dira, eta biztanleria oro har heldua edo zaharra da.
Abeltzaintza eta nekazaritzan aritu dira bereziki lanean bailarakoak, baina egun horretarako aukera “gutxi” daudela dio Ibañezek. Gehienek kanpoan egiten dute lan. Ibañez moda eta jantzi eszenikoen diseinatzailea da. Herrian bertan dauka lantokia: “Nire lana edonon egin daiteke, baina egia da herrian zenbait zailtasun daudela. Adibidez, estaldura eta Internet konexioa ez dira batere onak eta ni ere mugitzen naizen arren, bezeroak herriraino etorri behar izaten dira. Aldi berean, herrietako etxeak handiak direnez, lantegia jartzeko aukera gehiago ditut. Beste leku batean ezingo nuke lan egiteko dudan erosotasuna izan”.
25 urte baino gehiago daramatza diseinatzaile lanetan, eta material birziklatuarekin egiten du lan. Batez ere operetarako eta antzezlanetarako jantziak egiten ditu, eta barkaka lan egiten du: “Oso lan berezia da, oso pertsonala eta oso proiektu handiak dira. Ez dira beste norbaitek erraz laguntzeko moduko lanak”. Hasieran, kosta egin zitzaion herrian lur hartzea, baina poliki-poliki bere lekua egin du eta herrian bizitzeak txikitako esentziarekin konektatzen lagundu dio.
Iruditzen zaio kultura sustatzea tresna baliagarria izan daitekeela herria eta bailara biziberritzeko. Horren baitan kokatzen du berriki ospatu duten San Gregorio eguna eta Usotxa sorginaren kondaira. “San Gregorio eguna duela urte pila bat egiten zen jaia zen. Jaunartzea egitea tokatzen zitzaion haurra gotzainez jantzi, eta gainerako haurrekin etxez etxe joaten ziren janari eske. Ostean, askaria egiten zuten. Tradizio hori galdu zen, eta duela hogei urte inguru herriko gazteek berreskuratu zuten”, kontatu du. Jatorrizko jantziak berrehun urte inguru ditu, baina herrian ez zegoenez jantziaren neurriko haurrik, Cristina Migueliz irurozkiarrak helduentzako traje bat sortu zuen tradizioarekin jarraitu ahal izateko.
“Oso zaila da horrelako herrietara jendea etortzea; hala ere, horrelako jarduera kulturalekin herriak aktibatu daitezke”
EDURNE IBAÑEZ
Iaz bailarak beste urrats bat gehiago eman zuen kulturaren biziberritzean, Elkoatz herriko Santi Iriguibel Larreak Usotxa sorgina gogora ekartzeko ekimena abiarazi zuenean. Ahoz aho transmititu den kondairaren arabera, Usotxa emakumea Imirizaldun bizi zen, eta gauetan katu beltz baten forma hartzen zuenez, herritik bota zuten. 2026ko otsailean San Gregorio eguna ospatu, eta Usotxaren deia antzezlana taularatu zuten. Urraul Goitiko Udalak eta Nafarroako Gobernuak lagunduta, memoria berreskuratzeko tailerrak, hitzaldiak, antzezlana eta erakustaldi bat egin dituzte. Modu horretan, bi ohiturak uztartu dituzte.
Ibañezek tailerreko ateak zabaldu ditu antzezlanerako jantziak bizilagunekin sortzeko. Jantzigintza ikastaroak “izugarrizko harrera” izan duela nabarmendu du: “Beste batzuetan ireki izan dut lantegia jendeak ikusteko zer egiten dudan, baina makinak erabiltzeko eta prozesuan hasieratik parte hartzeko aukera duten lehenengo aldia izan da. Oso polita izan da”. Helburuetako bat belaunaldien arteko harremanak sustatzea zen, eta sentitzen du xedea bete dutela. Uste du horrelako jarduerak “oso aberasgarriak” direla, bailararentzat erreferentziazko egun bihurtzen direlako: “Oso zaila da horrelako herrietara jendea etortzea; hala ere, horrelako jarduera kulturalekin herriak aktibatu daitezke”.
Hortaz, halako ekimenak nolabaiteko itxaropen izpiak dira Urraul Goitiko biztanle eta agenteentzat, baina uste dute “egiturazko neurriak” hartu behar direla. Izan ere, adabakiak besterik ez direla uste du Cederna Garalur elkarteko garapen agentea den Garciak: “Neurri sakonak behar dira, bestela aspirinekin tratatzen ari gara minbizia”.