Gure utopiak

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Adi, irakurle! Maiatzaren 30ean Euskal Herriko kafe eta pote filosofikoen lehenengo topaketa mundiala (baina kokatua) ospatuko dugu. Bazatoz? Utopien inguruan ariko gara Aramaion, Arabako iparraldean. Agian ez da leku bereziki turistikoa, baina, azkenaldian, utopiak destino turistiko bilakatu direla ematen du. Horra hor bidaia agentziek iradokitako irla, buffet librea eta “guztia barne”, nola ez!

Zuk non kokatuko zenuke ez-leku-on hori? Horixe baita utopia hitzaren jatorria: batetik, topia-k tokiari egiten dio erreferentzia; bestetik, u aurrizkian, eu (on) eta ou (ez) hitzen arteko jolasa dago. Izan ere, biak berdin ahoskatzen dira grezieraz, eta entzulearen esku utzi zuen interpretazioa Tomas Moro-k, hitzaren asmatzaileak. Beraz, eutopiaz (leku-onaz) ala outopiaz (ez-lekuaz) ariko gara? Zein ote da bien arteko distantzia?

Patxadaz hitz egin dezagun, abiaduraren mundu honetan; argudia dezagun, emotikonoak lehenesten dituen gizartean

Horrelakoak aipatzen ditu Alba Garmendiak, besteak beste, Etxeko leihoak unibertsora: utopiak pentsatzeko marko bat saiakera ederrean. Berak egingo du kafe-pote filosofikoaren sarrera. Nondik abiatuko ote da? Utopiak, esan bezala, ekibokoak baitira, interpretazioetara irekiak. Are gehiago, nire utopia beste norbaiten amesgaiztoa izan daiteke. Azken batez, ezker-eskuin bizi dira utopiak, ideologia guztietan. “Ez al da kontserbadoreek kontserbatu nahi duten betiko balioen zera hori kimera utopiko bat?”, galdetzen du Garmendiak.

Utopiak ez dira paradisuak edo arkadia magikoak: eztabaida eremuak dira. Utopia eta errazkeria antonimoak izango dituen hiztegi bat aldarrikatzen du idazleak. Eztabaida dezagun, beraz, utopien inguruan. Patxadaz hitz egin dezagun, abiaduraren mundu honetan; argudia dezagun, emotikonoak lehenesten dituen gizartean; elkarri entzun, arreta bahitzen ari den bizimodu digitalean; gure gorputzak jarri, desmaterializazioaren garaian… elkar gaitezen Arabako herri txiki eta polit batean, bakardade sentimendua sekula baino handiagoa den une historikoan. 

Konturatzen naiz gizarte honen kritika txiki bat egiteko aprobetxatu dudala, bide batez. Ez al daude, ordea, utopiak ere kritikari lotuak? Hori bai, gauza batzuk problematizatu ditut eta, Garmendiaren idatzian aipatu bezala, esanguratsua izan ohi da zer problematizatzen den eta zer ez. Etortzeko parada eta gogoa baldin baduzu, “den” eta “ez den” horretaz aritzeko aukera izango dugu. Bidea, betiere, egiteko dago. Gizaberetxook, Joxe Azurmendik izendatu bezala, bizitzen jarraitzeko moduen bila ari gara, inperfektua eta bukatu gabea den mundu honetan. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Filosofia Kultura
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.