Mamuen kolonizazioa

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bering itsasartea, duela 10.000 urte inguru. Australasiatik zetorren populazio “mamu” bat Amerikan sartu zen. Handik milurte batera, duela 9.000 urte, bigarren uholde batean hedatu ziren  kolonizatzaile haiek. Baina adituak gehien harritu dituena leinu “mamu” haren hirugarren eta azken uholdea izan zen; soilik duela 1.300 urte gertatu zen migrazioa.

Adituek populazio “mamua” esaten diete halakoei, inolako arrasto material edo arkeologikorik uzten ez dutelako: ez hezurrik, ez tresnarik. Soilik ondorengoen DNAn topatu daiteke haien arrastoa.

Eta, kasu honetan, IBEko (Espainiako Biologia Ebolutiboko Institutua) ikerlariek, Amerikako indigenen 199 genoma aztertu ondoren, orain arte erregistratu gabeko milioi bat aldaera genetiko baino gehiago berregin dituzte. Eta aurkitu berri duten leinu horri Ypykuéra izena jarri diote –“arbaso” esan nahi du tupi hizkuntzan–.

Ikerlanak agerian utzi du, halaber, herri indigenen aniztasun genetikoa askoz txikiagoa dela gaur egun jatorrizkoarekin alderatuta; europar kolonizazioak eragin zuen hori, Amerikako populazioaren %90arekin batera, aniztasun hori suntsitu zutelako

Populazio horrek, besteak beste, lotura genetikoak ditu Ginea Berriko eta Australiako taldeekin, eta horregatik diote australasian duela jatorria. Eta, hasieran esan bezala, Bering itsasartetik sartu direla dio hipotesi nagusiak.  

Ypykuéra herriaren azken migrazioa, hain “berria” izanda (1.300 urte), harrigarria da inolako arrasto materialik ez utzi izana. Baina arrasto genetikoak adierazten du Mesoamerikatik Hego Amerikara eta Karibera hedatu zirela, baina ez zela bat-bateko kolonizazioa izan. Ez zuen, ustez behintzat, gertaera edo egoera jakin batek eragin. Ypykuéra populazioa gradualki mugitzen eta tokiko populazioetan naturalki asimilatzen joan zen.

Eta arrasto arkeologikorik utzi ez izanak ez du esan nahi ekarpenik egin ez zutenik. Nature aldizkarian argitaratutako azterketa genetikoak hainbat aldaera aurkitu ditu, erantzun immunitarioari, metabolismo energetikoari, ugalkortasunari eta muturreko baldintzetara egokitzeari lotutakoak. Bestela esanda, aniztasun genetikoak Amazonasko oihanean edo Andeetako altitudean bizirauteko eta aurrera egiteko aukera eman zien amerikarrei.

Baina ikerlanak agerian utzi du, halaber, herri indigenen aniztasun genetikoa askoz txikiagoa dela gaur egun jatorrizkoarekin alderatuta; europar kolonizazioak eragin zuen hori, Amerikako populazioaren %90arekin batera, aniztasun hori suntsitu zutelako.
Eta, ziurrenik, horrexegatik da hain harrigarria europarrontzat Ypykuéraren berri izatea, europarron kolonizazio kontzeptua –eta praktika– herri mamu horrena baino askoz bortitzagoa eta suntsitzaileagoa delako.  


Historia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.