‘Marriage Story’ edo inkomunikazioa

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Marriage story (Bikote ezkondu baten istorioa)
Noah Baumbach (2019)

Zer: Filma
Herrialdea: AEB
Iraupena: 136 minutu
Non ikusi: Netflix

---------------------------------------

Hona hemen ezkontzen inguruko zenbait datu: ezkontzak ez ziren beti gaur egungo arrazoiengatik egiten, Antzinaroan tratu ekonomiko edo sozialak ziren; amodiozko ezkontzak Erdi Arotik aurrera hasi ziren hedatzen; eraztuna laugarren atzamarrean jartzearen tradizioa erromatarrengandik datorkigu; eraztunetan diamanteak izatearen sinbologia berriz, De Beers enpresaren marketing kanpainen ondorio da; Espainiako Estatuan 2024an 82.991 dibortzio izan ziren; batez beste 16,4 urteren ostean, ezkonduen %30 eta %40 bitartean dibortziatu zen. Hirutik bat.

Arin esaten da, hirutik bat. Perspektiban ikusteko, kuadrilla baten zortzi pertsona badaude, estatistikoki hiru dibortziatuta daude edo dibortziorako bidean doaz. Egiari zor, ez da drama bat; desgogora egoteko, hobeto ez egon. Baina, bestalde, pixka bat bada drama. Azken batean, dibortzio bat porrot istorio bat izan ohi da, izan zitekeenaren istorio bat.

Marriage Story ere antzeko zeozer da. Baumbach ez da amodioan ardazten, amodio istorio tradizionalean ez behintzat. Hasierako tximeletek sabeletik hegan egiten dutenean, urak baretzen direnean, eta elkarbizitzak plan eferbeszenteei lekua jaten dienean gertatu ohi denaz mintzoko zaigu pelikula. Pasioz hasi eta abokatu artean amaitzen diren kontu horietako batez.

Baina pelikula ez da drama judiziala; ez digu tribunal artifizial baten aurrean seme-alaben kustodiaren bila ematen diren diskurtso melodramatiko horietako bat botako. Horren ordez, bi pertsona agertuko zaizkigu pantailan, beren gauza on eta txarrekin. Ez dira perfektuak eta argi azaltzen digu hori.

Filmak maisutza handiz eramango gaitu traman parte hartzera; batzuetan baten alde egongo gara, besteetan bestea da ona eta aurrekoa txarra. Konturatu orduko txanpon beraren aurpegiari eta ifrentzuari begira egongo gara bi mundu desberdinetakoak balira legez. Eta beharbada dibortzio guztien egia bakarra da egia absoluturik ez dagoela, iritzi kontrajarriak baino ez.

Zapore gazi-gozoa uzten du Marriage Story-k, erlatibismo horrek frustrazioa sortzen du. Izan zitekeenaren ideia idealizatua sartzen da buruan. Momentu hartan buruan zuen hori esan izan balu, gelara sartu izan balitz, pentsatzen zutena zintzotasunez azaldu izan balute… Agian ez lirateke horrela egongo . 

Egia da, agian, komunikazio hobe batek 82.991 dibortzioetako asko ekidingo lituzkeela. Eta zer? Ezkon bizitza ez da arrakasta dibortzioa porrota ez den era berean, izan zitekeena ez da beti izango dena baino hobea.


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...