Txernobylgo istripua: 40 urtetara, oraindik ere egia bilatu eta azaleratu beharra

  • 1986ko apirilaren 26ko 01:23ak ziren langile baten hutsegiteak Txernobylgo zentral nuklearreko laugarren erreaktorearen leherketa eragin zuenean. Inoizko istripu nuklear larriena izan zen. Eskerrak oraindik dauzkagula lekuko zenbait bizirik, beraien kontakizunei esker irudikatzeko hondamendiaren heina. Baina batez ere, eskerrak lekukotasun horiei, egia lehen lerrora ekartzeko ezinbestekoak direlako. Istripu nuklear horri dagokionez, lehen segundotik haste eta urte luzeetan zehar, desinformazioa nagusi izan da. Sobiertar Batasunean, bistan da, baita Mendebaldeko blokean ere. Pentsa, ofizialki, 54 hildako eragin zituen istripu nuklearrak; gaur egun badakigu ehunka mila heriotza eragin dituela. 40 urte pasa diren honetan, oraindik ez da egia osoa azaleratu.

1986 eta 1992 urteen artean 500.000 eta 1.000.000 langile aritu ziren istripuaren perimetroan konponketa eta kutsadura kentze lanetan. Babes-neurri gutirekin egon ziren bertan, lanean eta osasuna galtzen. Gehiengoa gaixotasunez hil da, besteak beste, minb
1986 eta 1992 urteen artean 500.000 eta 1.000.000 langile aritu ziren istripuaren perimetroan konponketa eta kutsadura kentze lanetan. Babes-neurri gutirekin egon ziren bertan, lanean eta osasuna galtzen. Gehiengoa gaixotasunez hil da, besteak beste, minbiziaz.IAEA agentzia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zerua su hartzen. Gauez genbiltzan arrantzan, eta leherketa ikusi genuen urrunera". Ondotik sirena hotsak, eta joan-etorrien zurrunbiloa. "Baina erran ziguten ez zela larria, kontua lasaituko zela. Ezer gertatu ez balitz bezala bizitzen segitu genuen, baina herriko kontseiluko buru izanik eskualdeko batzarretik jaso nuen alde egiteko deia. Dokumentu pertsonalak eta hiru egunetarako puskak hartzea erran ziguten". Txernobylgo zentral nuklearreko istripuaz mintzo da 90 urte hurbil dituen Sergui.

1986ko apirilaren 26a zen, eta ordu zehatza 01:23. Laugarren erreaktoreak su hartu eta hodei erradioaktiboa zabaldu zen inguru zabalera: 500 aldiz Hiroshimako bonba nuklearraren heina. Laugarren erreaktore horretan lanean zebilen Mykola Gorbachenkok ere ez du sekula ahantzi unea: "Lehenik harrabots itogarri bat. Hamabost segundotara kaosa: bigarren leherketa bat, anitzez bortitzagoa, guztia dardaratan, argia itzalita eta plafoitik errauts beltz-laranja erortzen. Hetsita zegoen atea tanpez errotik kendu eta ireki zen, txokearen eraginez, eta hor ulertu genuen zeozer ikaragarria gertatzen ari zela. Guztia ketan zen, lurruna zihoan denetatik, erreaktorea suntsituta zegoen eta bere lekuan argi erreaktibo bat ikusi zitekeen, zutabe argitsu bat". Berekin zebilen lankide bat lagundu beharrean, bizkar gainean hartu eta biak atera ziren bertatik. Laguna ordu batzuetara hil zen eta berak sei hilabete pasako zituen Moskuko ospitalean, irradiatu handien artatzeko zerbitzuan, eta ordutik berrogei urte pasa ditu bizirauten, ahal bezala minei aurre egiten. Zehaztasuna gehitzen dio France Info irratiko kazetariari: "Oraindik dut erredura besapean eta beste bat bizkarrean, lankidearen gorpuarekin kontaktuan egondako larru-guneetan".

"Txernobylgo istripu nuklearra"entzun eta jendeak badaki zertaz ari giren, badaki "historiako istripu nuklear larrienaz" ari garela. Baina irudikatu? Irudikatzen al dugu lau hitz horiek beraien baitan dakartena? Hotzikara ematen dute lekukotasunek, eta asaldura Sobietar Batasunak eta Mendebaldeak zabalduriko gezurrek, hain justu kaosa eta arriskuak ttipitzeko asmoz behin eta berriz errepikaturikoak. Euskaldunontzako desinformazio hurbilena istriputik lau egunetara jasotakoa izan zen, Frantziako Antenne 2 kate publikoko albistegian kazetaria bapatean meteorologo bihurtu zenekoa: "Depresio batek hartu du lekua Sardinian; han, haizeek erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan egiten dute bira. Zabalpen irradiaktiboak segituko balu, itxura guztien arabera, Ukrainatik xurgatutako hauts hori Italia, Jugoslavia eta Austriara itzuliko litzateke. Frantzian Azoreetako antizikloia hazi egin da, eguraldiak dio datorren ostiralera arte egonen dela, eta horrela benetako babes-hesia eskaintzeko indarra lukeela. Ekialdetik datozen perturbazio guztiak geldiarazten ditu. Baina kontuz, aurreikuspen horiek hiru egunetarako ezarrita daude, oraindik jakiteko dago zenbat denbora beharko den [Txernobylgo] sutea itzaltzeko". Frantziako Estatuko SCPRI Erradio ionizatzaileetatik babesteko zerbitzu nagusiak ere baieztatu zuen ofizialki: "Egoera kontrolpean dago, ez da egon erradioaktibitate emendiorik". 

Segurtasun perimetroa, 30 kilometro inguruan...

Biharamuneko 14:00etan hasiko zituzten zentral nuklearretik kilometro pare batera ziren herrien husteak eta maiatza hastapenean finkatuko zuten 30 kilometroko inguruan egoteko debekua –2.200 kilometro koadro Ukraina iparraldean eta 2.600 kilometro koadro Bielorrusia hegoaldean–. Lehen egunetan 116.000 pertsonek zuten urgentziaz beraien etxea –eta zekarren guztia– utzi, eta perimetro horren ingurukoak kontatuta, 350.000 dira orotara leku aldatu behar izan zutenak.

Nola ez, zentral nuklearraren ondoan bizi zirenek alde egin behar izan zuten. Orotara, 350.000 herritarrek lekuz aldatu behar izan zuten. Gaur egun oraindik segitzen du 30 kilometro inguruan egoteko debekuak. Argazkian, eskola abandonatu bat.

Hortik hurbil, bizia aitzina zihoan, desinformazioak edota isiltasunak lagunduta. Pentsa, Maiatzaren Leheneko desfilea burutu zuten inguruko hirietan, tartean, Txernobyldik ehun bat kilometroetara dagoen Kieven. Orduz geroztik eremuak itxita segitzen du, eta fauna basatiak berreskuratu ditu inguruak, giza zarataz urrun, baina zentral nuklearreko istripuaz ezer jakin gabe... Gizakiotara itzulita, zenbat hildako eragin zituen istripuak? Garaiko datu ofizialei segi 54 lagun, eta 2005eko Nazio Batuen Erakundearen txostenaren arabera "gehienez 4.000 pertsonen" heriotza eraginen luke 1986ko apirilaren 26ko dramak. 

Gezurrak jarraitzen du gaur egun ere. Ez da harrigarria gaur egungo gerra eta energia pseudo-berdearen testuingurua ikusita –batean zein bestean nuklearra aterabide gisa aurkezturik zaigulako–. Greenpeace GKEk galdetuta, 6O bat zientzialarik osatutako ikerketa batek berehala gezurtatuko zuen NBEren zifra: 1991 eta 2006 urteen artean 200.000 heriotza zenbatu zituzten Errusian, Bielorrusian eta Ukrainian. New Yorkeko Estatuko Zientzien Akademiak ere, ikerlari errusiar, bielorrusiar eta ukrainarren ikerketa batzuk batu eta zabaldu zituen 2009an: hildakoak 600.000 eta 900.000 artean lirateke.

Ikerketa independenteak 

Egoera ikusita, ikerle independente ausarten lana ezinbestekoa izan da hastapenetik. Guztiak ezin izendatu, eta oraingo bat aipatzearren hau: Kate Brown historialari amerikarra, besteak beste Manual for Survival : A Chernobyl Guide to the Future [Biziraupenerako eskuliburua: Txernobylgo etorkizunerako gida bat] liburuaren idazlea. Reporterre komunikabideari eskainitako elkarrizketan kontatzen du nolatan merkatuaren alde ere doan gezurraren iraunaraztea. Sasoi betean, milaka dabiltza Txernobyl inguruko oihanetako ahabiak biltzen, ondotik inguruko baita nazioarteko dendetan ere merkaturatzen dabiltzan saltzaile batzuei saltzeko. Bide bazterrean dituzte kamioiak, fruitu-biltzaileen esperoan. Fenomenoa hurbilagotik ulertu nahian, duela urte pare bat ahabi bilketan hasi eta saltzaileengana joan zen Brown bera: "Erosleak neurturiko ahabi oro erradioaktiboa zen –batzuk Ukrainan indarrean zegoen 450 becquerel (Bq) kiloko langatik anitzez gorago– baina dena erosi zigun hala ere. Zergatik eta nolatan galdetu nion neure buruari, Europar Batasuneko eta AEBetako estandarra kiloko 1.200 Bq dela jakin nuen arte. Langa gainditzen zutenak langaren azpian geratzen zirenei nahastuta legalki saldu zitzaketen –nahiz eta neurturiko ahabia batzuk kiloko 3.000 Bq-era heldu–. Nire harridurarako merkatuak onarturiko Txernobylgo erradiazioaren dispertsio deliberatu eta arautu hori deskubritzen nuen". 
30 kilometro inguruko espazio debekatu horrek milaka bizi salbatu dituela baieztatu arren, albo-kaltea ere ikusten dio brownek: perimetro horretatik harago izanda, kutsaduratik kanpo izatearen uste faltsua. Horrela garatzen du ideia: "Produktu erradiotoxikoak arriskutsuak dira giza-osasunerako, ez direlako ez egonkorrak ez geldoak. Etengabeko mugimenduan dira, modu oportunistan imitatzen dituzte organismoek bizitzeko behar dituzten elementuak. Landareek eta animaliek toxina erradioaktiboak hartzen dituzte, eta haiekin garraiatzen dituzte. Isotopo erradioaktiboak ur eta lur molekuletan finkatzen dira, korronteen poderioz ugaztunen digestio-hodietara ere hedatzen dira. Beraz muntatutako hesiak berehala gaindituak dira". Baina inguruko herrietakoei ez zaie azaldua izan, eta oihanetako, baratzeetako eta erreketako jakiak kontsumitzeari ez diote sekula utzi. Eta horrela esplikatzen dira minbiziari buruz dituzten datu anormalki altuak. 

Istripu horrek utzitako min guztiak ezin aipa; baina "likidatzaileak" deitu langileena ere memorian gorde beharrekoa dugu: 1986 eta 1992 urteen artean 500.000 eta 1.000.000 langile aritu ziren istripuaren perimetroan konponketa eta kutsadura kentze lanean. Istripua gertatu eta berehala igorri zuten bertara Natalia Manzurova ingeniari gaztea, katastrofearen inbentarioa egiteko. Lau urte eta erdi pasa zituen han, eta orduko lantaldetik gaur egun bizirik den bakarra da: "Babeserako arropa eta maskarak geneuzkan, baina lehen bi urteetan erradioaktibitatea hain zen indartsua, non gure aurpegiak beltzaranduak genituen. Gogoan dut ez genuela erradioaktibitatea neurtzeko tresnarik lanaren arriskugarritasuna ebaluatzeko. Hala ere, arriskuak ezagutzen genituen, eta eskuak ondo garbitzeari eta elikagaiak garbitzeari arreta jartzen genion. Baina nahikoa ote zen? Noski ezetz, nire taldeko kide guztiak minbiziak jota hil baitziren". Bizi den bakarra bada ere,  adi ondoko ñabardurari: "Heriotza-klinikoa izan dut, behin eta berriz buruko eta urdaileko minak ditut, eta tiroidea kendu didate. Eritzen hasi nintzenean, Txernobyldik itzuli eta hilabete gutxira, alabarekin bizi nintzen bakarrik. Eutsi beharra zegoen. Anitzetan jendea harritu egiten da ni oraindik bizirik nagoela ikustearekin. Erantzuten diet ikusten ez nautenean ohean sartuta naizela, erituta, eta gainontzeko egunetan sendatzen ahalegintzen naizela". 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.