Semearen diagnostikoari esker, heldutan jakin du Nacho Ruiz Errok (Iruñea, 1978) arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN) duela. Kritiko agertu da gaia banalizatzen duten pertsonekin eta sare sozialetako mezuekin. Zalantzak izatekotan, aditu batengana jotzea gomendatu du. Ruizen kasuan, Nafarroako ADHI elkartea babesleku bat izan da. Aurten, helduen talde bat osatu dute gaiaz mintzatzeko.
Jatorri neurobiologikoa duen jokabide nahasmendu bat da. Haurtzaroan agertzen da eta iraunkorra izateko joera dauka. Hiru ezaugarri nagusi ditu: arreta falta, hiperaktibitatea eta inpultsibitatea. Hau da, arretari eusteko zailtasuna. Kosta egiten zaie informazio garrantzitsua hautatzea, eta erraz distraitzen dira estimulu hutsalekin. Mugimendu edota hitz jarduera handia, eta jokabidea inhibitzeko eta mugimenduak eta emozioak kontrolatzeko zailtasunak izan ditzakete”. Hitz horiekin deskribatzen du Nafarroako ADHI elkarteak arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua. Elkartea 1998an sortu zen, eta aipatu nahasmendua aztertzea eta tresnak lantzea du helburu. Nacho Ruiz Errori zalantza ugari argitu dizkio elkarteak.
Semearengatik hurbildu zen lehenengo aldiz elkartera, sumatzen zutelako kosta egiten zitzaiola arreta mantentzea eta oinarrizko gauza batzuk ulertzea. Batez ere hizkuntzari eta matematikari lotutako kontuekin zituen zailtasunak. Hasieran heldugabetasuna zela uste zuten, baina pandemian, etxean ikasi behar izan zutenean, ikusi zuten faktore gehiago zeudela: “Lehenengo egunetan oso eramangaitza zen ageriko gauzak ez zituelako ulertzen. Asko estresatu eta urduritu nintzen, eta egun batean haserretu egin nintzen. Azkenean oihu egin nion, eta negarrez hasi zen. Orduan, txikitako flashback bat etorri zitzaidan, eta oroitu nintzen esaten zidatela ez nuela kasurik egiten, ergela nintzela eta horrelakoak. Komunera joan, negar egin, lasaitu, eta barkamena eskatu nion”.
“Kontu handiz ibili behar da Instagramen eta horrelakoetan dagoen informazioarekin. Esaten dizute lagunduko dizutela, baina ez dute deus egiten debalde”
Hori gertatuta gauzak beste modu batera ikasteko bideak topatu dituzte elkarrekin; hala nola abako batekin edota eragiketa matematikoak ulertzeko marrazkiak eginez. “Bisualagoak diren gauzak hobeto ulertzen ditu. Besteei lagungarri zaiena guretzat ez denez, gure formulak aurkitu behar ditugu”, esan digu. Gerora jakin du haurrarekin lantzen zituen teknikak berak haurtzaroan inkontzienteki garatutako tresnak direla. Lagun batek gomendatuta ADHI elkartera joan ziren, eta bertan diagnostikoa jaso zuten. “Elkartean hasi denetik aldaketa ikaragarria da", dio. “Dena gainditzera pasa da”.
Haurraren psikologoak ADHN detektatzeko egiten dituzten testak erakutsi zizkion Ruizi, eta "tranpa" guztietan erori zen. Behin haurra bideratuta, serio egin zituen zenbait test, eta izena jarri zion aspaldi zeukan susmoari. Azpimarratu du oso garrantzitsua dela “benetan adituak" diren profesionalengana jotzea: “Kontu handiz ibili behar da Instagramen eta horrelakoetan dagoen informazioarekin. Esaten dizute lagunduko dizutela, baina ez dute deus egiten debalde. Dirua eta atsegin ematea bilatzen dute”. Gaineratu du azaleko mezu eta estereotipo asko zabaltzen direla.
Diagnostikoa jaso zuenean “liberazioa” sentitu zuen Ruizek. Aldi berean, dolu prozesu bat ere izan da: “Ez zaio mundu guztiari gertatzen, nire kasuan, berehala depresio sakonean erori nintzen. Nire buruari galdetzen nion lehenago jakin izan banu zer-nolako bizitza izanen nukeen”. Psikiatra baten laguntzaz zer behar duen identifikatzen joan da, eta ikusi du ikasteko gogoa duela. Horregatik, psikologia ikasten ari da. “Terapiak ere lagundu dit ulertzen gurasoek ahal zutena egin zutela zeukaten informazioarekin”, dio.
“Despistatua”, “ahazkorra”, “alferra”, “ergela”, “berantiarra”, “lotsagabea” eta “barregarria”. Horiek dira maiz arreta-defizitaren nahasmendua edota arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua dituzten pertsonei lotzen zaizkien adjektiboak. Horregatik, Ruizek askotan ez du partekatzen bere esperientzia: “Jendeak ez du ulertzen gure adimenak motibazioagatik funtzionatzen duela. Jendearentzat edo ergela zara edo azkarra. Nire kasuan, gustuko nituen ikasgaietan ongi moldatzen nintzen, biologian adibidez bikain ateratzen nuen. Aldiz, hizkuntzekin eta matematikarekin zerikusia dutenekin, zero”.
ADHI elkartean ADHN duten pertsona helduentzako talde bat sortu dute. Kezkak eta esperientziak partekatzeko espazioa izatea nahi dute. “Geure buruari galdetzen diogu zergatik iritsi garen taldera, eta nolabait, nork bere tresna propioak aurkitu dituelako da”, nabarmendu du. Izan ere, ADHN erregulazio faltarekin eta dopamina-maila txikiagoekin lotuta dago. Dopamina funtsezko neurotransmisorea da motibaziorako, arretarako eta bulkadak kontrolatzeko.
Ruizek, jakin gabe, borroka arteen bidez lortzen zuen dopamina. Horrez gain, eguna egituratzeko, ardurak hartzeko eta ongi antolatzeko tresnak lantzen zituen. Eskolara joan aurretik eta arratsaldetan joaten zen entrenatzera: “Eremu kontrolatu batean aurkitu nuen dopamina. Beste asko, dopamina bilatu nahian, hil egin dira beren buruaz beste eginda edo gaindosiagatik, edo kartzelan daude ”. Horregatik, uste du oso garrantzitsua dela inguru egonkor bat izatea, eta ulertua sentitzea.
"Burmuina. Oso desberdina da lehen egin nezakeena, eta orain egin dezakedana. 125 zentimetro kubikoko motor batekin ibiltzera ohituta nengoen, eta terapiarekin eta medikazioarekin 600 zentimetro kubikoko motorra izango banu bezala da. Burmuin zabalago bat deskubritu dut".