Enpatiaren mugak

DOM CAMPISTRON
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Enpatikoa agertzea da egungo agindu nagusia, bai jendartean, bai lan munduan. Jarrera psikologiko eta sozial hori honela definitu daiteke: norberak bestearekin identifikatzeko duen gaitasuna, besteak sentitzen duena sentitzeko gaitasuna. Suitzako HES-SO goi mailako eskolak argitaratzen duen Hémisphères aldizkariaren 29. zenbakian, 2025eko ekainean, Luciana Vaccaro zuzendariak dio enpatiak izan behar duela giza harremanen zimendua eta berrikuntza handien motorra izan daitekeela. Bere buruaz mintzatuz, esplikatzen du enpatian oinarritutako kudeaketak emaitza hobeak dituela, autoritarismoak baino.

Bizkitartean, mundua su eta gar ezartzen duten ero lanjerosek enpatia arbuiatzen dute. Vaccarok oroitarazten du Elon Muskek, 2025eko otsailean Joe Rogan-ekin ukandako elkarrizketa batean, enpatia “Mendebalean oinarrizko ahultasuna” dela adierazi duela. Indarkerian baizik sinesten ez duen Trumpek, berriz, joan den apirilaren 7an, iragarri du “zibilizazio bat hilen” zela, “sekula berriz ez pizteko”: publikoki zabaldu du bere genozidio asmoa eta goi mailako politikarien artean nehork ez du izugarrikeria horren adierazpena zigortzea aipatu ere egin. Horrelakorik libreki errangarria baldin bazaie, libreki gertagarria dela sinesten dute, dio Benoît Bréville-k, maiatzeko Le Monde Diplomatique-n zenbakian. Bestalde, delako “ahultasunik” ez erakustearren, Europa mendebaleko herrialdeek Ukraina laborategi gisa erabiltzen dutela azaldu du Thomas d’Istria kazetariak Le Monde egunkarian, joan den apirilaren 30ean: dirua eta laguntza teknikoa ematen diote, azken urteetan, inbasio errusiarrari kontra egiteko estakuruan, ekosistema militar erraldoia gara dezan, arma eta gerla estrategia berriak ekoitz ditzan. Hortaz, Ukraina bere gaitasun eta arma berriak esportatzen hasia da, Europa mendebaleko aliatuekiko “Drone Deals” programaren baitan.

Norbanakoak ezin du bere burua osoki bestearekin identifikatu, gure arteko harremanak funtsez politikoak direlako, nagusitasunez eta menpekotasunez josiak

Testuinguru horretan, enpatiak arlo politikora egin behar du jauzi. Hori dio Samah Karaki-k L’empathie est politique [Enpatia politikoa da] saiakeran: egiazki, norbanakoak ezin du hurkoaren sufrikarioa sentitu, ezin du bere burua osoki bestearekin identifikatu, gure arteko harremanak funtsez politikoak direlako, nagusitasunez eta menpekotasunez josiak. Bi humanoren arteko identifikazio osorik ez daiteke izan: deshumanizatze esparru bat geldituko da beti, haien artean, politikoki kudeatu behar dena.

Hari horretatik, Dominique Rabaté literatura irakasleak Limites de l’empathie [Enpatiaren mugak] liburu kritikoa argitaratu zuen 2025ean. Esplikatzen du gazte zelarik diskurtso marxistaren eraginez ikasi zuela testuez mesfidatzen eta distantzia kritikoa hartzen, beldur handia “alienatua” izatea zelako. Haatik, egun, eleberri baten pertsonaia batekin edo autore batekin osoki “identifikatzea” bilakatu da obra literario bat biziki baikorki baloratzeko irizpidea. Aldaketa hori, Rabaték lotzen du enpatikoa izan beharreko agindu sozial orokorrari. Baina ez ote da estimulagarriagoa pertsonaia batekin, narrazio batekin edo idazle batekin senti dezakegun enpatiaren mugak aztertzea? Nabarmentzea zerk egiten nauen ni, bestearen esperientziaren aldean? Azpimarratzea ene baitan senti ditzakedan erresistentziak, ezberdintasunak, berezitasunak? Ezen, dio Rabaték, horrela konturatuko ginateke gure arteko harremanak beti politikoak direla. Kontzientzia horrekin, beste gisa batez irudika genitzake jendartearen baitako loturak.

Hots, gizartean politika gehiago eta politikan enpatia gehiago: ez al da programa erakargarria? 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Gizartea
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.