argia.eus
INPRIMATU
2026ko maiatzaren 6a
Teknologia
Azpiegituren intersekzionalitatea

Mastodon.eus sarearen erabiltzaile batek “AI decomputing and the Interregnum” testua partekatu du, Dan McQuillan-ek idatzia. Oso iradokitzailea suertatu zait. Interregnum hitzarekin adierazi nahi da zaharra dena hil dela, baina berria jaio ezinean dabilela: “AAren jabeek AA etorkizuna dela sinetsarazi nahi digute, eta etorkizun horren ezaugarri izango direla produktibitate mugagabea eta gaixotasunen amaiera. Hala ere, interakziorako eta adimena simulatzeko izugarrizko gaitasuna izan arren, teknologia horiek etengabe uzten dute agerian ez dutela mundua ulertzen, eta ez dutela sen onik. Utopia teknologikoez berbetan aritu beharrean, baliagarriagoa litzaiguke AAren inguruan gertatzen ari dena arretaz begiratzea, ziurgabetasun garai hauetan botere hegemonikoek hartuko duten norabideak zelan eragin gaitzakeen ulertzeko” (Gramsci).

Gizarte esku-hartze eremuan, dio, gizakioi loturiko ezaugarri ezberdinak (generoa, klasea, maila kulturala, etnia, adina, sexu-orientazioa...) nahasten dira eta sortzen dituzte desberdintasun bakanak eta konplexuak, eta esku-hartzeak egin behar dira egoerak eragiten dituzten aldagai ezberdinak kontuan hartuta, eragile ezberdinekin elkarlanean.

McQuillan jaunaren testuak AAren azpiegiturei lotuta ere darabil intersezionalitate hitza, eta azpiegitura horiei loturiko zibernetika guztiak arazo sozial gainjarriak sortzen dituenez (kutsadura, bazterkeria, prekaritatea...), arazo horiei guztiei modu intersekzionalean aurre egin behar diegula dio, eragile ezberdinak elkarlanean.

Ohartarazten du subiranotasun teknologikoaren estrategiek, berez, ez dutela gaitasunik azpiegituren gaitasun kapitalista, ustiatzaile, arrazista eta patriarkala eragozteko. Gure gizarteetan, horiei aurre egiteko, alegia teknofaxismoari aurre egiteko, deskonputazioaren estrategia proposatzen du. Ideia ez da digitalitatea alde batera uztea, baizik eta dugun digitalitate hegemonikoa borrokatzeko estrategia multzoa uztartzea: desazkundea, desautomatizazioa eta bizikidetza.