Irango gatazkak borrokarako sistema asko zaharkituta utzi ditu. Lehenbizikoz erabili ditu Israelek mertzenario digitalak eta Bitcoina babes-ezkutu gisa. Halere, biktima nagusiak emakumeak dira, bi aldeen patriarkatua pairatzen baitute.
Gure inguruko altzari guztiak erori ziren. Egongelako leihoko beira mila zatitan airean sakabanatu zen. Eztanda zarata izugarri baten ondoren... isiltasuna”, dio Mohsen Jafari ingeniariak. Ameriketako Estatu Batuek 110 ume hil zituen eskolatik 300 metrotara bizi da familiarekin. “Ikastetxe inguruetan beti dago umeen zarata. Jolas orduan zarata handiagoa da. Klase barruan badaude, zurrumurrua dabil airean. Umeen soinu hori beti dago. Eskola batek beti du soinua. Bada, AEBek misila bota zutenean soinu hori desagertu eta isilik geratu zen auzoa. Ondoren, anbulantziak, haurtxoen bila etorritako gurasoen garrasiak, estatubatuarren aurkako esloganak, eta abar. Ehunka ume hiltzeaz gain, estatubatuarren kontrako haserrea eta gorrotoa areagotu zituen hilketa masibo horrek. Erregimenaren aurka zeuden asko, erregimena defendatzera pasatu ziren. ‘Deabru handia borrokatu deabru txikia maitatuz’ esaten diogu hemen horri”, dio Jafarik.
Aiatolen erregimenak gatazka hasi eta gutxira Internet sarea eten zuen populazioaren gehiengoarentzat. Ezagutza teknikoak behar dira Iran barrutik jakiteko nazioartean zer gertatzen ari den. VPN, Tor sarea eta abar erabili behar izaten dituzte aktibistek mezuak eta informazioa helarazteko. Baina etete hori ez da erregimenak bere biztanleen aurkako zentsura areagotzeko erabaki bat soilik, arma zibernetikoak ekiditeko erabakia ere izan da. XXI. mendeko gatazketan eraso horiek ere aurreikusi behar dira eta Internet bidez egindakoak hasi ziren Washingtonek lehenbiziko bonba jaurti baino lehenago. Ez dute biktima ikusgarririk sortzen, ez behintzat telebistan agertzeko modukoak, baina hackerren eraso batzuek ehunka lehergailuk egin dezaketen kaltea baino handiagoa egin dezakete.
TeamPCP eta Israel mundu mailako eraso baten atzean
Aski jakina da estatu sionistak bere armada zibernetiko propioa duela eta Gazaren eta Zisjordaniaren aurka ari diren soldaduei bezainbesteko garrantzia ematen diela. Denok dakigu Pegasus espioitzarako softwareak presidente eta diplomatiko asko zelatatu dituela. Tel Avivek enpresa pribatua zela esan bazuen ere, argi geratu zen akziodun nagusienetakoa gobernua bera zela. Nekez jakin liteke eraso zibernetiko batek zer triskantza sortu dituen aldeetako batek ezer esaten ez badu, sentitu bai baina ikusi ezin diren erasoak baitira.
Gerra mota berri honetan, ziber-mertzenarioak ere agertu dira. Bandera gabeko soldaduak dira, estatu edo talde baten helburuak lortzeko kontratatutakoak. Kasu honetan, sarea erabiliz egindako erasoak estatu batekin identifikatzen zaila da, hots, Genevako arauen gainetik dabiltzan soldaduak dira. Gaizkile talde horietako bat TeamPCP da. Orain arte, Bitcoin iruzurretan eta sare ilunean –Dark Web deiturikoa– ibili dira. Halere, haien zerbitzuen kontratazioa estatuei eskaintzen hasi dira. Estaturik gabeko talde horrek onartu du sare iluneko foroetan Iranen aurkako erasoa egin zuela gatazka hasi aurretik, Israelek aginduta. Mundu mailan hedatu zuten birus baten bitartez, sarean zeuden ia ordenagailu guztiak infektatuta utzi zituzten. Baina Iranetik kanpo gutxi batzuek pairatu zuten. Zergatik? Zure mugikorrean, ordenagailuan edota zerbitzarian Irango ordu ofiziala eta hizkuntza lehenetsia persiera izanez gero, birusak memoria xahutuko zizun. Testu hau idatzi duen kazetaria otsaileko datarekin eta persieraz zegoen softwarea instalatzen saiatu zen eta ordenagailuak –saretik kanpo jarritako frogetarako makina birtual bat– errorea eman zuen. Enpresa handiak, Microsoft, Apple, Adobe eta enparauak, segituan hasi ziren konpontzen publiko egin ez zen birus hori, kanpoan bizi diren eta ordenagailua persieraz duten erabiltzaileak ere kutsatu baitzituen. Horrek esan nahi du Irango Gobernuaren aurkako oposizioak ere sufritu zuela erasoa. Egun, eguneraketei esker arazoa ekidin da.
Birusak mutazio ahalmena eta sagarroia lez automatikoki hedatzeko ahalmena ere baditu. Gaur egun erabat kontrolatuta badago ere, Irango instalazio askok pairatu zuten erasoa. Horregatik, egin beharreko galdera zera da, nork agindu zion TeamPCP gaizkile zibernetiko taldeari horrelako ekintza bat egiteko? Instalazio kaltetuenak izan ziren zentral nuklearrak, energia zentralak, gasa eta erregaia fintzeko industria eta telekomunikazioak. Hain justu, erasotzaile batek aurkariari hasieratik suntsitu nahiko lizkiokeenak.
Iranek milaka Bitcoin meategi ditu –bere energia prezio baxua dela eta–, horietako bat bera ere ez zen erasotua izan gure ikerketak berretsi duenez. Zergatia jakiteko ez dago horren urrutira joan beharrik. Erasotzaileak, hots, AEB eta Israel, dira mundu mailan Bitcoin merkatuan aktibo (txanpon) gehien dituztenak. Txanpon horiek pilatzen dituzten tokiei eraso eginez gero, Silicon Valleyko oligarkak, Israelgo ministro eta gobernuburu askok eta Washingtoneko beste hainbeste politikarik bere kripto-inbertsioak ia baliogabetuta ikusiko lituzkete, eta kapitalismoak ez dio kapitalismoari eraso egin nahi inoiz.
Bitcoinen kartera birtualak aztertu dituzten ikertzaile askok kalkulua egin dute eta Irango Gobernuak 17 bilioi euro inguru duela esan dute. Brian Krebs adituaren esanetan, Teheranek badaki momentu honetan ezin duela txanpon kriptografikorik erabili armak edo beste edozer erosteko, baina “AEBen erdian leherrarazitako bonba batek baino min handiagoa egingo luke bat-batean aktibo horiek guztiak merkaturatuko balitu, eta Iranen aurka ari direnek ez dute beren inbertsioen balioaren %60 galdu nahi”. Iranek Bitcoin meategirik handiena Kharg-eko irlan zuela jakitean, Donald Trumpek berak agindu zion armadari hori ez bonbardatzeko, ordubete lehenago kontrakoa esan bazuen ere.
Iraneko ezkerra zatituta
Reza Karimi Iran iparraldean bizi da, ez du bere kokalekua esan nahi izan segurtasun neurriengatik. Legez kanpo dagoen Alderdi Komunistako kidea da eta erregimenak aspaldidanik nahi du espetxeratu. “Alderdiko kide asko kurduak dira, iparraldean babes handiagoa dugu”, dio Karimik Signal-etik –enkriptatuta dagoen Whatsapp moduko aplikazio bat–. “Ezkerra nahasi eta zatitu du estatubatuarren eta Israelen erasoak. Komitean asko erasoen alde agertu dira, baina beste batzuk, ni tarteko, erabat aurka. Badakigu Washingtonen politika nolakoa den. Ezin gara fidatu, ez du sekula bere hitza bete epe ertain eta luzera”, adierazi dio ingelesez ARGIAri politikari irandarrak. “Pahlavitarren dinastia berrezarri nahi dute. Ez dute benetako demokrazia nahi, txotxongiloak nahi dituzte”, gehitu du.
Iranek ezkerreko mugimendu indartsua izan zuen Reza Pahlavi xah edo enperadorearen garaian. Khomeinik kapitalizatu zuen matxinadaren partaide asko eta asko komunista eta anarkistak ziren. Gaur egun batzuk zein besteak legez kanpo dira, xah ohiaren garaian bezala, baina estruktura bat mantentzen dute Iranen zein kanpoan. Reza Karimi barnetik borrokan dirauen partisanoa da. “Eztabaida asko dauzkagu atzerriko komunista taldeekin. Ikusi dugu nola gehienbat Europatik datozen mezuek dioten erregimenaren alde egin behar dugula, askok agindu ere egin nahi digute. Mugimendu komunista oso mugimendu eurozentrista da eta ez dituzte gure espazioa eta egoera ulertzen, ezta saiakerarik egiten ere. Espainiako Alderdi Komunistako kide batek eskatu zigun erregimenaren alde armak hartzea AEBei aurka egiteko. Oso mentalitate inperialista da hori”, dio haserre Karimik. “Zatituta gaude, baina guk erabakiko dugu zer egin. Ez dugu kanpotik datorren agindurik beteko. Orain arte ez dira gutaz oroitu”.
Emakumea bi aldiz biktima
Mahzad Elyassi antropologian masterra duen emakume persiarra da. Hijab-aren protestak gisa ezagunak egin ziren mobilizazioetan ibilitakoa da. Protesta jendetsuak izan ziren jakin zenean Irango Moralaren poliziek hijab-a ez jartzeagatik Mahsa Amini komisarian hil zutela. Gaur egun, Europar Batasunean bizi da Elyassi, bere herrialdetik ihes egin ondoren.
“Erregimenaren jarraitzaileak biztanleria osoaren %10-15 direla esango nuke. Reza Pahlavi xah ohiaren semearen jarraitzaileak bezala. Oso jende zaratatsua dira bi alderditakoak, baina faxista hutsak biak ere”, dio telefonoz Elyassik. “Hedabideen kontrola dute bi taldeek. Pahlaviren semea jarri nahi dutenek Europan eta AEBetan egiten dituzten protestetan Israelen bandera eramaten dute. Konplexu handiko jendea dira. Zuriak eta mendebaldarrak direla sinetsi nahi dute eta horretarako eskuin muturreko jarrerak hartzen dituzte, oso arrazistak dira, palestinarren aurka ere egiten dute”. Elyassik aipatzen dituen talde horiek eskuin muturreko alderdi politikoak diruz lagundu dituzte. Vox alderdi faxistak Irango Erresistentziaren Kontseilu Nagusia izena duen erbesteratutako taldearen dirulaguntza jaso zuen. Talde horrek marxismo faltsu baten eta islamismo xiitaren arteko uztarketa egiten duela dio, baina funtsean sekta ultra-eskuindar gisa funtzionatzen du. Iran barruan traidoretzat hartuak dira erregimenetik hasita talde ezkertiarretaraino, Saddam Husseinen alde egin baitzuten Iran-Irak gatazkan. Gaur egun, aldiz, munduko talde ultra-eskuindar ia guztiek Irango Gobernua osatzeko alderdi bakartzat hartzen dute, Espainiako Vox faxistak tarteko.
“Talde ezkertiar askok, AEBen eta Israelen erasoak direla eta, erregimenaren aldeko posizioa hartu dute oraingoz. Nire etsaiaren etsaiak nire lagunak direla dioen usteari jarraituta”, dio Elyassik. “Talde ezkertiar horiek ez dute erregimena babesten, baina kasu honetan deabruak eraso egin digu (AEB eta Israelek). Irango jendeak bizitza sinplea nahi du, balizko alternatiba baten zain dago, baina momentuz bi aukera baino ez dauzkagu, erbestetik lagundutakoak: aiatola eta pahlavitarrak. Biak dira oso sistema patriarkalak, bietan galtzen dute emakumeek. Patriarkatua da Irango emakumeen etsai nagusia. Gizarteari eskaintzen zaizkion aukera denek dute muinean sistema matxista. Irango emakumeak patriarkatuaren aurkako borrokan aitzindari eta eredu gara. Modu ez biolentoan egin dugu borroka, hildako asko jasan baditugu ere. Badakigu aukera biolento guztiek erregimena indartzen dutela eta biolentzia horren zain daude sisteman. Azken erasoak ere horixe erakusten du, biolentzia erabiltzeak indartu egiten dituela boterean daudenak. Boterearekin kritikoak diren filosofoak ere oso ahulak izan dira emakumeek erakutsitako borroka ez-biolentoarekin. Oso nazio banandua da Iran, iparraldean kurduei esker eta Abdullah Öcalan-en ideiengatik, emakumeek berdintasuna dute, baina gatazka honek orokorrean emakumeak bi aldiz biktimizatzen ditu. Aurrena gatazka beragatik eta bigarrena, alternatiba bakartzat patriarkatua aurkezten zaigulako (Irango emakumeontzat), baina horren aurka borrokatzen jarraituko dugu”.